Palestina

Sei hilabeteko epean bozetara deitzea adostu dute Al-Fatahk eta Hamasek

Bi taldeek elkarrizketak hasi dituzte Turkian, «elkarlan nazionala» helburu. Akordioan jasotakoak Palestinako lehenengo bozak lirateke azken hamalau urteetan.

Hamaseko ordezkariek eta Al-Fatahekoak, 2014an, batasun nazionaleko gobernua eratzeko akordioa sinatu ostean. MAJDI FATHI
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko irailaren 24a
17:40
Entzun

Palestinako bi mugimendu nagusien arteko gatazkak zatitua du Palestinaren lurraldeen gaineko agintea. Al-Fatahk du Zisjordaniaren gaineko kontrola, eta Hamasek Gazarena, 2007. urteko istiluen ostean Mahmoud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak batasun gobernua desegin zuenetik. Azken urteetan hainbat saiakera egin dituzte egoera gainditzeko, baina ez dute arrakastarik izan. Bi indar palestinarrak adiskidetzeko ahaleginetan ari dira beste behin, eta elkarrizketak hasi dituzte aste honetan, Turkian. Bilkuretan lortutako lehen akordioaren berri eman dute gaur: Al-Fatahk eta Hamasek adostu dute sei hilabeteko epean hauteskundeetara deitzea.

«Elkarrizketa bizia bideratu dugu Palestinaren Istanbulgo kontsulatuan, eta elkarlan nazionalerako bitartekoei buruzko ikuspegi argi bat adostu dugu, ordezkaritza proportzionaleko hauteskundeetan oinarrituta. Legebiltzarrerako hauteskundeetatik hasiko gara; presidentetzarako hauteskundeak egingo ditugu ondoren, eta Kontseilu Nazionalerako bozak azkenik», adierazi dio Jibril Rajoub Al-Fatahko idazkari nagusiak Palestinako telebista ofizialari.

Akordioari garrantzia aitortu dio Saleh Al-Arouri Hamaseko buruak. «Oraingoan egiazko adostasuna lortu dugu». Haren esanetan, Palestinak ezinbestekoa du bi aldeen arteko elkarlana. «Zatiketak kalte egin die gure helburu nazionalei, eta hori amaiarazteko ari gara lanean».

Posible den eremu guztietan antolatuko dituzte hauteskundeak, eta bozkatzeko baldintzarik ez dagoen tokietan ordezkaritza bermatzeko irizpideak adostu beharko dituztela azaldu du Rajoubek. Mahmoud Abbas presidenteak akordioa berresteko aldeetako idazkari nagusiak deituko dituela gaineratu du. Bilera hori astebeteko epean da egitekoa.

Urteetako ezin ulertua gainditzea are beharrezkoagoa egin zaie Al-Fatahri eta Hamasi, azken hilabeteetako gertakarien harira. AEBen Ekialde Hurbilerako bake planaren, Israelen Zisjordaniarako anexio planaren eta Arabiar Emirerri Batuek eta Bahrainek Israelekin harremanak normalizatzeko sinatu dituzten itunen aurrean, «elkarlan nazionala» abian jartzeko oinarriak aztertuko dituzte bi aldeek hurrengo bileretan. «Batasun nazionala eraikitzea da akordioaren helburu estrategikoa, eta hauteskundeak dira horretarako bidea. Prozesu demokratikoa da gure sistema politikoa eraikitzeko modu bakarra», nabarmendu du Al-Fatahko idazkari nagusiak.

 

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.