COVID-19aren uste ustelak

COVID-19aren pandemia ukatzen duten joera batzuek indarra hartu dute uda honetan. Haiek zabaldutako uste batzuk zeinen okerrak diren azaldu dute Miren Basaras eta Guillermo Quindos mikrobiologoek artikulu sorta honetan.

PCR testak aztertzeko teknika bat baino gehiago daude; irudian, probak tratatzen dituen Gurutzetako laborategiko makina bat. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
mikel p ansa
2020ko irailaren 29a
01:38
Entzun

«PCR probek ez dute balio»

Mugimendu negazionista zalantzan jartzen ari da PCR proben eraginkortasuna eta fidagarritasuna. Esaten dute positibo eta negatibo faltsu gehiegi ematen dituztela —sentsibilitatea esaten zaio horri: test batek zenbateko gaitasuna duen gaitz bat detektatzeko—; esaten dute test horiek birusaren arrasto batzuk atzeman ditzaketela, baina ez dela gauza bera hori atzematea eta pertsona bat gaixorik dagoela esatea, edo, are, zalantzazkoa dela proba horietan atzemandako adierazleek COVID-19aren arrastoak izatea ere; zenbaitek ukatu ere egiten dute gaitzak birusek transmititzen dituztela; eta esaten dute gobernuak nahita ari direla puzten PCR proben emaitzak —asintomatikoen emaitzei gehiegizko garrantzia emanez—, gizartean alarma eta beldurra eragiteko.

Ezin dira urrunago egon zientzialarien ikuspegitik. Miren Basaras eta Guillermo Quindos EHUko irakasle eta mikrobiologoek esplikatu dute PCR probak erabiltzen direla ez soilik SARS-CoV-2a detektatzeko, baizik eta beste mikroorganismo eta birus batzuk atzemateko ere. «Birusen diagnostiko mikrobiologikoa egiteko hainbat teknika daude. Horien artean, PCR teknikak birusaren genoma detektatzen du; hau da, birusak barnean duen zati bat». Polimerasaren kate erreakzioan oinarritzen dira PCR probak. Pazienteari laginak hartzen zaizkio —ahotik zein sudur zulotik, listutik, karkaxatik, garbiketa bronkoalbeolarretatik...—, eta horietan birusaren ARNa (genoma) ba ote dagoen aztertzen dute.

«Diagnostikorako metodo guztiek dituzte beren mugak», azaldu du Quindosek, «baina PCRek ahalbidetu dute diagnostikorako teknika oso eraginkorrak garatzea, emaitza faltsu positibo zein negatibo oso gutxi ematen dituztenak». Lagin batzuek beste batzuek baino balio gehiago izan dezaketela erantsi du, eta, gainera, gaixoari lagina hartzen zaionean infekzioa zer momentutan daukan ere esanguratsua izan litekeela. «Negatibo faltsu batzuk gerta litezke, adibidez, lagina gaizki hartu delako, edo hartu zenean birusaren ARN nahikorik ez zegoelako. Eta positibo faltsu batzuk gerta litezke gaixoa osatu ondoren birusa desagertu daitekeelako baina ARNaren arrastoren batzuk gera litezkeelako».

Emaitza faltsu gutxiago

Hala ere, PCRei buruzko zalantzarik ez du batere Quindosek, emaitza faltsuak bakanak izaten direlako: «Kopurutan, beste test batzuek baino akats gutxiago ematen dituzte». Adibidez, azaldu du antigenoak —birusaren zatiak— eta antigorputzak —gaixoak birusari emandako erantzuna— detektatzeko testek emaitza faltsu gehiago eman ditzaketela. Basarasek gehitu du diagnostiko horiei kontrolak egiten zaizkiela, eta emaitzak baliogabetu egiten direla zerbaitek gaizki funtzionatzen duenean.

Negazionistek ahotan hartzen dute PCRen teknikaren sortzailea, ustez hark ere zalantzan jarri zuelako test horien eraginkortasuna, baina Reuters berri agentziak egiaztatu du berak ez zuela sekula halakorik aipatu. Quindosek jakinarazi du iaz hil zela Kary Mullis, teknika hori garatu zuen zientzialaria; PCRak koronabirusa detektatzeko eraginkorrak ote diren ere ezin izan du esan, beraz. Mullisi buruzko datu gehiago ere eman ditu: «Kary Mullis, beste Nobel saridun batzuk bezala, zientifiko oso kontraesankorra izan zen. Hain baliagarria den teknika hau garatzeko lan bikaina egin zuen, baina klima aldaketaren eta hiesaren negazionista zen, eta astrologian fedea zuen. Eta Zientzia ebidentzietan, datuetan, metodo zientifikoan oinarritzen da, eta ez iritzietan, nahiz eta iritzi horiek eminentzia gisa hartutako pertsonenak izan, eta are gutxiago eminentzia horien ezagutza alorra eta iritzia ematen ari diren alorra ezberdinak badira».

