Politika

EH Bildu Pablo Iglesiasekin bilduko da asteazkenean aurrekontuez hitz egiteko

Otegik Sanchezi ohartarazi dio Ciudadanosekin negoziatuz gero EH Bildurekin ez duela akordiorik lortuko.

Mertxe Aizpurua eta Pablo Iglesias elkar agurtzen Espainiako Kongresuan. JUAN CARLOS IDALGO/ EFE
2020ko irailaren 15a
11:41
Entzun

EH Bilduko diputatu Mertxe Aizpurua Pablo Iglesias Espainiako Gobernuko bigarren presidenteordearekin bilduko da bihar, Espainiako Gobernuko aurrekontuak negoziatzeko. Datorren astean, berriz, Carmen Calvo gobernuko lehen presidenteordearekin izango du bilera. Hala baieztatu du gaur goizean Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak Radio Euskadi irratian. Berretsi du koalizioa prest dagoela aurrekontuen inguruan akordioa lortzeko, baina ohartarazi du akordio hori soilik posible izango dela Pedro Sanchezek bere inbestidura ahalbidetu zuten taldeen babesa bilatzen badu. Ciudadanos ekuazio horretan sartuz gero, Otegik esan du inbestidurako blokea apurtuko dela, alderdi horren politikak eta EH Bildurenak «erabat bateraezinak» direlako.

Aurrekontuak negoziatzeko hiru lehentasun jarri ditu EH Bilduk: lurralde auziari «irtenbide demokratikoa» ematea, krisialdi ekonomikoari irtenbidea ematea langileak kaltetu gabe, eta «salbuespenezko espetxe politika» amaitzea. Aizpuruak hiru baldintza horiek jarriko dizkio mahai gainean bihar Iglesiasi.

Espainiako Gobernuarenak ez ezik, EH Bilduk Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren aurrekontuak negoziatzeko borondatea ere baduela azpimarratu du Otegik. Aitzitik, aitortu du «oso zail» ikusten duela Jaurlaritzaren aurrekontuen gainean akordioa lortzea, EAJk ea PSEk  gehiengo osoa dutelako eta «harrokeria politikoa» erakusten dutelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.