Japonia

Yoshihide Suga aukeratu dute Japoniako lehen ministro

Orain arteko gobernuburuaren alderdikideak parlamentuko bi herenen babesa jaso du.

Yoshihide Suga, Japoniako lehen ministro aukeratu berritan. KIMIMASA MAYAMA, EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko irailaren 16a
09:33
Entzun

Japoniako Parlamentuak berretsi egin du LDP Alderdi Demokratiko Liberalak hartutako erabakia, alegia, Yoshihide Suga izendatzea Shinzo Aberen ordezko. Astelehenean izendatu zuen alderdiak Suga idazkaritza nagusirako, eta LDPk gehiengo zabala duenez legebiltzarrean, erraz lortu ditu Sugak lehen ministro kargurako behar zituen sostenguak.

Aberen alderdikidea izan arren, Suga ez da elite politikoko kidea. Aberen gobernuan hainbat kargu izan ditu Sugak, tartean gobernuko eledunarena, eta maiz agertu izan da prentsaurrekoetan ere, batez ere azken hilabeteetan, lehen ministroaren osasunak okerrera egin zuenetik. Gobernuburu berriak dagoeneko iragarri du Abek hasitako politikei eutsiko diela, baina baita beste batzuk bultzatuko dituela ere; besteak beste, erreforma burokratikoak eta nekazaritza eremuentzako laguntza politikak.

Gobernu berriak koronabirusak eragindako osasun krisiari eta gainbehera ekonomikoari egin beharko dio aurre. Munduko hirugarren ekonomia boteretsuenak %27,8 egin du behera apirila eta ekaina bitartean, batez ere pandemiari lotutako itxialdiaren ondorioz. Osasun arloan, berriz, COVID-19ak gogor jo du herrialdean, eta gaur arte 76.000 kasu eta 1.400 hildako eragin ditu.

Sugak gaur arratsaldean iragarriko du kabinete berria nork osatuko duen. Dena den, haietako batzuk dagoeneko ezagunak dira; besteak beste, Taro Aso izango da Ekonomia ministroa eta lehen ministrordea. 2008an, alderdiko buru eta lehen ministrorako hautagai izendatu zuen LDPk Aso, baina hauteskundeak galdu zituzten, eta oposizioburu aritu zen hiru urtean. Harekin batera arituko da Nobuo Kishi, Defentsa ministro lanetan. Aberen anaia da Kishi; kontserbadorea da hura bezala eta Konstituzioa aldatzearen aldekoa, Japoniak «bere burua defendatzeko baliabide guztiak» izan ditzan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.