Hamahiru kasu atzeman dituzte Baionako eta Angeluko unibertsitatean

Paueko eta Aturri Herrialdeetako Unibertsitateak bigarren fasera pasatu beharko luke datozen egunetan.

Baionako campusa. ISABELLE MIQUELESTORENA
Oihana Teyseyre Koskarat.
2020ko irailaren 16a
14:37
Entzun

Iragan astean egin zuten sartzea milaka ikaslek Baionako eta Angeluko (Lapurdi) campusetan. Unibertsitatea martxotik egon zen itxita, eta berriz zabaldu zuten sartzea egiteko. Maskara derrigorrezkoa da ikasle eta irakasle guztientzat, eta klaseez kanpoko aktibitateak debekatu dituzte. Alta, aste bakarrean jadanik hamahiru ikasle kutsatu dira Ipar Euskal Herrian. Paueko eta Aturri Herrialdeetako unibertsitateko Mohamed Amara lehendakariak bigarren fasera pasatzeko agiria izenpetu behar luke aste honen bukaeran, France Bleu irratiak jakinarazi duenez. 

Bigarren fasea aktibatuta, antolaketan zenbait aldaketa gertatuko dira. Ordutegiak zabaltzeko eskubidea izango du lehendakariak: 22:00 arte eman ditzakete klaseak. Bestalde, larunbatetan ere kurtsoak ematen ahalko lituzkete. Halaber, klase ez-presentzialak ere emateko antolatu beharko dute irakasle eta ikasleek. Ez dakite oraindik zer sistema ezarriko duten martxan; astekakoa izan daitekeela azaldu du Amarak, prentsan.

BERRIAk jakin duenez, irakasle zenbaitek salatu dute ez direla erabakien jakinean, eta Amarari leporatu diote soilik prentsan komunikatu izana. Baionako unibertsitateko irakasleek bihar eginen dute bilera, datozen egun eta asteetako antolaketa finkatzeko. Ikasleengan ere kezka piztu da, klase ez-presentzialak egiteko baliabide eskasiarengatik batez ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.