Basarasi eta Quindosi ez zaie iruditzen PCR proben emaitzak puzten direnik larritasun handiagoa sortzeko, baina datuak irakurtzen jakin behar dela uste du Basarasek: «Egunero ematen diren datuak kautelaz hartu behar dira. Izatez, ez dute esaten zein den pandemiaren egoera, baizik eta egun bakoitzean zer gertatu den. Pandemiaren eboluzioa zein den ikusteko, askoz hobea da positiboen datuak asteka, hamabostaldika edo hilero ikustea». Administrazioek eta hedabideek ez dute beti lan hori egiten, eta eguneko positiboen datuari ematen diote atentzioa, bilakaeraren interpretazio argia egin gabe. Hortik etor liteke okerra: «Egia da positiboak ugaritzen ari direla entzuteak kezka handiagoa sortzen duela gizartean, baina, bestalde, bakoitzak hartu beharreko neurriek zorrotzagoak izan behar dutela ere ohartarazten dute datuek». Seinale bat dira, hortaz.

Udatik udaberrirako koska

Bigarren olatuan, egun jakinetan, udaberrian baino positibo gehiago agertu dira, eta batzuetan nahasmena sortu dute datu horiek, egoera udaberrikoa baino okerragoa izan zitekeela ondoriozta zitekeelako. Testuingurua falta izan zaie datu horiei. Udaberrian, osasun zerbitzu publikoek apenas egiten zuten PCR probarik; ez zegoen horretarako baliabiderik. Gaixoak detektatu, haien kontaktuak aurkitu, eta konfinamendu indibidualak ezartzearen estrategiak horregatik egin zuen porrot udaberrian. Udan, aldiz, materiala eskuratu dute osasun zerbitzuek, eta gaitzaren jarraipena egiteko baliabide gehiago jartzen hasi dira. Horrek eman die aukera udaberrian egin ez zutena egiteko: birusa zuen ahalik eta jende gehien detektatzea —asintomatikoak izan arren, horiek ere birusa transmiti baitezakete—, kutsatze kateak ahalik eta azkarren eteteko. Eta, horretarako, ezinbestekoa izan da PCR probak egitea. Hori da bi olatuen arteko diferentzia nagusietako bat.

«Ez dut uste administrazioei interesatzen zaienik osasun arazo honetan gezurretan ibiltzea», adierazi du Basarasek. «Azken finean, denon kalterako litzateke, eta birusak sortu dituen arazo sozial eta ekonomikoak itzelak dira». Ez dira kalte sozialak eta ekonomikoak soilik. Koronabirus honek zehatz-mehatz zenbat pertsona kutsatu dituen eta zenbat hil dituen ezingo da «inoiz» jakin. «Baina denok ikusi izan dugu senide edo lagun bat nola kutsatu den, eta, zoritxarrez, nola batzuk hil diren». Pandemiaren ustezko gezur hori mantentzea oso garestia dela ere zehaztu du: «Gaixotasun honetara bideratzen den diru kopurua itzela da. Kutsatu eta hildako kopuru hori gutxitzeko txerto bat izango bagenu, oso berri ona litzateke».

Emaitza horien atzean gobernuen konspirazio bat ikustea burugabea iruditzen zaio Quindosi ere. «Gobernuen kontrolari edo ez-kontrolari buruz, gauza bat komentatu nahiko nuke: horrek eskatuko luke osasun arloan eta ikerketa zientifikoaren arloan lan egiten duten milioika pertsona sartzea konspirazioan. Eta hori esatea da mundu medikoa eta zientifikoa ez ezagutzea batere, mundu horietan ez baitago pentsamendu bakar bat, eta kritika, zalantza eta eztabaida baitira garatzeko tresna ohikoenak».

Quindosi harridura sortzen dio horrelako teoriak zabaltzeak, eta, aldi berean, horrelako konspirazioetan sinisten dutenek ez pentsatzeak haiek ere kontrolatuko lituzketen taldeak egon litezkeela, «adibidez, interesak izan ditzaketen talde batzuk, herritarren gehiengoak ez dezan izan aurrerapen zientifiko eta medikoen onurarik». Horrelako teorietara jo gabe ere, gobernuen politikak fiskalizatzeko «mila modu» daudela iruditzen zaio, eta eraginkorrena, herritarrek «kultura handiagoa izatea, horren barruan kultura zientifikoa sartuta». Basarasek galdera bat erantsi die gogoeta horiei: «Historian, arazo berri bat sortu izan denean, beti egon izan dira negazionistak, arazoari uko egin nahi izan diotenak. Agian euren buruari galdetu beharko liokete beldurra ez ote den ukazio horren erantzuna».

Eskuak garbitzeko gela eta tenperatura hartzeko gailu bat; ohikoak bihurtu dira leku publiko, denda eta eskola askotan. BIEL ALIÑO / EFE

 

«Asintomatikoek ez dute kutsatzen»

Mugimendu negazionistek salatu ohi duten puntuetako bat izan ohi da gaitzaren sintomarik ez duten pertsonak (asintomatikoak) ez direla arriskutsuak: ez dutela gaitza kutsatzen, sintomarik ez dutelako; are gehiago, galdetzen dute zergatik jokatu behar duten gaixo baleude bezala, sintomarik ez izan arren; asintomatikoek maskarak erabiltzea eta etxean badaezpadako itxialdiak egitea zentzugabea iruditzen zaie.

