Irailaren 19an mobilizatzera deitu dute Bakegileek

Elkarretaratzeak antolatuko dituzte Ipar Euskal Herri osoan, eta hiru autokarabana abiatuko dira Baionako suprefektura aitzinean elkartzeko. Bertan, «bateratze masiboa» eginen dute arratsalde hasieran, Frantziari argi uzteko «ulertu ez duten herriaren borondatea».

Bakegileen prentsaurrekoa, gaur goizean, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2020ko irailaren 9a
13:11
Entzun

Joan den ekainean «estrategia berria» iragarri ondotik, heldu den irailaren 19rako mobilizazio egunera deitu dute bakegileek gaur goizean Baionan. Hiru momentu izanen ditu: goizean, elkarretaratzeak eginen dituzte Ipar Euskal Herri osoan 11:00etatik 13:00era; ondoren, 12:30etatik 14:30era autokarabanak abiatuko dira Maule, Donibane Garazi eta Hendaiatik. Horiek guziak Baionako suprefektura aitzinean elkartuko dira. Bertan izanen da «inflexio puntua». «Bake prozesuan sinesten dugu», adierazi du Mixel Berhokoirigoin Bakegileak, «gobernuei sinetsarazi nahi diegu ez dela beste biderik».

Berhokoirigoinek erran du «urrats handiak» egin direla azken urteetan, baina, ez direla «osoki bururaino» eramanak izan. «Bada sobera denbora prozesua geldirik dela». Unea «larria» dela erran du, «arriskutsua». Horren adierazle da, haren hitzetan, Igor Gonzalez Sola euskal presoaren heriotza, eta adierazi du «ekidin» zitekeela. Abisatu du Frantziako presondegietan ere arrisku bera dagoela, «bereziki prokuradoreen jarrera probokatzailearen» ondorioz. «Ez dugu onartzen erratea ez dela besterik egiten ahal, justizia independentea dela. Ardura osoa [Frantziako] Gobernuarena da». Oroitarazi du harek erabakitzen duela politika penala, eta fiskaltzari instrukzio orokorrak eman diezazkiokeela, Euskal Herrian izandako aldaketa politikoak kontuan har ditzan. «Ez dugu besterik eskatzen»

Irailaren 19aren inguruan, hiru hitzordu juridiko izanen direla oroitarazi du Anaiz Funosas Bake Bideako presidenteak, Jakes Esnal, Jon Kepa Parot eta Frederic Haranburu Xistor euskal presoen baldintzapeko askatasun eskaerei lotuak. «Bide juridikoek erakutsiko digute agortuak direla?» galdetu du Funosasek. Hala bada, bide politikoei soilik lotzen ahalko direla ondorioztatuko dutela adierazi du. Berhokoirigoinek ekarri du zehaztapena: «Orain arte ukan dugu esperantza, eta sinetsi dugu, bide juridikoek aterabide bat eskaintzen ahalko zutela. Momentu batean, eta orain ere, hori sinets genezake ikusita epaileek zer erantzun ematen dieten baldintzapean aske uzteko eskaerei. Baina fiskaltzaren jarrera hor da beti. Beraz, behar dugu kontuan hartu guziei inposatzen zaigun errealitatea: bide juridiko hori, elementu interesgarriak ematen baditu ere, aterabide gabeko bidea da. Ez horrekin nehor presondegitik aterako. Ondoko egunetan konfirmatzen bada, hori integratu beharko dugu». Ondorioz, bide politikoa baizik ez da geldituko: «gure hitzak eta ekintzak botere politikoari buruz itzuliko dira, eta batez ere Frantziako presidenteari buruz. Beste bideak agortuak badira, berak du eskuetan gakoa».

Justizia ministerioa

Uztailahasieran, Frantziako Gobernuan aldaketak egin zituen Emmanuel Macron presidenteak, eta Eric Dupont Moretti abokatuak Justizia ministro kargua. Bakegileek jakinarazi dute hitzordu eskaera helarazia diotela, baina oraingoz ez dutela erantzunik ukan. Hala ere, argi utzi nahi izan dute ez diela horrek markatzen agenda.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.