Igartza Saria

Maddi Ane Txoperena Iribarrenek irabazi du Igartza saria

Haurtzaroan sexu abusua jasan duen emakume bat izango du protagonista Ez erran inori eleberriak. Haren gaztaroan eta helduaroan kokatuko da narrazioa, eta erasoaren luzaroko eraginak agertuko ditu

Maddi Ane Txoperenak aurten kaleratu du bere aurreneko eleberria. GORKA RUBIO / FOKU
amaia igartua aristondo
2020ko irailaren 10a
12:59
Entzun

Maddi Ane Txoperena Iribarren idazle, bertsolari eta BERRIAko kazetariak XXIII. Igartza saria irabazi du, Ez erran inori nobela proiektuari esker. Haurtzaroko sexu erasoen gaia jorratuko du eleberrian, «pil-pilean» dagoena, baina, era berean, «tabua» ere badena, autoreak irabazlea iragartzeko prentsaurrekoan azpimarratu duenez. Hamasei eleberri proiekturen artean gailendu da Txoperena Iribarrenena, Garazi Kamiok, Irati Jimenezek eta Ana Jakak osatutako epaimahaiak hala erabakita.

Haurtzaroan sufritu zuen erasoa Lide protagonistak, baina eleberria haren gaztaroan eta helduaroan kokatuko da batez ere, jazoerak luzera begira eragin dizkion ondorioak agertzeko. Izan ere, sexu erasoak jasan dituztenetan «ahanztura, isiltasuna eta erruduntasuna» errepikatu egiten direla azaldu du Txoperena Iribarrenek, eta horietan «arakatu» nahi du fikzioaren bitartez. Egoera bizi izan duen jende «gutxi» ezagutzen dela esan du autoreak, nahiz eta, estatistiken arabera, «bost umetik batek» sufritu dituen sexu erasoak. «Azkenaldian asko hitz egin da Elizan gertatutakoez. Baina estatistika berberek diote gehienak familian edo ingurune hurbilean gertatzen direla».

Ingurune hurbilean gertatzen direnez mintzatuko da Ez erran inori, ezagun batek erasoko baitio Lideri. Gainera, Donapaleun (Nafarroa Beherea) jazoko da erasoa, eta horrek egoera «zailduko» du: «Herri txikietan, mundu guztiak ezagutzen du elkar». Euskal Herrian kokatu du narrazioa, besteak beste, halako kasuak hemen gertatzen ez direla pentsatzeko «tentazioa» egoten delako, autorearen ustez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.