Adierazpen horiek ez dute oinarri zientifikorik; Miren Basaras eta Guillermo Quindos EHUko irakasle eta mikrobiologoek ez dute zalantzarik. Basarasek azaldu du birusek eta haien tankerako mikroorganismoek «gaixotasun espektro zabala» sor dezaketela, sintoma ugariekin. Eskala batean kokatu litezke ondorio horiek: COVID-19a duten pertsona batzuk asintomatikoak izan litezke, edo sintoma arinak izan ditzakete, edo larriak, edo kronikoak, edo hil egin daitezke. Momentu jakin batean asintomatikoa izateak, gainera, ez du esan nahi gerora gaixotuko ez dela.

Eta garrantzitsuagoa: koronabirus honen kasuan, sintomarik ez edukitzeak ez du esan nahi pertsona horrek ezin diola mikroorganismo hori beste pertsona bati transmititu. Hori ere bada COVID-19aren ezaugarrietako bat, izan ere, eta ezaugarri horrek haren kontrola zailtzen du, gainera. Quindos: «Asintomatikoak izan zein ez, eritasuna modu arinagoan zein larriagoan izan, SARS-CoV-2 birusak infektatutakoek pertsona ez-immuneak kutsatzeko adinako karga birala dute arnas aparatutik jariatutako tantetan».

Kutsatuen erdiak inguru

Asintomatikoek ere birusa transmititzeko gaitasun bera dute, beraz. Sintomak izatea edo ez izatea ez baita kutsatzeko arriskua neurtzeko adierazle esanguratsua; hori baino garrantzi handiagoa du karga biralak —norberak daukan birusak zenbateko indarra duen, nolabait esanda—. COVID-19aren kasuan, gaitzaren transmisioa murriztea eta kontrolatzea zailtzen du horrek, ikusi baitute birus hau eduki arren asintomatikoak diren pertsonen kopurua altua dela. Ez dago behin betiko daturik horren inguruan, baina kasu positiboen erdiak izan litezke Nafarroan, azkeneko asteetan atzemandako kasuen %40 inguru izan dira sintomarik gabekoenak—. «Baina, sintomak izan zein ez, behin kutsatuta bagaude eta birusa gure barnean baldin badago, ondoan dauden pertsonak kutsa ditzakegu hizketan egiterakoan, arnasa kanporatzerakoan eta beste hainbat ekintzatan», zehaztu du Basarasek.

Umeak ere kutsatzen direla azaldu dute; agian gutxiago, baina kutsatzen dira, negazionistek erlatibizatzera jotzen duten arren. «Beharbada izango da haien arnas aparatuan ACE2 hartzaile gutxiago daudelako S proteinarentzat, eta hori da koronabirusaren giltza zeluletan sartzeko», azaldu du Quindosek. «Gainera, helduek eta batez ere adinekoek baino koadro kliniko arinagoak izan ohi dituzte haurrek. Edonola ere, orain arteko datu guztiek erakusten dutenez, heldu batek bezalaxe transmiti dezakete gaitza haurrek».

Bat dator Basaras, eta «edozein» kutsa daitekeela erantsi du: «Berdin du zein adin, sexu edo kondizio izan». Baina ume gehienak asintomatikoak izateak edo koadro kliniko arinagoak izateak ez du esan nahi beti horrela denik: «Ikusi dira ume batzuk koronabirusarengatik ezohiko pneumoniak edo organo batzuetan hanturazko sindromeak izan dituztenak». Neurria eman behar zaio: gutxitan gertatzen da, baina badira halako kasuak ere.

Garrantzitsua iruditzen zaie asintomatikoei ere azterketa egitea, kasu horiek ere testekin detektatzea, ahal den neurrian bakartzea, haiek ere maskarak erabiltzea... Sintomarik ez duen jende askok birusa transmiti baitezake oharkabean. Basaras: «Sintomak hain larriak direnez, gaitza mundu osora zabaldu denez, hildakoen kopurua altua denez, tratamendu eraginkorrik ez dugunez, immunizazio maila eskasa denez, eta pandemia batean murgilduta gaudenez, lortu behar da birusaren transmisioa ahalik eta gehien kontrolatzea, eta horregatik hartzen dira prebentzio neurri zorrotzak, sarritan herritarren gustukoak ez izan arren ezinbestekoak direlako transmisioa eteteko». Hiesarekin alderatu du: «Hiesaren garai gogorretan hartu ziren prebentzio neurri zorrotzek lortu zuten sexu bidez transmitituriko gaixotasun askoren zabalpena etetea; adibidez, sifilisa edo gonorrea».

Negazionistek ez diote zentzurik ikusten asintomatikoei beste gaixoei adinako kontrol neurriak jartzeari, eta kontrol neurri hutsa direla salatzen dute. Mikrobiologoei burugabea iruditzen zaie argudio hori. Honela erantzun du Quindosek: «Gizarte bat kontrolatzeko kanal eta mekanismo anitz dituzte gobernuek. Inozo samarra iruditzen zait pentsatzea osasun neurri prebentibo batzuk direla kontrol mekanismo garrantzitsuenak, badaudenean efikazagoak eta diskretuagoak diren metodo teknologiko eta psikologikoak. Edozein gobernuren kontrol autoritarioa saihestu behar baldin bada, hau da benetan garrantzia duena: herritarrek kultura demokratikoa izatea eta gobernuei gardentasuna eta egiazkotasuna exijitzea haien jardunean, pandemiak gertatu edo ez».

