Ingurumena

Kutsadurak zortzi heriotzatik bat eragiten du Europan

Europako Ingurumen Agentziak gaur argitaratutako txosten baten arabera, COVID-19aren pandemiak eragindako krisiak alarmak piztu beharko lituzke ingurumenaren eta osasunaren arteko harremanaren inguruan.

Madril, kutsaduraren azpian. EFE
2020ko irailaren 8a
19:25
Entzun

Europako Batasuneko herrialdeetako heriotzen %13k zerikusia daukate, era batera edo bestera, ingurumenaren kutsadurarekin. Hala ondorioztatu du Europako Ingurumenaren Agentziak. Hain zuzen ere, gaur argitaratu duen txostenaren arabera, zoonosi berrien agerpenak zerikusia dauka ingurumenaren hondatzearekin, eta elikadura sistema dela-eta, gizakien eta animalien artean dauden interakzioekin.

Txostenaren arabera, Europan 630.000 heriotza lotu daitezke kutsadurarekin. Gehienbat airearen poluzioa da eragile nagusia: 400.000 heriotza eragiten ditu. Haren atzetik doaz kutsadura kimikoa eta akustikoa. Aldi berean, klima aldaketari ere egotzi dizkio gero eta heriotza gehiago, bereziki bero boladek eragindakoak.

Alde handiak daude herrialdeen artean. Kaltetuenak Europako ekialdeko herrialdeak dira. Esate baterako, Errumanian bost heriotzatik bat eragiten du kutsadurak. Iparraldeko herrialdeetan -Suedian eta Danimarkan, besteak beste-, hamar heriotzatik baten eragilea da. Bereziki, kutsadurak minbiziak eta gaitz kardiobaskularrak eragiten ditu Europan, ingurumen agentziaren arabera, eta gogorarazi du herritar pobreenak direla kalteberagoak, batetik, hotzaren eta beroaren aurrean babesteko aukera gutxiago dituztelako; eta, bestetik, auzorik kutsatuenetan bizi direlako.

Uraren egoera, hobera

Txostenak azpimarratu du uraren kalitatea hobetzen ari dela. Ildo horretatik, aztertu dituzten lekuen %85 bikaina da ura bainurako. Lur azpiko uren kasuan, %74k egoera kimiko ona dute edateko. Ingurumen agentziak eskatu du hiriguneetan eremu berdeen eta zuhaitzen aldeko apustua indartu egin behar dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.