Eusko Jaurlaritza

Gotzone Sagardui izango da Osasun sailburua, eta Josu Erkoreka Segurtasunekoa

Sailburu berriak izango ditu Eusko Jaurlaritzak: Gotzone Sagarduirekin batera, Jokin Bildarratz (Hezkuntza), Olatz Garamendi (Gobernantza eta Autogobernua), Javier Hurtado (Turismoa, Merkataritza eta Kontsumoa) eta Idoia Mendia (Enplegua eta bigarren lehendakariordea). Bingen Zupiria izango da gobernuko bozeramailea. Euskaldunak dira bi sailburu ez gainerakoak.

Bingen Zupiria izango da gobernuko bozeramaile berria. DAVID AGUILAR /EFE
Edurne Begiristain.
2020ko irailaren 5a
15:01
Entzun

Lehenengo lehendakariordea. Segurtasuna: Josu Erkoreka Gervasio.
Bermeo (Bizkaia), 1960. EAJ. Gobernuko zutabe nagusietako bat izan da joan den legealdian, eta, orain, lehendakariorde ez ezik, Segurtasun sailburu ere izango da, Estefania Beltran de Herediaren ordez. Jaurlaritzaren ahotsa izateari utziko dio legealdi honetan. Zuzenbideko lizentziaduna da. Euskalduna da.

Bigarren lehendakariordea. Enplegua eta Lana: Idoia Mendia Cueva.
Bilbo, 1965. PSE. Zuzenbideko lizentziaduna. Barne sailburua izan zen Patxi Lopezen gobernuan, Rodolfo Aresek legealdiaren amaieran utzitako hutsunea betez, eta Justizia eta Administrazio Publikoko sailburu ere izan zen gobernu berean. Bizitza profesionala politikan garatu du 1993tik. PSEko idazkari nagusia da 2014tik, Patxi Lopezen ordez. Euskalduna da.

Gobernuko bozeramailea. Kultura eta Hizkuntza Politika: Bingen Zupiria Gorostidi.
Hernani (Gipuzkoa), 1961. EAJ. Bigarren legealdia du Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu gisa, eta Jaurlaritzako bozeramaile ere izango da hemendik aurrera. Ardanza lehendakariaren komunikazio arduradun eta ETBko zuzendari izana da, eta Deia egunkariaren zuzendaria ere. Euskal Filologiako lizentziaduna da. Euskalduna.

Ogasuna eta Ekononomia: Pedro Azpiazu Uriarte.
Bilbo, 1957. EAJ. Bigarren legealdia du karguan. Ekonomialaria da, eta aditua finantza, aurrekontu eta zerga politikan. Euskalduna.

Hezkuntza sailburua: Jokin Bildarratz Sorron.
Tolosa (Gipuzkoa), 1963. EAJ. 2013tik senataria da Espainiako Senatuan, EAJren bozeramailea. Tolosako alkate izan zen 2003tik 2011ra bitartean, eta Eudeleko presidentea 2007tik 2011ra. Irakasletzako diplomaduna da, Natur Zientzia atalean, eta Politika Zientzietako eta Soziologiako lizentziaduna ere bada. Euskalduna.

Gobernantza eta Autogobernua: Olatz Garamendi Landa.
Ea (Bizkaia), 1968. EAJ. Zuzenbideko lizentziaduna. Eusko Jaurlaritzako lege aholkularitza atalean arduradun izandakoa. 2012tik Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordea izan da Hezkuntza Sailean. Euskalduna.

Osasuna: Gotzone Sagardui Goikoetxea.
Bilbo, 1966. EAJ. Eusko Legebiltzarreko legebiltzarkidea da 2016tik, eta Garapen Ekonomikoko zinegotzia Bilboko Udalean 2017tik. Medikuntzako lizentziaduna da, eta IFASek Leioan (Bizkaia) duen zentroko asistentzia arduraduna da. Nekane Murga ordezkatuko du karguan. Euskalduna.

Ekonomia Garapena, Jasangarritasuna eta Ingurumena: Arantxa Tapia Otaegi.
Astigarraga (Gipuzkoa), 1963. EAJ. Industria ingeniaria da, eta hirugarren legealdian jarraian izango da Ekonomia Garapeneko sailburu. Joan den legealdian Azpiegitura Sailaren ardura ere izan zuen, baina gobernu berrian ez da ageri —Garraioaren ardura Arriolak izango du—. Tapiak Jasangarritasuna eta Ingurumen arloen ardura ere izango du orain; Ingurumen ardura Arriolak izan du aurreko legealdian. Euskalduna da Tapia.

Turismoa, Komertzioa eta Kontsumoa: Javier Hurtado Dominguez.
Madril (Espainia), 1981. PSE. Azpiegitura eta Mugikortasun diputatua da 2019tik Arabako Foru Aldundian. Zuzenbideko, eta Administrazioko eta Politika Zientzietako lizentziak ditu. Ez da euskalduna.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioak: Iñaki Arriola Lopez.
Eibar (Gipuzkoa), 1961. PSE-EE. Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio sailburu izan zen Patxi Lopezen gobernuan. Bizitza profesionala politikan garatu du 1983tik. Bigarren legealdia izango du gobernuan. Amaitu berri duen agintaldian, polemikoa izan da Zaldibarko auziaz egin duen kudeaketa, eta aurrerantzean ez du kudeatuko Ingurumen Saila. Euskalduna.

Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politikak: Beatriz Artolazabal Albeniz.
Gasteiz, 1970. EAJ. Bigarren legealdia izango du sailburu gisa. Joan den legealdian Enplegua eta Gizarte Politiketako ardura izan zuen. Ekonomia eta Enpresa Zientzietako lizentziaduna da, ekonomia atalean. 2016an lehen aldiz Jaurlaritzan sartu aurretik, Arabako Aldundiko Gizarte Zerbitzuen diputatu izan zen, eta aurretik, Osakidetzako ekonomia eta finantza zuzendaria. Ez da euskalduna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.