Antzerkia

Atx konpainiak Donostia Antzerki saria jaso du Viktoria Eugenia antzokian eginiko ekitaldian

'7ak bat' antzezlana antzerki konpainia profesional batek euskaraz eta helduentzat iaz taularatutako antzezlanik onena izan zen, epaimahaiaren ustez. Martxoaren 27an jaso behar zuten saria, baina konfinamenduak galarazi zuen.

jarraia186602.jpg
BERRIA
2020ko irailaren 8a
21:25
Entzun

Azkenean, bai. Antzerki munduak konfinamendu neurrien eraginez jasotako kolpea gaindituko duenaren erakusgarri izan daiteke astearte iluntzean Donostiako Viktoria Eugenia antzokian gertaturikoa. Atx konpainiak XX. Donostia Antzerki saria jaso du, 7ak bat antzezlanarengatik. Otsailean zabaldu zuen erabakia epaimahaiak, eta martxoaren 27an egin behar zuten ekitaldia. Azkenean, koronabirusak eragindako egoera tartean, sei hilabete geroago heldu da saria antzerkigileen eskuetara.

Taldeak 12.000 euro eta Amable Ariasen artelan bat jaso ditu. Ekitaldiaren ondoren, antzezlana taularatu dute.

Zazpi bekatu kapitalen ideian oinarritzen da lan saritua, eta, epaimahaiaren arabera, gizakiaren gaiztakeriari buruzko «satira ausart, fresko eta dibertigarria» da. Elkarlanean sorturiko lana da, eta horrek sinesgarritasuna eta indarra ematen dio, epaileen aburuz. Iñigo Aranburuk (Euskal Aktoreen Batasuna), Maider Galarzak (EHAZE), Frank Suarezek (Euskal Kultur Erakundea), Arantxa Moñuxek (AISGE), Arantzazu Fernandezek (antzerki kritikaria) eta Harri Belokik nahiz Edurne Soraluzek (publikoaren ordezkariak) osatu zuten epaimahaia. Minimalista da 7ak bat, agertokian ez du baliabide edo apaingarri handirik jartzen, eta, halere, lortu egiten du ikuslea istorioan sartzea.

«Nondik dator gizakiaren gaiztakeria? Berezkoa da? Ekidinezina da?». Halako galderei erantzun nahi die antzezlanak. «Satira feminista» gisa definitu du konpainiak. Bekatuaren ideia hartzen dute pertsonaiek, eta Frankenstein doktoreak bezala, zazpi atalekin, «munstro» bat sortzen dute. «Guztiok alfonbra azpian ezkutatu ohi duguna, agerian geratuko da».

Esti Villa, Aiora Sedano eta Mirian K. Martxante aktoreek antzezten dute istorioa.

Hurrengoan, urriaren 23an ikusi ahalko da Pasaiako Umorezko Antzerki Jardunaldietan (Gipuzkoa). Bilbon taularatuko dute azaroaren 25ean, Bizkaia Aretoan, eta, hiru egun geroago, Barakaldo Antzokian (Bizkaia).

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.