Sindikatuen arabera, %70eko erantzuna du hezkuntzako grebak

Grebaren oihartzunagatik balorazio ona egin dute sindikatuek. Manifestazioak egin dituzte hiriburuetan, eskolarako itzulera «segurua» aldarrikatzeko. Jaurlaritzak parte hartze baxuagoa zenbatu du: %41,9koa.

Greba deitu duten sindikatuek joan den astean antolatutako elkarretaratzea.
Greba deitu duten sindikatuek joan den astean antolatutako elkarretaratzea. Aritz Loiola/FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Maria Ortega Zubiate -

2020ko irailak 15

Grebara deituta daude gaur Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako unibertsitatez kanpoko hezkuntzako langileak. Sindikatu guztiek egin dute deia elkarrekin —ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT—, eta haiek bidalitako oharraren arabera, deitutakoen %70ek parte hartu dute. Manifestazioak egin dituzte Bilbon, Donostian eta Gasteizen, eta hezkuntzako langileek ez ezik, parte hartu dute ikasle eta guraso talde batzuek ere. Eusko Jaurlaritzak parte hartzeari buruzko datu apalagoa eman du: %41,9koa, eskolen %89ren datuak jasota.

Irati Tobar LABeko ordezkariak grebaren balorazio ona egin du: «jarraipen oso zabala» izan du, haren esanetan. Tobarrek nabarmendu du aldarrikapen «oso zehatzak» dituztela: ratioak jaistea eta langile gehiago kontratatzea, besteak beste. 

Atzo argitaratu zuen Eusko Jaurlaritzak gaurko gutxieneko zerbitzuak ezartzeko agindua, eta aurrekoetan baino handiagoak dira. Grebara atxikitako ikastetxe edo eraikin bakoitzean pertsona hauek egon beharko dute: zuzendaritzako kide batek; mendekoen kidegoko langile batek goizean, eta beste batek arratsaldean; eta COVID-19aren koordinatzaileak.

Gainera, «babesa eta segurtasuna bermatzeko», etapa bakoitzeko irakasle batek joan beharko du ikastetxera, eta, haur eskoletan, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan, etapa bakoitzean matrikulatutako ehun ikasleko bi irakasle gehiago jarriko dituzte etapako. 200 ikasletik gora direnean, beste bi, eta horrela jokatuko dute ehun ikasle gehiago dauden bakoitzean. Hezkuntza bereziko eskoletan eta hezkuntza bereziko gela egonkorretan, gutxieneko zerbitzuak %75ekoak dira.

Ikastetxeetan eskaintzen diren beste zerbitzuei dagokienez, garbiketako langileen %100 bertaratzea «ezinbestekoa» izango da, Jaurlaritzak argitaratu duen arauaren arabera. Jantoki zerbitzua ere bermatuta egongo da. Horretarako, gutxieneko zerbitzu hauek ezarri dituzte: sukaldeko langileen %10; begirale bat 2 urteko bederatzi jankideko; begirale bat 3 urteko hamabost jankideko; begiraleen %10 4 eta 5 urteko umeentzat; eta behar bereziak dituztenentzat, «elikadura beharrak asetzeko» behar den gutxieneko begirale kopurua.

Sindikatuak kexu agertu dira gutxieneko zerbitzuak areagotzearekin: «greba eskubidearen urraketa larri bat» dela uste dute, eta ohar batean azpimarratu dute aztertzen ari direla gutxieneko zerbitzuen agindua epaitegietara eramatea.

«Gobernuak bat egiten du hezkuntza komunitatearen ezinegonarekin»

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak aitortu du grebak «erantzun zabala» izan duela, eta ulerbera azaldu da hezkuntza komunitatearen «kezkarekin eta ezinegonarekin». Nabarmendu du hezkuntza komunitate osoak lehentasun gisa hartzen duela aurrez aurreko hezkuntzarekin, eta Jaurlaritzak ere horixe duela helburu. Hortaz, ohartarazi du «komunitate zentzua» izan beharko dela, eta elkarrekin lan egin beharko dutela familiek, irakasleek eta administrazioak.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Lehen Hezkuntzako bi ikasle, etxean konfinatuta. ©KAI FOSTERLING / EFE

«Badaezpada, denak etxera»

Ion Orzaiz

Ikasturtea hasi zenetik, ehunka ikasgela itxi dituzte Euskal Herrian. Kontziliaziorako zailtasunak eta informaziorik eza salatu dituzte konfinatutako ikasleen gurasoek.

Ikastolen jaiak omendu dituzte gaur Agurainen. ©Ikastolen Elkartea

Ikastolek baliabideak eskatu dituzte pandemiaren ikasturteari heldu ahal izateko

Edurne Begiristain

Ikastolen ikasturte hasiera ekitaldia egin dute Agurainen (Araba). Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak eskua luzatu die akordioak lortzeko.

PCR probak egiten Donostiako ospitalean ©Idoia Zabaleta/ Foku

Positiboen kopuruak gora egin du Hegoaldean: 750 kasu.

Edurne Begiristain

Bezperako datuekin alderatuta, 53 kasu gehiago atzeman dituzte.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna