Koronabirusa

Hezkuntza Sailak 630 langile kontratatu ditu jantokietarako

EHIGEren iritziz, ez da nahikoa Arabako, Bizkaiako eta Gipuzkoako eskola publikoetako jantokietarako 630 langile kontratatzea. Hezkuntza Sailak ez du jardunaldi jarraitua ezarriko Haur Hezkuntzako eta lehen Hezkuntzako ikasleentzat.

Sindikatuek jantoki zerbitzua bermatzeko egindako elkarretaratze bat, artxiboko irudian. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2020ko irailaren 25a
14:06
Entzun

COVID-19ak baldintzatutako ikasturte honetan, familien eta sindikatuen eskarietako bat izan da jantoki zerbitzua bermatuta egotea, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak horretarako pauso bat emango duela dirudi. Izan ere, ziurtatu du 630 langile kontratatu dituela eskola publikoetako jantokietarako; hain zuzen, 500 begirale, garbiketarako ehun langile eta 30 sukaldari.

EHIGE Euskal Herriko ikastetxe publikoetako ikasleen gurasoen elkartearentzat, neurri hori ez da nahikoa COVID-19aren neurri prebentiboen protokoloa bete ahal izateko. Gainera, elkartearen hitzetan, jantoki zerbitzua ez da bermatuta egongo familia guztientzat. EHIGEk nabarmendu duenez, hogei ikastetxek –horietako gehienak Araban– jantoki zerbitzurik gabe jarraitzen dute.

Behin eta berriz ari dira familiak jantoki zerbitzua bermatzeko eskatzen. Eusko Jaurlaritzaren erabakia jakin aurretik, asteazkenean, Denon Eskola Arabako ikastetxe publikoetako guraso elkarteen federazioak tuper bazkaria antolatu zuen Eusko Jaurlaritzaren Gasteizeko egoitzarena aurrean, «burbuila taldeak» mantentzeko baliabide materialak eta giza baliabideak eskatzeko.

Jardunaldi jarraiturik ez

Jangela zerbitzua bermatuta egotea ez ezik, hainbat familiak jardunaldi jarraitua ere eskatu dute; Eusko jaurlaritzak, ordea, berretsi du ez duela ezarriko Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan. Europa Pressen arabera, hori jakinarazi dio Hezkuntza Sailak aste honetan edukitako bileretan hezkuntzako hainbat eragileri. Erabakiaren arrazoia ere azaldu du: HHko eta LHko ikasleak ezin dira bakarrik itzuli etxera, ezta etxean bakarrik egon ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.