Osasungintza

Sindikatuek «egoera larriari aurre egiteko premiazko neurriak» eskatu dizkiote Osakidetzari

Osasun langileek elkarretaratzeak egin dituzte  ospitaleen atarian, ELA, SATSE, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek deituta. Urriaren 3an Bilbon egingo duten manifestazioan parte hartzera deitu dute.

Lehen arretako osasun langileen protesta, pasa den astean, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2020ko irailaren 25a
12:44
Entzun

Osasun langileek elkarretaratzeak egin dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleen atarian, ELA, SATSE, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek deituta, «egoera larriari» aurre egiteko «premiazko neurriak» eskatzeko. «Osakidetzako ospitaleetako langileek haserre eta gogaituta daudela adierazi dute gaur, jasaten duten lan gainkarga sistematikoarengatik, egunerokoan pairatzen duten giza baliabide eta baliabide materialen faltarengatik eta pandemian jasandako muturreko lan baldintzengatik», azaldu dute sindikatuek ohar batean. Gaur ospitaleen atarian egindako protestak ez dira osasungintzako langileek egindako lehenengoak. Joan den ostiralean, lehen arretako zentroen aurrean bildu ziren, «sakoneko arazoei» heltzeko eskatuz.

Sindikatuen hitzetan, COVID-19aren aurretik ere bazeuden egiturazko arazoak daude, baina «larritu» egin dira, «[Eusko Jaurlaritzako] Osasun Sailak ez baitu borondaterik izan sakoneko arazo horiei heltzeko». Azken urteetan izandako arazoei egotzi diete gaur egun  duten egoera: «Azken urteetako murrizketa politikak eta osasun sistemaren pixkanakako ahultzea izan dira koronabirusari emandako erantzuna benetan oztopatu dutenak, eta egunerokoan ere langileek beren lana muturreko baldintzetan egin behar izatea eragin dutenak». Besteak beste, osasun publikoan inbertsiorik eza, behin-behinekotasun handia, «lan gainkarga sistematikoa», giza baliabide eta baliabide materialen gabezia, lan baldintzen murrizketa, zerbitzuen pribatizazioa eta abar salatu dituzte. Gainera, nabarmendu dute «pandemiaren unerik latzenetan» egoera hori okerragoa izan zela: babes neurrien «falta kezkagarria», lan karga «onartezinak», estres fisikoa eta emozionala, oinarrizko lan eskubideak «mugatzea edo ezabatzea»...

Ez dira azkenak izango

Azken egunetan Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak «asmo oneko» adierazpenak eta lau urtera begirako neurri posibleak iragarri dituela onartzen badute ere, sindikatuek ohartarazi dute Osakidetzak «berehalako irtenbideak» behar dituela: «Ildo horretan, berehalako urratsak egin behar dira; horrela ez bada, mobilizazioak areagotuko ditugu». Aurreratu dute mobilizazio horietako bat zein izango den: urriaren 3an manifestazioa egingo dute Bilbon, 12:00etan, Jesusen Bihotzetik abiatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.