Zahar etxeen tamaina eta kokagunea faktore erabakigarriak izan dira COVID-19aren eraginean

Nafarroako Gizarte Errealitatearen Behatokiak lurraldeko 74 zahar etxeetan eta 14 menpekotasun zentroetan pandemiaren olatuak izandako ondorioak ikuskatu ditu txosten batean, eta hainbat gomendio eman dizkio gobernuari.

Iruñeko Erruki Etxea Nafarroako zahar etxe handiena da eta han pandemiak eragin handia izan du. IñIGO URIZ
2020ko irailaren 22a
11:40
Entzun

Gaur arte, Nafarroako zahar etxeetako 280 egoiliar hil dira COVID-19aren ondorioz, eta beste 163, COVID-19arekin bateragarri diren sintomekin, nahiz eta azken horien kasuan ez den azken emaitza berretsi. Gainera, menpekotasun zentroetan beste zortzi lagun hil dira. Horiek dira zifra lazgarriak, baina, zergatia azaltzerakoan, arrazoiak «askotarikoak» dira. Hala ere, arrazoi horien artean, eragin nabarmena izan dute kokaguneak, zahar etxearen tamainak eta alarma egoeraren aurreko bisita kopuruak.

Lehen olatuak 74 zahar etxeetan eta 14 menpekotasun zentroetan izan duen ikuskaritza egin du Nafarroako Gizarte Errealitatearen Behatokiak —zahar etxe batek ez du parte hartu—. Gaur goizean, Carmen Maeztu Nafarroako Gobernuko Gizarte Eskubideen kontseilariak txostenaren nondik norakoak laburbildu ditu.

Ikerketak ondorioztatu duenez, COVID-19ak eragin handia izan duen tokietan: «Mila herritarretik hiru kasu positibo baino gehiago zuten eremuetako zahar etxeek sei aldiz aukera gehiago dituzte gaixotasunak gogor eragiteko», azaldu du Maeztuk. Halaber, zenbat eta zahar etxe handiagoa, orduan eta aukera gehiago eragiteko. «Ehun egoiliar baino gehiago dituzten egoitzetan probabilitatea bost aldiz handiagoa izan da». Era berean, martxoaren 15 aurreko bi asteetan izandako bisita kopuruak ere eragin du. Adibidez, aurreko astean 50 bisita baino gehiago izan dituzten tokietan, COVID-19a larriko zabaltzeko aukera «hiru aldiz» handiagoa izan da.

Bestelako arrazoiak

Ez dira arrazoi bakarrak, baina bai nagusiak. Horrez gain, COVID-19ari aurre egiterakoan, babesteko faktore izan dira langileei zein egoiliarrei PCRak egiteko ahalmena, egoitzen desinfekzioa eta giza baliabideen kudeaketa. Alta, eragina izan duten arrisku faktore izan dira fidagarriak ez diren hornitzaileei babes ekipamenduak erostea edo etxean egindako ekipamenduak erabiltzea, zahar etxea sektoretan ez banatzea, langileen ratioa, eta bisitak ez mugatzea.

Azkenik, txostenak dioenez, beste arrazoi batzuek «pisu txikiagoa» izan dute: batetik, «nahiz eta zahar etxe pribatuetan eragina publikoetan baino handiagoa izan den», zahar etxeen jabegoa publikoa edo pribatua izatea ez da esanguratsua izan «estatistikoki»;  bestetik, pandemiaren eragina ez du bereziki handitzen egoiliarrak logela berean bizitzeak. Pandemiaren aurretik zahar etxeak osasun zerbitzu bat izateak ere ez du eragin esanguratsurik izan, txostenaren arabera.

Gomendioak

Behatokiaren ikuskaritzak hainbat gomendio egin ditu. COVID-19an tasa handia duten eremuetako zahar etxeetan eragin handiagoa izan duenez, kutsatze tasa handia duten tokietako egoitzei «lehentasunezko arreta» eman behar zaie. «Funtsezkoa da, beraz, inguruneen jarraipena egitea, etengabe sektorizazio azterketak egitea eta lurraldeko kokagunearen arabera banaketa irizpideak erabiltzea». Prebentzio neurriekin jarraitu behar da, zahar etxeei nahikoa PCR egiteko ahalmena emanez eta desinfekzioari garrantzi handia emanez. Txostenak gogoratzen duenez, aztertutako 70 zahar etxeetatik 24tan pilatu dira kasuen eta hildakoen %93, eta, horregatik, prebentzioa funtsezkoa da.

Horri loturik, zahar etxeek nahikoa baliabide eduki behar dituzte prebentzio neurriak hartzeko, beharrezko ekipamendua edukiz eta galaraziz fidagarriak ez diren hornitzaileei babes neurriak erostea. Gainera, pandemiak langileen artean eragiten duenerako, langileok ordezkatzeko mekanismoak indartu behar dira, horrek egoitzen kudeaketan eragin ez dezan. Halaber, gutxieneko langileen ratioak, mediku eta erizainena barne, ezarri behar direla esaten du, zehaztu gabe kopurua. Bai gaineratzen du, pandemiaren testuinguruan, ratio hori indartu egin behar dela.

Era berean, zuzendaritza taldeen eta langileen prestakuntza indartu behar da. Pandemian, azkar eta presaka langileei prestakuntza emateko tenorean aurkitu dira zahar etxeetako buruzagitzak. Behatokiak gomendatzen du alor hori indartzea, eta zuzendaritza taldeak eurak ere prestatzea. Garrantzia ematen dio lantalde guztiari babesa emateari ere, azken hilabeteak oso zailak izan baitira. Azkenik, pandemiak agerian jarri du kasu askotan ez zegoela arrisku planik, eta horregatik egoera berezi eta larriei aurre egiteko plangintza, neurri eta protokoloak zehaztu behar direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.