HEZKUNTZA

EAEko hezkuntzan grebara joko dute irailaren 15ean

ELA, LAB, CCOO, UGT eta Steilas sindikatuek egin dute deialdia elkarrekin, eta hezkuntza osoari eragingo dio: sare publikoari eta itunpekoari. Salatu dute eskasak direla Eusko Jaurlaritzak hartutako neurriak, eta ez dituela langileak aintzat hartu.

Eskola bateko ikasgela bat, hutsik. JON URBE, FOKU
Garikoitz Goikoetxea - Maite Asensio Lozano
2020ko irailaren 3a
09:33
Entzun

Ikasturtea hasi eta astebetera, irailaren 15ean, grebara joko dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetan. Gaur goizean iragarri dutenez, elkarrekin grebara deitzekoak dira ordezkaritza duten bost sindikatuak: ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT. Gure ikastetxeetan aurrez aurreko itzulera segurua eta adostua lelopean, unibertsitateaz kanpoko hezkuntzan eragingo du deialdiak, sare publikoan zein itunpekoan. Sindikatuak oso haserre mintzatu dira Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eskoletara itzultzeari begira egin duen lanaz: Cristina Uriarteren taldeari leporatu diote kudeaketa «onartezina eta arduragabea» egitea, «berandu» aritzea, eragileekin ez adostea eta baliabideak ez zehaztea.

Azken asteetan Jaurlaritzaren neurriekin sindikatuek agertutako ezinegona berretsi du greba deialdiak. Batetik, salatu dute langileak eta hezkuntza eragileak kontuan hartu gabe aritu dela ikasturte hasiera prestatzen; besteak beste, ohartarazi dute Hezkuntza Sailak ez duela bilerarik egin sindikatuekin, nahiz eta beharginak maiatzean hasi ziren proposamenak egiten irailera begira. Bestetik, hartutako neurriak ere ahultzat eta nahasitzat jo dituzte. Adibide gisa jarri dute eskoletan hiru egoera orokor aurreikusi direla eta Hezkuntza Sailak ez duela zehaztu horietako zein dagoen indarrean uneotan. Nabarmendu dute, gainera, protokoloak «oso berandu» heldu direla, «azkena, langileak ikastetxeetara bueltatu baino hiru egin lehenago», eta «ardura zuzendaritzen gain» utzi duela gobernuak.

Era berean, mila irakasle gehiago kontratatzearen inguruan Jaurlaritzak joan den astean eginiko iragarpena «propaganda ariketa huts bat» dela uste dute sindikatuek: «Oso kopuru eskasa izateaz gain, albistea abuztuaren 28an eman zuten, kontratazioak jada itxita zeudenean, ratio jaitsierarik aurreikusi gabe, eta zein irizpideri erantzuten dioten argitu gabe». Gaineratu dute kontratazioak beste langile kolektiboetan ere areagotu behar liratekeela, ez soilik irakasleetan.

Edonola ere, sindikatuek adierazi dute irakaskuntza presentziala berreskuratzearen aldekoak direla, baina egungo osasun egoerara moldatuta eta segurtasuna bermatuta. Ildo horretan, hainbat eskaera egin dituzte, hala nola lan taldeak handitzea, ordezkapenak lehen egunetik betetzea, ikasleen ratioak jaistea (gehienez 10-15 ikasle gela bakoitzean), jantoki zerbitzua bermatzea (distantzia betetze aldera berrantolatuz), curriculuma osasun krisiak eragindako errealitateetara egokitzea (adibidez, dolua lantzeko edota irakaskuntza telematikoa jorratzeko), osasun arazoak dituzten langileak babestea eta arrakala sozialak desegiteko neurriak hartzea (tartean, euskarari lotutakoak).

Irailaren 15eko greba egunaz gain, beste bi mobilizazio ere iragarri dituzte: bihar bertan, kontzentrazioak egingo dituzte eskoletan, eta hilaren 10ean, 18:00etan, elkarretaratzeak egingo dituzte Hezkuntza ordezkaritzen aurrean. Sindikatuek ez dute baztertu greba deialdi gehiago egitea, eta ohartarazi dute Hezkuntza Sailaren bilera eskaera bat ez dela nahikoa izango lanuztea bertan behera uzteko: «Biltzea ez da nahikoa. Proposamenak eta planifikazioa nahi ditugu».

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeak datorren astelehenean dira ikasturteari ekitekoak; irakasleak jadanik lanean ari dira, hala ere. Hezkuntza Sailak, nolanahi ere, atzeratu egin du maila batzuetako ikasleen hasiera: DBHko hirugarren eta laugarren mailako ikasleak irailaren 15ean hasiko lirateke, baita Batxilergokoak ere —hain justu, egun horretarako antolatu dute greba—; Lanbide Heziketako ikasleen itzulera mailakatuagoa izango da, iraileko bigarren hamabostaldian.

Ikastolen oharra

Patronalei ere mintzatu zaizkie sindikatuak, eskatzeko langileen ordezkariekin «interlokuzioa» abiatzeko, eta ikastolek erantzun dute solaskidetza hori «zabalik» dutela. Ikastolen Elkarteak ohar bidez adierazi du elkarlanerako prest dagoela: «Kontingentzia planak eta ikastoletarako itzulera segururako neurri gehigarri guztiak adosten ari gara langileen ordezkariekin ikastolaz ikastola».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.