«COVIDa ez da gripe bat baino okerragoa»

COVID-19a zabaltzen hasi zenean, sarritan egin zen konparazioa gripearekin, hasierako sintomak antzekoak zirelako. Gerora ikusi da birus batek eta besteak eragin ditzaketen kalteak ez direla igualak, inondik inora ere. Baina hasierako ideia hark indarra du oraindik ere, eta korronte negazionistek haien erara erabiltzen dute, koronabirusari buruz agertzen ari diren ebidentzia berriei kasu eman gabe. Negazionistek esan ohi dute gaitz hau dutenetatik gehienak berez sendatzen direla, larritzen direnei erreparatu gabe. Pandemiaren gailurra gripearena bezala jaitsi zela ere esaten dute, eta neurririk batere gabe ere gaitzaren eragina murriztuko zela, kurba hori jaisteko hartutako salbuespenezko neurrien eragina aintzat hartu gabe. Haien esanetan, munduko gobernuek nahita puzten dute koronabirusaren eragina eta larritasuna, gizarteak beldurtuta edukitzeko, eta, hartara, kontrol neurriak errazago onar ditzaten.

Baina COVID-19a gripea baino aiseago transmititzen da, hilgarriagoa da, gripeak baino organo edo sistema gehiagori eragiten die zuzenean, eta luzerako kalte larriagoak eragin ditzake, Miren Basaras eta Guillermo Quindos EHUko irakasle eta mikrobiologoek esplikatu dutenez. Basaras: «Hasieran uste zen COVID-19a gripearen antzekoa zela, baina, hilabeteak aurrera joan ahala eta ospitaleetara gaixoak ailegatu ondoren, ikusi da gaixotasun berri hau, gripearekin alderatuz, guztiz ezberdina dela klinikoki. Biek eragin ditzakete sukarra, ondoeza, arnasa hartzeko ezintasuna... Biek ezohiko pneumoniak sor ditzakete, edota bihotzeko kalteak ere bai. Baina COVID-19a dutenen artean ikusten dira beste sintoma kliniko asko gripearekin ikusten ez direnak, hala nola giltzurrunetako arazoak, biriketako kalte sakonak, dastamenaren edo usaimenaren galera, tronboak, iktusak, eta abar».

Azalpen hori aski da bi gaitzen arteko diferentziak ikusteko, eta konturatzeko koronabirus honek kalte larriagoak eragin ditzakeela batzuetan, baina bada beste puntu bat gaitz honen larritasuna agerian uzten duena: gaixo batzuei luzerako ondorioak uzten dizkie gaitza pasatu eta testetan negatibo eman ondoren ere. Nekea, buruko mina, sukar iraunkorra... Oraindik ez dakite zergatik erantzuten duten gaixo batzuek horrela gaitza igaro ostean.

Oraindik ez da erabat ezagutzen koronabirus berri honen portaera, baina orain arte egin diren ikerketetan agerian gelditu da gripe arruntak baino hilgarriagoa dela, eta aiseago kutsatzen dela. Gripe arruntak %0,1eko kutsatze tasa du, eta koronabirusak, orain arte ezagutzen denaren arabera, %1 ingurukoa; COVID-19a hamar bat aldiz errazago kutsatu liteke, hortaz, orain arteko ezagutzaren arabera.

Koronabirus hau gripe arrunta baino hilgarriagoa ere bada. Quindosek eman du datua: «Gaixotuen %0,5 eta %1,5 artean hiltzen ditu COVID-19ak, eta hilgarritasun hori sasoiko gripeek dutena baino handiagoa da, horien hilgarritasuna %0,2 ingurukoa baita. 1918ko gripeak, Errusiako gripeak edo Asiako gripeak zuten hilgarritasunetik gertuago dago koronabirus hau, gripearenetik baino; kasu batzuetan %2tik gorako hilgarritasuna izan zuten haiek, eta munduko biztanleriaren herenari eragin zioten». Adinaren arabera ere aldatzen da hilgarritasun tasa; 70 urtez gorakoetan, atzemandako gaixoen %3 eta %8 artean hil litezke.

Puntu horretara iritsita, esplikatu behar da zer den hilgarritasuna: gaitz bat harrapatzen duten pertsonetatik, gaitz horren eraginez hiltzen direnen ratioa edo tasa. Ezinezkoa da tasa hori erabat zehaztea gaitz guztientzat, zeren horretarako jakin beharko bailitzateke gaitz bakoitzak zehazki zenbat jende kutsatu duen eta zenbat jende hil duen. Baina orain arte bildutako datuek eta egindako kalkuluek erakusten dute, edozein moduz, gripe arruntak baino gehiago hiltzen duela koronabirus honek; kasurik onenean, hiruzpalau aldiz gehiago, eta kasurik txarrenean, ia hamar aldiz gehiago.

