memoria historikoa

105 urteko Isabel Etxeberria Gorriti omendu dute Llançako eta Getariako udalek

Irakaslea zen ogibidez, eta frankismoaren bazterketa jasan zuen gerra ostean, euskararen aldeko jarrera izateagatik. Aranzadi elkarteak ikertu du haren jarduna.

Iosu Alberdi.
2020ko irailaren 12a
14:21
Entzun

Getariako (Gipuzkoa) eta Llançako (Herrialde Katalanak) udalek omenaldi bat egin diote 105 urteko Isabel Etxeberria Gorritiri, Llançan, «hezkuntzari eginiko ekarpena omentzeko eta gobernu frankistak eragindako bazterketa erreparatzeko». Bigarren Errepublikaren garaian ekin zion irakasle lanari, eta, gerra amaituta, Euskal Herrian bazterketa jasan ostean, Kataluniako kostako herria hartu zuen bizitoki.

«Omenaldi hau erreparazio egitasmo txiki bat da, garai hartan sufritutako guztiagatik. Bizitzeko Euskal Herritik Kataluniara irten behar izan zenuen, gobernu legitimo batek esleitutako postu bat izan eta gobernu autoritario eta diktatorial batek kendu zizunean». Ione Zuloaga Muxika Aranzadiko ikertzaileak omenaldian esanitako hitzak dira horiek.

1915. urtean jaio zen, Donostian, eta 16 urte zituen Bigarren Errepublikaren aldarrikapena «ospatu» zuenean. Garai berri haietan bere aletxoa jartzeko asmoz, eta herritarren alfabetizazioa helburu, magisteritzako ikasketak egin zituen. 1935ean hasi zen irakasle gisa lanean, Quintanilla de la Riberan (Araba), eta, gerra betean, 1937ko irailean, Getariara lekualdatu zuten. Bi urte egin zituen kofradiako eskolan,  postutik kendu zuten arte, soldadu frankista ohi bat jartzeko. «Ikasle batzuek oraindik gogoratzen dute kalkulurik egiten ez zekien soldadu frankista ohi hura. Ez zegoen prestatua irakasle izateko», azaldu du Zuloagak. 

Gipuzkoako herri hartan eginiko epea luzea ez izanagatik ere, ongi gogoan du, eta bere alaba Mayra Farekin herria eta orduko hainbat ikasle bisitatu zituen duela gutxi. Faren esanetan, «orain lasai hil naiteke» bota zuen, herriko eliza 80 urte eta gero berriz ikustean.

Getaria utzita, hurrengo sei urteak Gabiriako (Gipuzkoa) eskolan egin zituen, euskararen aldeko jarreraren eraginez kaleratu zuten arte. Zehazki, gobernu frankistak bidalitako ikuskapen bat dago kaleratze haren atzean. Etxeberriak Aranzadiri azaldu dionez, inspektore batek ikasle bati Ave Maria esateko agindu, eta hark euskaraz errezitatu zuen. Horrek «amorrarazi» egin zuen hura. Hala, irakasle postuetarako eginiko konkurtsoan, Llança egokitu zitzaion, eta «Mediterraneoko Getariarako» bidea hartu zuen. Han jardun zuen lanean, 1980an erretiroa hartu zuen arte.

Haritik tiraka

Aranzadik eta Getariako Udalak eginiko Getaria 1936-1945: giza eskubideen urrapena eta errepresioa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoan ikerketaren harira azaleratu da Etxeberriaren kasua. Hala, Ione Zuloaga ikertzailea izan da lehen elkarrizketa egin eta haren bizipenak dokumentatzeaz arduratu diren kideetako bat: «Asko zuen kontatzeko; mende oso bat bizi izan du».

Zuloagak Etxeberriak eginiko lana eskertu duen bezala, haren alaba Mayra Fak Aranzadirena eskertu du: «Egin zioten elkarrizketari esker jakin ahal izan ditut gauza asko». Izan ere, beste kasu askotan bezala, gerra garaiaz eta frankismoaren lehen urteez «gutxi» hitz egin dute etxean. Emakume «isil» gisa definitzen du ama, baina galdetuz gero erantzunak ematen dituena. Izan ere, 105 urte izanagatik ere,  Etxeberria «sasoiko» dago, eta, Faren esanetan, haren «elefante memorii» pieza garrantzitsua izan da gaurdaino iristeko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.