Ingurumena

Durangoko airean bentzeno kantitate «kezkagarriak» atzeman ditu udalak

Tecnaliak egindako azterketa baten arabera, baliteke Iurretako industrialdean izatea jatorria Durangon usain txarrak eragiten dituen kutsadurak.

Tecnaliaren ustez, Iurretako industriagunetik hel daiteke kutsadura. DURANGOKO UDALA
Maite Asensio Lozano.
2020ko irailaren 24a
16:58
Entzun

Durangon (Bizkaia) azken urteetan sumatu dituzten usain txarrak nondik datozen jakiteko, azterlan bat eskatu dio udalak Tecnaliari, eta ikerketa zentroak zenbait kutsagai atzeman ditu: bentzeno, tolueno eta estireno kantitate «kezkagarriak» izan dira Durangoko airean, udalak gaur goizean jakinarazi duenez. Ima Garrastatxu alkateak (EH Bildu) nabarmendu du bentzenoarekin daudela bereziki arduratuta, une batzuetan metro kubikoko 700 mikrogramo atzeman baitituzte: «Zabalgarbi errauste plantako kutsadura baino handiagoa da».

Urteko batezbestekoen bidez ezartzen dira bentzeno mugak: airearen kalitateari buruzko legediaren arabera, urteko batez bestekoa ezin da izan metro kubikoko bost mikrogramotik gorakoa, eta Durangon 2019ko neurketek 0,58an jarri zuten batezbestekoa, baina une batzuetan metro kubikoko 700 mikrogramora heldu izanak kezka handia eragin du udal ordezkariengan. «Tecnaliako ikerlariek ez dute sekula halako balio handirik atzeman», adierazi du Garrastatxuk. OME Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, bentzenoa luzaroan arnastea anemiarekin eta hainbat minbizirekin lotu izan da; toluenoa eta estirenoa ere hidrokarburo aromatikoak dira, eta zenbait kalte eragin ditzakete nerbio sistema zentralean.

Kutsaduraren jatorria zehazteko azterketa gehiago egin beharko liratekeen arren, Tecnaliak ondorioztatu du Durangoko ipar-mendebaldetik datorrela: «Kutsatzaile motagatik, Iurretako industrialdeko prozesu industrialetan hainbat gai erretzean gerta daiteke». Hori dela eta, Durangoko Udalak ikerketaren emaitzak igorriko dizkie Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailari eta Iurretako Udalari, eta bilera bana eskatuko die. «Elkarlanean aritzeko» deia egin du alkateak.

Izan ere, Garrastatxuk gogora ekarri du aurreko udal gobernuek «ezer gutxi» egin zutela herrian aspaldi dauden usain txarren inguruan. Bide horretan, Julian Rios alkateordeak erantsi du Jaurlaritzaren neurketen arabera airearen kalitatea ona zela: «Ikerketa honek arrazoia eman digu, bai guri, bai airearen kalitateagaz kezkatuta plataforma sortu zutenei». Hain zuzen, herritarrek azterlanean izandako partaidetza txalotu du udalak: 2019ko urritik 2020ko martxora arte egin ziren analisiak, besteak beste, herriko boluntarioek emandako 40 ohartarazpen erabilita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.