Jaiotza tasaren beherakadaren arrastoa nabari da ikasturte hasieran

Gaur itzuli dira ikasgeletara Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako HHko, LHko, DBH1eko eta DBH2ko ikasleak.

Ikaturte hasiera, Burlatako Askatasuna ikastetxean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2020ko irailaren 7a
11:53
Entzun

Iritsi da irailaren 7a, irakasle, ikasle eta guraso askok aspalditik buruan zeukaten eguna. Ikasgeletara itzultzeko eguna dute gaur Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren mailako ikasleek. DBH3koek, DBH4koek eta Batxilergokoek hilaren 15era arte itxaron beharko dute.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako haurrak ez dira itzultzen lehenengoak izan. Joan den astean egin zuten itzulera Nafarroako 69 ikastetxetan, eta gaur hasiko dira gainerakoetan; Ipar Euskal Herrian, berriz, irailaren 1ean ekin zieten eskolei.

Jaiotza tasaren beherakada nabaritzen hasi da eskoletan, ume gutxiago baitago. Batez ere, Haur Hezkuntzan nabarituko da eragina: aurreko ikasturtean, 75.874 ikasle zeuden; aurten, 73.090. Beraz, 2.784 haur gutxiago egongo dira etapa horretan 2020-2021eko ikasturtean, %3,7 gutxiago. Lehen Hezkuntzan, aldea txikiagoa izango da: aurtengo ikasturtean iazkoan baino 1.911 ume gutxiago egongo dira. DBHn eta Batxilergoan, oraindik ez da antzematen jaiotza tasaren jaitsiera.

Hezkuntza ereduari dagokionez, D eredua lekua irabazten ari da. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 238.407 ikaslek ikasiko dute eredu horretan, iazko ikasturtean baino 1.920k gehiagok. Nafarroan, B eta D ereduetako ikasle kopurua elkartuta eman dute. Aurtengo ikasturtean, 26.805 ikasle matrikulatu dira eredu horietan, iaz baino 671 gehiago. Halere, D ereduan arituko diren ikasleen ehunekoa pixka bat jaitsi da HHn Gipuzkoan.

Maskarak, gel hidroalkoholikoak, distantziak... Zalantzarik gabe COVID-19ak markatutakoa izango da 2020-2021eko ikasturtea. Neurriak estutuz joan dira uda igaro ahala. Azkenean, Hegoaldean, sei urtetik gorako haurrak maskarekin egongo dira; Iparraldean, 11 urtetik gorakoek jantzi beharko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.