Bada Hego Euskal Herriko datu esanguratsu bat, COVID-19aren larritasuna agerian jartzen duena. Erregistro zibilek jasotzen dituzte egunero-egunero hiltzen diren pertsonen datuak. Estatistika horri erreparatuz gero, aurtengo udaberrian —martxoan eta apirilean— espero ziren baino 2.000 heriotza gehiago —gutxienez— gertatu dira. Bestela esanda, aurtengo martxoan beste inoizko martxoetan baino askoz jende gehiago hil da, eta aurtengo apirilean beste inoizko apiriletan baino askoz jende gehiago hil da, azpiko grafikoak erakusten duenez. Eta koronabirus hau gabe nekez ulertzen da heriotzen hazkunde izugarri eta bat-bateko hori. Ipar Euskal Herrian ez da gehiegizko heriotzarik gertatu, gaitza gutxiago zabaldu baita han. Hego Euskal Herrian ere badira diferentziak: Gipuzkoan txikiagoa izan da heriotzen gorakada.

«Hildakoen zifra hori hurrengo hilabeteetan eta urteetan jaitsiz joango dela espero da», zehaztu du Basarasek: «Zergatik? Oraintxe bertan, birus berri baten aurrean gaudenez, ez daukagulako inolako immunitaterik edo oroimenik [gorputzean] horren kontra. Denborak aurrera egin ahala, gero eta pertsona gehiago egongo dira immunizatuak, eta, horren ondorioz, hildakoen kopurua gutxituz joango da, koronabirusaren birulentzia mantenduko den arren». Botiketan eta tratamendu egokietan ezagutza handitzeak eta balizko txertoak ere lagunduko lukete horretan.

Negazionistek, hala ere, zalantzan jartzen dute koronabirus honek zuzenean horrenbeste pertsona hil dituela. Ez negazionistek soilik; herritar askok ere galdetzen diote beren buruari pandemiaren inguruan sortu den larritasunak eta hartu diren muturreko neurriek zenbaterainoko eragina izan duten heriotzetan. Zeharkako kalte horiek izan direla onartzen dute adituek: «Egia da, gure ospitaleak COVID-19 gaixoekin gainezka egon zirenean, beste patologia batzuk zituzten gaixo asko ez ziren joan ospitaleetara, edo kontsultak atzeratu egin ziren (kirurgiak, minbiziaren detekzioak edo tratamenduak...)», esplikatu du Basarasek, baina erantsi du horrek eragindako heriotza kopurua gutxienekoa izan dela koronabirusak zuzenean eragindako heriotzen aldean.

«Pertsonak arrazoi askorengatik hiltzen dira, baita beldurraren eraginez ere», erantsi du Quindosek: «Dena den, pandemia guztiek estres soziala eta pertsonala eragiten badute ere, eta horrek pertsona batzuei ondorio psikologikoak eragin badiezazkieke ere, ez dago datu bakar bat ere adierazten duena jende kopuru esanguratsu bat hil dela alarmaren gehiegikeriagatik». Alegia, gaitzak bai, hil duela jende kopuru handi bat, baina ezin dela esan larritasuna sentitzeagatik jende kopuru handi bat hil dela, ez baitago horren ebidentziarik.

Beste leku batean jarri nahi du arreta Quindosek: «COVID-19aren beste zeharkako ondorio bat da ez bideratzea baliabide sanitarioak eta ekonomikoak beste arazo larri batzuetara. Ziurrenik, pertsona asko, adinekoak batez ere, pandemiaren aste gogorrenetan hilko ziren COVID-19ak okertu egin zuelako aurretik zuten osasun egoera, gaitz kroniko larriak zituztelako». Hala ere, Quindosek uste du itxialdia, maskarak, distantzia fisikoa eta higienea erabakigarriak izan direla, eta egoera kalteberan edo arriskutsuan zeudenei, azkenean, kalte baino mesede gehiago egin diela.

Erizain bat, gazte bati txertoa ematen, Brasilen. Umeak txertatzeko ohiko kanpainetan jaitsiera nabaritzen hasi dira aurten. FERNANDO BIZERRA JR / EFE

 

«Txertoak arriskutsuak dira»

Ez da mugimendu negazionisten auzia soilik: Mendebaldeko gizarteetan txertoen eraginkortasunari eta txerto batzuek sortzen dituzten kalteei buruzko eztabaidak baziren lehendik ere, eta nabaritu da ia desagertuak zeuden gaitz batzuk berriro agertu ere egin direla. Ez da koronabirus honi lotutako arazo bat soilik, beraz; konplexuagoa da txertoen auzian azkenaldian sortutako eztabaida.

Edozein moduz, COVID-19aren pandemia kontrolpean hartzen ahalegintzeko bitarteko askorik ez dago. Funtsean, bi bide daude: gaitzari zabaltzen uztea berez immunizatu arte —jakinik milioika pertsona hil litezkeela eta milioika gehiago ospitaleratu, eta berezko immunizazioa ez dela segurua—; edo birusaren transmisioa ahal den neurrian txikitzen saiatzea —orain indarrean diren neurriekin eta konfinamenduekin, gogorrago edo arinago, egoeraren arabera, jakinik kalte ekonomikoak, emozionalak, psikologikoak... eragin ditzakeela—. Bigarren bide hori hartu dute munduko gobernu gehienek, arrakasta handiagoa edo txikiagoa lortuta, denek ez dituztelako baliabide berak, denek ez dutelako eraginkortasun eta argitasun berarekin lan egin, eta leku bakoitzean ezberdina izan delako eta delako gaitzaren zabalkundea. Edonola ere, bide horrek aliatu bat beharko luke sortutako neurri zorrotzak arintzeko: txertoa. Hori gabe, transmisioa murrizteko indarrean dauden neurriek ez dute amaiera argirik.

