Eskola garraioan, jantokietan eta garbiketan ere grebara joko dute hilaren 15ean

Grebara deitu dute ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek, zeinek ordezkaritza duten hezkuntza arloko azpikontratetan.

Eskola garraioa eta jantokiak defendatzeko LABek antolatutako elkarretaratzea, artxiboko irudian. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2020ko irailaren 8a
15:50
Entzun

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sare publikorako eta itunpekorako hilaren 15erako greba deialdia egin zuten ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek, eta, orain, iragarri dute hezkuntza arloko azpikontratek ere grebara joko dutela. Hezkuntza arloko azpikontratetan ordezkaritza dute ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek, eta haiek egin dute deialdia; garbiketa zerbitzuari, jantokiei eta garraioari eragingo die. Grebarako arrazoiak badituztela uste dute: «Deialdiaren arrazoia da ez dagoela negoziaziorik eta prebentzio eta segurtasun neurrien planifikaziorik, osasun alarma-egoeran, garbiketa, jantoki eta eskola garraioa bezalako eremu garrantzitsuetan». Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari dituzten eskaerak aintzat hartzeko eta eurekin negoziatzeko eskatzeko egin dute grebarako deialdia.

Garbiketa zerbitzuari dagokionez, sindikatuek ziurtatu dute kontratatu dituzten errefortzuak «eskasak» direla, eta ez direla nahikoa ehunka ikasle hartzen dituzten ikastetxeak desinfektatzeko. Gainera, haien hitzetan, gaixo daudenen bajak bete gabe daude oraindik.

Sindikatuen arabera, arazoak daude eskoletako jantokietan eta garraioan ere. «Ez dute negoziatzen aldizkako kontratu finkoak dituzten langile guztiekin, eta ez digute esaten nola antolatuko diren zerbitzuak». Sindikatuek argi dute baliabide gehiago behar dituztela, langile gehiago kontratatu behar dituztela, baita ratioak murriztu ere, zerbitzuak «seguruak eta kalitatezkoak» izateko.

Baliabide gehiago ez ezik, informazioa ere nahi dute: «Enpresek eta [Eusko Jaurlaritzako] Hezkuntza Sailak ez digute informaziorik eta erantzunik ematen. Gaur egun, milaka langilek ez dakite zer baldintzatan eta zer neurrirekin hasiko diren, hasten badira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.