Inbestidura saioa

Iriartek pentsioen euskal sistema publikoa bultzatzeko asmoa adierazi du

«Pertsonak erdigunean jarriko dituen trantsizio feminista eta ekologista» aldarrikatu du EH Bilduren Eusko Jaurlaritzarako lehendakarigaiak. Herritarrei hitza emateko eskatu du.

Maddalen Iriarte EH Bilduren lehendakarigaia, Eusko Legebiltzarreko inbestidura saioan. JUANAN RUIZ / FOKU
Andoni Imaz.
2020ko irailaren 3a
10:53
Entzun

Eusko Jaurlaritzako lehendakaria izendatzeko inbestidura saioa egin dute gaur goizean Eusko Legebiltzarrean. Han, Maddalen Iriarte EH Bildu koalizioaren lehendakarigaia izan da hitz egiten lehena. EH Bilduk 21 eserleku eskuratu zituen iragan uztailaren 12ko hauteskundeetan, 2016an baino hiru gehiago. Arnaldo Otegi taldeko koordinatzaile nagusiak adierazi zuen «erantzukizun politikoagatik» aurkeztu dutela hautagaia; gainontzeko alderdiek adierazi izan dute ez dutela hura babestuko.

Goizeko hitzaldian, koronabirusak eragindako krisiari aurre egiteko proposamenak aurkeztu ditu Iriartek; besteak beste, hezkuntzan ratioak jaistea eta curriculumak moldatzea, osasungintzari diru gehiago ematea eta zerbitzu sozialak indartzea. Esan du EH Bildu prest dagoela «trantsizio feminista, ekologikoa eta pertsonak botere publikoen ekintzaren erdigunean jarriko dituena» abiatzeko. «Ekintzarako garaia da, politika egiteko modu berri batena», haren hitzetan.

Egungo krisiaz harago, hezkuntza eta osasungintza eraldatzeko asmoa adierazi du Iriartek: «Hezkuntzak izan behar du genero eta klase arrakalak gaindituko dituena». Hezkuntza euskaldun, eleaniztun eta inklusibo baten alde egingo dutela esan du, eta, osasungintzan, helburutzat jo du Europako gainontzeko herrialdeek duten gastu bera edo antzekoa izatea. Horretarako, 300 langile kontratatzea proposatu du, eta behin-behinekotasuna bukatzea, «Osakidetzako langileen %40 inguru» baitaude egoera horretan.

Zaintzak eta zerbitzu sozialak antolatzeko, «Euskal zerbitzu sozialen elkartea» sortzeko beharra nabarmendu du EH Bilduren lehendakarigaiak, aldundiek eta udalek parte hartuko duten erakunde bat.

«Kalitatezko enpleguaren aldeko herri ituna» ere bultzatu nahi du, eta 1.200 euroko gutxieneko soldata eta 35 orduko lan astea proposatu ditu. Gainera, kritikatu du jarduneko gobernuak ez duela harremanik izan sindikatu nagusiekin. Adierazi du prest duela euskal pentsio publikoen sistema sortzeko zirriborroa.

Lau proposamen ekonomiko egin ditu EH Bilduk: gastua berrikustea, soldata altuegiak jaitsi, diruaren banaketa justuago baterako; beharrizanen arabera, Europari funtsak eskatzea eta funts horiek kudeatzeko herri akordio bat sortzea; eta zergak berrikustea. Diru gehien irabazten dutenei «COVID tasa» ezartzea ere proposatu du, baita merkataritza gune handien gaineko zerga ere.

Zaldibarko zabortegiko hondamendiaz ere jardun da EH Bilduren lehendakarigaia. «Joaquin Beltranen gorpua aurkitzeko atsedenik gabe lanean jarraitu beharko da, eta erantzukizun politikoak argitu eta garbitu». Zabortegiak publiko egiteko prozesu bat abian jartzea proposatu du. Hain zuzen, Zaldibar Argitu plataformako kideek protesta egin dute parlamentuaren kanpoaldean.

Autogobernu «kaskarra»

Iriarteren arabera, krisiak erakutsi du Eusko Jaurlaritzaren autogobernua «kaskarra» dela. «Espainiak nahi duen arte eta nahi duen moduan kudeatzen dira Eusko Jaurlaritzaren eskumenak», esan du, eta burujabetzaren alde geroz eta jende gehiago dagoela adierazi du. Nabarmendu du burujabetza eta independentzia direla EH Bilduren apustua, eta etorkizuna demokratikoki aukeratzeko eskubidea aldarrikatu du. Adierazi du horren alde daudela legebiltzarkideen %70, eta galdeketa sustatu behar dutela.

Euskal presoak Euskal Herriratzeko eskatu du: «Gero eta ahots gehiago gero eta irmoago eskatzen ari dira euskal presoak berehala Euskal Herrira ekartzea, are gehiago COVID-19aren testuinguruan», azaldu du.

Administrazio euskalduna aldarrikatu du Iriartek, eta gogoan izan du 390 kazetarik baino gehiagok Eusko Jaurlaritzari eskatu diotela sailburu eta arduradun euskaldunak izendatzeko.

Kulturgintzarako larrialdi plan bat martxan jartzeko beharra dagoela san du; kulturgileak herriaren oinarria direla adierazi du, eta administrazioaren laguntza jaso behar dutela. Gainera, «atzerakada» nabari du euskal kulturaren transmisioan. «Anbizio eta determinazio falta» izan dute, haren ustean.

Joan Mari Torrealdai oroitu du hitzaldiaren azken zatian. Lorea Agirre Jakineko zuzendariak Torrealdai hil ostean idatzitako hitzak irakurri ditu Eusko Legebiltzarrean: «Torrealdai kontzientzia bat da. Kontzientzia bat kate bati eusteko, lotzeko bezainbeste hausturak eragiteko. Berritzeko, berrasmatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.