Negazionistek, ordea, zalantzan jartzen dute txertoaren garrantzia. Iruditzen zaie txertoek konpontzen dituzten baino kalte handiagoak eragiten dituztela, eta bat egiten dute, horretan, naturistekin eta homeopatian edo medikuntzaren bide alternatiboetan dabiltzanekin, besteak beste. Txertoen atzean dauden negozio interesak ere salatzen dituzte. Eta areago ere jotzen dute: txertoak gehien jartzen diren lekuetan COVID-19ak heriotza gehiago sortu dituela ere esan izan dute. Laburtuz: koronabirusak sor ditzakeen kalteak arinagoak iruditzen zaizkie, haren transmisioa kontrolatzeko indarrean dauden neurriak eta etorkizunean etor litezkeen balizko txertoak baino.

Uste horiek ez dute helduleku zientifikorik, Guillermo Quindos eta Miren Basaras EHUko irakasle eta mikrobiologoen esanetan. Quindos: «Guztiz kontrara. Birusak (elgorriaren hirukoitza, parotiditis-paperena eta errubeolarena) dituzten txertoak edo bakterio ahulduak (Calmette-Guerinen baziloa) dituzten txertoak gehien erabiltzen dituzten herrialdeetan izan dituzte COVID-19aren kasu larri gutxiago. Orain ikertzen ari dira tuberkulosiaren kontrako txerto esperimental batzuek COVID-19aren kontra ere babes eragina izan ote dezaketen».

Mendebaldeko herrialde askotan —txerto gehien darabiltzatenetan— COVID-19ari lotutako heriotza gehiago zergatik agertu diren azaldu du Basarasek, eta ez du zerikusirik txertoekin. Zehaztu du Afrikan eta munduko beste herrialde pobretu gehienetan askoz test gutxiago egiten direla eta, beraz, ezin dela jakin zenbat jende hil duen koronabirus honek leku horietan. «Hori argi edukita, normala da txerto gehien ematen diren lekuetan jende gehiago hiltzea COVID-19ak jota. Zergatik? Lurralde aberatsagoak direlako eta, beraz, test gehiago egin dituztelako, eta badakitelako zergatik hil diren pertsona horiek. Hego Amerikan edo Afrikan ez dute inoiz jakingo zergatik hil diren azkeneko hilabeteetan hil diren gehienak, ez baitiete testik egin». Leku jakin batean emandako txerto kopurua eta COVID-19ak hildakoen kopurua konparatzea, beraz, zentzurik gabeko ariketa iruditzen zaio.

Kontrakoa, gaitzak kontrolatzen ahalegintzeko bitarteko bakanetako bat dira txertoak, zientzialarien esanetan. Ez koronabirus honentzat bakarrik: txertoek oro har duten balioa nabarmendu dute bi adituek. «Txerto batek kontrako ondorioak sortzeko arriskua beti hor dago», onartu du Quindosek: «Baina, ondorio kaltegarri gehien sortzen duten txertoak hartuta ere (adibidez, sukar horiaren eta errabiaren kontrako txertoak), gaitz horiek sor ditzaketen baino kalte arinagoak dira txertoek sor ditzaketenak». Txertorik gabe kalteak handiagoak liratekeela, alegia. «Txertoek milioika heriotza eragozten dituzte urtero».

Milioika heriotza gutxiago

Zenbakietan jarri du Basarasek: «Azken belaunaldietan erabilitako txertoei esker, mundu osoan urtero bi-hiru milioi heriotza baino gehiago eragozten dira». Txertoak garatzeko prozeduretan jarri du arreta, ziurrak direla nabarmentzeko: «Txerto bat merkatuan jartzen denerako, saiakuntza kliniko asko pasatu behar izan ditu jakiteko segurua eta eraginkorra dela». Eta nabarmendu du gaitz asko kontrolpean hartzeko bidean jarri direla munduan txertoei esker. «Immunizazio programak ezarri diren lurraldeetan, immunizazio horri esker prebenitu daitezkeen gaixotasunak %95 gutxitu dira, hala nola polioa, elgorria, errubeola, difteria... Baztanga, adibidez, lortu izan da desagerraraztea txerto bati esker, eta polioa bide horretatik doa».

Beste gai bati ere erantzun dio Quindosek, konfinamendu gogorragoak izan dituzten herrialdeetan COVID-19ari lotutako heriotza gehiago gertatu direla ere esaten baitute negazionistek. «Ez dago adierazle bakar bat ere erakusten duena konfinamendu zorrotzek hilgarritasun tasa handitzen dutela. Egia da konfinamenduek kolpe larriak egiten dizkietela eguneroko bizitzari eta ekonomiari. Aintzat hartu behar dira ondorio suntsigarri horiek, eta konfinamenduak mugatu egin behar dira, saihetsezinak direnerako bakarrik utzita. Muturreko erabaki bat da, eta asko neurtu behar da haren erabilera».

