Suteak

Kontrolatu dute Longidako sutea

Atzo pinutegi batean sortutako suak 170 hektarea erre ditu, hasieran uste zuten baino gutxiago. Guneak 4.000 hektarea ditu, zuhaitz askokoa da, eta hondamendi bat gertatzeko beldurra zuten suhiltzaileek.

Longidako (Nafarroa) sutea, atzo, Elebarri mendiaren magalean. NAFARROAKO SUHILTZAILEAK
2020ko irailaren 18a
11:06
Entzun

Atzo eguerdian Longidan (Nafarroa) sortutako suteak indarra hartu du berriz gaur eguerdian. Nafarroako suhiltzaileek gaur goizean sua erabat kontrolatzea espero zuten, gau osoan egindako lanari esker, baina haize bolada handiek egoera zaildu dute. Azkenik, 19:00ak aldera lortu dute hura kontrolatzea. Goizean helikoptero batek egin duen ikuskapenaren arabera, 170 hektarea inguru erre ditu suak, hasieran espero zuten baino gutxiago.

Gauean euri gutxi egin du, baina giroa hezetu eta tenperatuta jaisten lagundu du horrek, eta lana erraztu die suhiltzaileei goizean, eta Espainiako Trantsizio Ekologikorako Ministerioak jarritako aire bidezko baliabideek alde egin dute eremutik. Haizearen eraginak, ordea, egoera aldatu du, eta berriz itzultzeko eskatu diete. Bitartean, Zangozako, Lizarrako, Cordovillako eta Tafallako suhiltzaileak lanean ari dira eremuan, baita bi helikoptero eta hegazkin bat ere. Horiei babesa ematen ari dira foruzainak eta Gurutze Gorriko boluntarioak ere, besteak beste.

4.000 hektareako gunea

Sutea atzoko 15:15 aldera hasi zen, Meotz eta Lareki arteko pinudi batean; Elebarri mendiaren hegoaldeko magalari eragin dio suak, eta han %21erainoko pendizak daude. Hala, pendizak eta haizeak lagunduta, zabaltzen hasi zen sua. Zuhaitz askoko gune bat da, 4.000 hektarea ingurukoa, eta, ondorioz, suteak tamaina handia hartu eta hondamendi bat eragiteko arriskua handia zela azaldu zuten suhiltzaileek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.