Katalunia

Torrak ez du hauteskundeetara deituko inhabilitatua izan aurretik

Kataluniako presidenteak gaineratu du ez dela "oztopo bat" izango Espainiako Auzitegi Gorenak bere kontrako epaia berresten badu. Gorenak goizean egin du erabakia aztertzen hasi aurreko azken auzi saioa.

Quim Torra Generalitateko presidentea. QUIQE GARCIA, EFE
Arantxa Elizegi Egilegor - Gorka Berasategi Otamendi
2020ko irailaren 17a
08:06
Entzun

Quim Torra Kataluniako presidenteak hedabideen aurrean hitz egin du, Espainiako Auzitegi Gorenak bera inhabilitatu ala ez erabaki aurreko azken auzi saioa amaitu eta minutu gutxira. Torrak ohartarazi duenez, Gorenak bera inhabilitatzeko "erabaki arduragabea" hartzen badu, "Espainiako Estatua izango da errudun bakarra". Presidenteak gaineratu du ez dela bera izango herrialdeak koronabirusaren pandemiarengatik bizi duen "une hain kritikoan" hauteskundeetara deituko duena, horrek Kataluniako administrazioa geldiaraziko lukeelako. Aldi berean, adierazi du ez dela prozesu "oztopo bat" izango, eta ez duela "inolako anbizio pertsonalik" Kataluniako independentzia lortzeko "proiektu kolektiboaren gainetik".

Torrak kontraesan batean ikusten du Espainiako Estatua: batetik, "bere burua aurrerakoitzat daukan" Espainiako Gobernu bat dela esan du, baina, bestetik, egoera politikoak eta judizialak bere horretan jarraitzen duela Mariano Rajoyren gobernuaz geroztik. "Berehalako zuzenketa irmo bat egin ezean, Espainiak bere porrota baieztatuko du Europako estatu moderno gisa", adierazi du. Haren esanetan, Kataluniako herritarrek bi aukera dituzte: "Europan lotsa eragiten duen Espainia erregezale baten gainbehera ala oinarri zibikoen gainean eraikitako Kataluniako Errepublika".

Espainiako Auzitegi Gorenak Kataluniako presidentea inhabilitatuko balu, egoerak hauteskundeak behartu litzake. Orain arte, beste presidenterik ez izendatzearen alde agertu dira alderdi independentistak, eta, beraz, araudiak aurreikusitako epeak amaitutakoan, Kataluniako Parlamentua automatikoki desegingo litzateke.

Iazko apirileko Kataluniako bozen harira politikari presoen aldeko xingolak «garaiz» ez kentzeagatik, Kataluniako Justizia Auzitegiak Quim Torra Generalitateko presidentea urte eta erdiko inhabilitazioa eta 30.000 euroko isunarekin zigortu zuen. Hark, baina, helegitea jarri zion erabakiari, eta Espainiako Auzitegi Gorenak izango du auziari buruzko azken hitza. Aurreko erabakia berretsiko balu, irmoa izango litzateke, eta berehala sartuko litzateke indarrean; dena den, Generalitateko buruak Konstituzionalera jotzeko aukera izango luke oraindik.

Europako zuzenbideari begira

Eguerdian hasi da auzi saioa Gorenean. Aldeak bildu dira epaimahaiaren aurrean. Quim Torra Kataluniako presidentearen defentsa, batetik, Gonzalo Boye abokatua buru, eta Espainiako Fiskaltza eta Vox eskuin muturreko alderdiren herri akusazioa bestetik. Boyek Kataluniako Auzitegi Nagusiaren epaia baliogabetzeko helegitea aletu du. Hura aintzat ez hartzeko eskatu diete akusazioek Goreneko magistratuei.

Gonzalo Boye abokatuak argudiatu du adierazpen askatasunak babesten duela Torrak xingola horiak eta Preso politikoak, askatasuna zioen pankarta Generalitatearen jauregian jarri izana, eta Kataluniako Auzitegi Nagusiak jarri zion zigorra «neurrigabea» izan zela.

Horrez gain, defentsa abokatuak Gorenari eskatu dio bideratu ditzala epaitu aurreko zenbait galdera Europako Batasuneko Justizia Auzitegira, hark argitu dezan zilegi izan ote litekeen Torra Europako Parlamenturako bozetarako inhabilitatzea, eta ez ote den gehiegizkoa neurri hori xingola batzuk eta pankarta bat kentzeari uko egiteagatik. Boyeren esanetan, Torraren kasuan ez dira ezarri "Europako zuzenbidearen irizpideak". Hala, ohartarazi du auzitegiak defentsaren helegitea onartzen ez badu "beste gatazka juridiko baten hasiera" izango dela, Europara joko dutelako. Erantzun "arduratsua" eskatu dio epaimahaiari. "Sententzia on bat denboraren joana eta helegiteen pisua jasaten duena da".

Auzi saiora sartu aurretik egin dituen adierazpenetan ere Europako zuzenbidearen garrantzia nabarmendu du. "Orain arte ez dugu sekula ere galdu: beti irabazi baitugu Europan. Espainia Europako Batasuneko kide da eta, beraz, prozesu hau Europako erakunde judizialetan amaitzen da".

Boyek ziurtatu du Espainiako Hauteskunde Batzordeak ez duela eskumenik Torrari pankarta eta xingola horiak erretiratzea agindu ahal izateko. Erakunde horren eta Kataluniako Auzitegi Nagusiaren "lerrotzea" ere salatu du.

Fiskaltzak eta Voxen herri akusazioak, berriz, nabarmendu dute Gorenak ez duela inolako beharrik epaitu aurreko arazorik aztertzeko. Gaineratu dute horretarako ezinbesteko baldintza dela epaimahaiak arau baten edo haren aplikazioaren inguruko "zalantzak" izatea, eta Torraren auzia "argia" dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.