Hala ere, eta oraingoz behintzat txertorik izango ez denez, itxialdiak garai jakin batzuetan ezinbestekoak izango direla iruditzen zaio Quindosi, eta eraginkorrak direla gainera: «Koronabirusaren transmisio komunitarioa handitzen den garaietan, egoera asko zailtzen ari dela ikusten dugunean, eta sumatzen dugunean ezin diogula kontu egin —ez dugulako txertorik oraindik, edo ez dugulako botika antibiriko efikazik—, eta osasun sistema kolapsatzeko arrisku larria dagoela konturatzen garenean, seguru asko, konfinamenduak ezartzea beharrezkoa izango da».

Quindosek gogorarazi du hain justu osasun sistemak kolapsatzeko arriskua ekarri duela COVID-19ak, eta osasun sistemek gainezka egiten dutenean heriotza gehiago gertatzen direla, bai patogeno horrek berak zuzenean eraginda, bai bestelako gaixotasun larriak izan ditzaketen beste pertsona batzuek arreta kaskarragoa jasotzen dutelako. «Gainera, osasun sistema bat pitzatzeak berekin ekartzen du kalteberagoak diren herritarren arreta okertzea: umeak, adinekoak, haurdunak... Eta arreta okertze horrek ere heriotza tasa handitzen du».

Konfinamenduak, zuzenean, ez du inor hiltzen, baina osasun sistema kolapsatzeak bai. Eta gogorarazi du osasun sistema zaintzeko ezarri izan direla konfinamenduak. Berriro ere ezartzekotan, hori bai, aholkatu du itxialdi horiek garaiz abisatzea, «herritarrek prestatzeko denbora izan dezaten», haien iraupena mugatua eta zehatza izatea, eta herritarrei informazioa argi ematea.

Donostiari 1813an su eman ziotela oroitzeko Dora Salazarrek egindako eskultura, maskara jantzita. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

 

«Maskarek arazoak sortzen dituzte; ez dira eraginkorrak»

COVID-19aren inguruan munduko gobernuek iruzur bat antolatu dutela iruditzen zaie pandemiaren negazionistei. Esaten dute gaitz berri hori ez dela hain larria, eta gobernuek nahita ematen dutela egiaz den baino irudi larriago bat, konfinamenduekin, maskarekin eta bestelako salbuespenezko neurriekin munduko biztanleria kontrolatzeko.

Maskarak egon ohi dira salaketa horietako askoren erdian; derrigorrez eta beti erabiltzeko aginduak kendu nahiko lituzkete mugimendu horiek, eta, hori aldezteko, argudio sorta zabala erabiltzen dute. Herritar askoren artean zabaldu ere egin dira maskaren inguruko zalantzak horrela: benetan ez dutela balio gaitzari aurre egiteko, mesede baino gehiago kalte egiten dutela, norberak isuritako karbonoa arnasten dela, OME Osasunaren Mundu Erakundeak berez ez duela agindu maskarak derrigorrez beti eta guztiek erabiltzeko... Horrelakoak eta antzeko argudioak erabiltzen dituzte. Bestela ere, herritar askori zalantzak sortu zaizkio, Hego Euskal Herrian maskarak derrigorrezkoak izan arren udan birusak hedatzen segitu duelako. Eta Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak pandemiaren hasieran maskarak ez zirela beharrezkoak esan izanak ez du lagundu pedagogia egiten; arazoa zen garai hartan ez zeudela aski.

Guillermo Quindos eta Miren Basaras EHUko irakasle eta mikrobiologoek ez dute zalantzarik: «Maskarak eraginkorrak dira SARS-CoV-2 koronabirusaren eta arnas sistemako beste birus batzuen aurka, adibidez gripearen transmisioa blokeatzeko». Quindosek datu berri bat nabarmendu du: planetaren hego hemisferioan negua pasatu dute, eta ikusi dute (Australian, Zeelanda Berrian, Hegoafrikan...) sasoiko gripea izugarri murriztu dela eta askoz heriotza gutxiago eragin dituela. Koronabirusaren aurkako neurrien albo ondorioa izan da.

Ez da hori gertatu maskarengatik soilik; distantzia fisikoak eta higieneak ere eragina dute. Inork ez daki seguru udazkenean eta neguan hemen zer gertatuko den, baina, hego hemisferioan gertatu dena ikusita, Quindosi iruditzen zaio frogatua dagoela maskaren eta neurri horien eraginkortasuna: maskarak, distantzia eta higienea aplikatzen diren tokietan, asko zailtzen da birusen zabalkundea. Eraginkortasunari buruzko dudak uxatuko lituzke horrek.

Ideia bera nabarmendu du Basarasek: «Arnasbidetik kanporatzen den edozein mikroorganismo kontrolatu ahal izateko, maskarak dira prebentzio neurri garrantzitsuetako bat». Quindosek zehaztu du maskaren erabilera orokorra izateak indartu egiten duela haien eragina; adibidez, itxitako gela batean bost pertsonatik bakarrak badarama maskara, kutsatze arriskua zerbait arinduko da, baina bostek jantzita badaramate, kutsatze arriskua askoz gehiago murriztuko da.

