AEB

Epaimahaiak ez du polizia bakar bat ere zigortu Breonna Taylor hiltzeagatik

Gazte afro-amerikarra polizia talde batek tiroz hil zuen etxean, joan den martxoan, Louisville hirian. Epaimahaiak agente bakarra zigortu du, baina "beharrik gabeko arrisku egoera bat" sortzeagatik. Protestak hasi dira Louisvillen.

Breonna Taylorren omenezko murala, Annapolis hirian. JIM LO SCALZO / EFE
Berria
2020ko irailaren 23a
23:29
Entzun

Arrazakeriaren aurkako protestak berpiztea espero dute gaur AEBetan. Azken urteetan Poliziak hildako herritar beltzen kasu ugarik sortu duten haserrea lehertu egin da azken hilabeteetan, eta horietako hilketa kasu ezagun baten epaiak ez du giroa baretuko. Louisville hiriko epamaihai batek ebatzi du Breonna Taylor 26 urteko gaztea hiltzeaz akusatutako hiru poliziak ez direla hilketa edo homizidio delitu baten errudun, eta bakar bati ezarri dio zigor judiziala, "beharrik gabeko arrisku egoera bat" sortzeagatik. Auzitegiaren kanpoaldean bilduta zegoen jendea epaiaren esperoan, eta hori jakin bezain pronto hasi dira protestak.

Taylor iragan martxoaren 13an hil zuten, haren etxean. Poliziak esan zuen drogaren aurkako operazio bat egiten ari zela eraikinean, eta Taylor sei tiroz hil zuten. Epaimahaiak justifikatutzat jo du "polizien indarraren erabilera", FBIk egin zuen ikerketaren arabera, Taylorren bikotekide Kenneth Walkerrek poliziei tiro egin zielako. Ikerketaren arabera, Myles Cosgrove poliziak hil zuen Taylor, baina Cosgrovek ez du zigorrik jaso. 

Kentucky estatuan dago Louisville, eta Guardia Nazionala mobilizatu dute. Protestak herrialde osora hedatzea espero dute. New Yorken eta Los Angelesen deialdiak egin dituzte, eta Illinois estatuko gobernadoreak ere Guardia Nazionala mobilizatzea erabaki du, istiluak sortuko diren beldur.

Poliziak Minneapolis hirian George Floyd hil ondoren piztu zen arrazakeriaren aurkako azken protesta olaturik handiena, eta hilketa horren ondoren egin zen ezagun Taylorren kasua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.