Bestalde, agerikoa da maskara modelo bakoitzak eraginkortasun ezberdina duela. Pandemia hasi aurretik ere ezagun zen hori. Segurtasunik handiena FFP3 eta FFP2 erakoek ematen dute; koska bat beherago daude kirurgikoak. Etxean egindako maskaren edo telazko bestelako maskaren eraginkortasuna ezberdina izango da, segun eta nolako materialekoak eta formakoak diren eta filtroak dauzkaten edo ez.

Basarasek gogorarazi du maskarak erabiltzeko era ere garrantzitsua dela: «Argi dago maskarek, ondo erabilita, transmisio arriskua gutxitzen dutela, baina, gaizki erabiliz gero, mesede baino gehiago kalte egiten dute». Ondo jantzi behar dira, saiatu behar da maskara eskuetan ez erabiltzen, maskaren iraupena aintzat hartu behar da, eskuak garbitu behar dira jantzi eta kendu aurretik eta ondoren...

Arriskua ez da bera leku guztietan, horrela gogorarazi du Basarasek: «Koronabirus hau, beste birus asko bezala, edozein lekutan eta ekintzatan kanporatu dezakegu». Erreferentzia bat eman du, British Medical Journal aldizkariak egin duen ikerketa bat, zeinean zehazten baita jarduera edo ekintza bakoitzaren eta jarduera hori egiten den leku bakoitzaren arabera birusak transmititzeko arriskua zenbaterainokoa den. Esaterako, arriskua ez da bera builaka edo baxu hitz eginez gero; eta arriskua ez da bera leku itxietan eta aire zabalean. Hori ere aintzat hartu behar da, maskara jantzita ere jarduera eta toki jakin batzuetan kutsatzeko arriskua handiagoa izan litekeelako.

Karga biralaren garrantzia

Izan ere, maskara eramateak ez du arriskua ezabatzen. Baina kutsatzeko baldintza okerrenetan ere transmisio arriskua murriztu egiten dute, eta horri lotuta dago orain aztergai dagoen hipotesi bat, Quindosek azaldu duenez: uste da maskarak jantziz gero kutsatzeko arriskua duten pertsonek karga biral txikiagoa jasotzen dutela, eta, birusa harrapatuta ere, sintomak arinagoak direla. «Baieztatu nahian ari dira maskaren erabilerak eragiten duela kutsa litezkeen pertsonek karga biral gutxiago jasotzea eta, ondorioz, ez infektatzea, edo infektatzea baina sintoma arinak izatea».

Gero eta ikerketa gehiagotan ari dira ikusten kutsatzean jasotako karga biralaren garrantzia; zenbat eta karga txikiagoa jaso, eritzeko edo larritzeko arrisku txikiagoa, hori uste da. «Argi bereizi behar dugu ez dela gauza bera kutsatuta egotea eta gaixorik egotea. Eta hipotesi hori baieztatuko balitz, maskaren erabilera prebentiboaren balioa oraindik eta agerikoagoa litzateke», Quindosen esanetan; maskarek karga biralaren transmisioa txikitzen dutela esan nahiko bailuke.

OMEk maskarei buruz esandakoei eta esan gabekoei buruz ere ñabardurak egin dituzte Basarasek eta Quindosek. «OMEk aholkatu egin du maskarak erabiltzea, eta nola erabili ere bai. Gobernuek aholku horiek egokitu egiten dituzte beren egoerara», azaldu du Quindosek. Ñabardura erantsi dio Basarasek: «OMEren neurriak mundu osoan hartu beharko lirateke, baina herrialde guztietako osasun egoera ez da bera, eta bakoitzak dituen baliabideak ere ez. Horregatik, nahiko zaila da OMEk esatea maskarak erabili behar direla mundu osoan, ezin baita bete arau hori. Hala ere, OMEk onartu du maskaren erabilera ezinbestekoa dela eta ahalik eta gehien erabili behar dela». Alegia, kontua dela OMEk ez duela agindu maskarak derrigortzeko, badakielako leku askotan ezingo dela agindu hori bete, udaberrian hemen gertatu zen bezala.

Quindosek onartu du badirela maskarek kalte egin diezaieketen pertsona batzuk. «Oso gutxi dira: arnasteko arazoak dituztenak, arazo psikologikoak dituztenak, edo beste era bateko arazoak: adibidez, hizketarako edo entzuteko ezintasunak dituztenak. Horiei kalte egin diezaieke, baina haientzat ere askoz larriagoa izango zatekeen COVID-19 koadro larri edo larri samar bat edukitzea, maskarek eragin diezaiekeen kaltea baino; baina argi dago kasu horientzat ere alternatiba egokiak bilatu beharra dagoela».

«Maskaren beste arazoa da nola ezabatzen diren», seinalatu du Quindosek. Azkeneko hilabeteetan hondakin tonak sortzen ari dira maskarekin eta. «Baina hori, osasun arazo bat baino gehiago, heziketaren eta kontzientziazio ekologikoaren arazo bat da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.