Absolbitu egin dituzte Bankiako auzipetu guztiak

Rodrigo Rato ministro ohiak eta beste akusatuek bankuaren burtsaratzean iruzurrik ez zutela egin ebatzi du.

José Antonio Moral Santín Caja Madrideko kontseilari ohia eta Rodrigo Rato Bankiako presidente izandakoa, epaiketaren une batean,  2018ko azaroan. FERNANDO ALVARADO (EFE)
jokin sagarzazu
2020ko irailaren 29a
11:28
Entzun

Espainiako banku sisteman mugarri bat ezarri zuen Bankiaren kasuak. Estatuak bere gain hartu behar izan zuen bankuaren kontrola: erreskatatu egin behar izan zuen 24.000 milioi euro jarrita. Baina bankuan ardurak izan zituztenetako inork ez du ezer ordainduko deskalabruagatik. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor salak absolbitu egin ditu Bankia auziko 34 akusatuak, tartean Rodrigo Rato bankuko presidente ohia eta Espainiako Gobernuko presidenteorde izandakoa.

Bankua burtsaratzeko kontabilitatea faltsutzea eta inbertitzaileei iruzur egitea leporatu zieten auzipetuei, baina epaimahaiak azpimarratu du akusazioek ez dutela halakorik frogatu. Gogoratu du ikuskatzaile guztiek —besteak beste, Espainiako Bankuak eta EBA Europako Banku Agintaritzak— oniritzia eman ziotela burtsara irteteko erabakiari, eta, beraz, porrotaren erantzule inor egitekotan ikuskatzaileak egin ditu. Horrez gain, inbertitzaile eta bezeroei emandako informazioari buruz, frogatutzat eman du hori «zabala eta segurua» izan zela.

Bankia 2011ko uztailean atera zen burtsara, Ratoren gidaritzapean. Jose Maria Aznarren agintaldian Espainiako Ekonomia ministro izan zen Rato, eta, gerora, Nazioarteko Diru Funtseko zuzendari. Bankua merkaturatu zutenean, 309 milioi euroren irabaziak aurkeztu zituen, baina, burtsara irten eta urtebete pasatu ez zela, 2012ko maiatzean, zuzendaritza uztera behartu zuten Rato, eta Jose Ignacio Goirigolzarrik hartu zuen haren lekukoa, Mariano Rajoyren gobernuak bultzatuta. Kontuak birformulatu zituen Goirigolzarrik; 2.979 milioiko zuloa atzeman zuen, eta jakina zen beste kontu bat agertu zuen: bankua aktibo kutsakorrez beteta zegoela. Diru publikoarekin erreskatatu behar izan zuten bankua, 24.000 milioi jarrita. Bi urte geroago, Espainiako Bankuko perituek txosten bat egin zuten; horren arabera, Bankiak kontuak «makillatu» zituen burtsara atera eta inbertitzaileak erakartzeko.

Berez, Espainiako Estatuak oraindik Bankiaren %62 badu, baina horrek akzioetan 2.000 milioi euro balio du, bankua erreskatatzeko jarritako kopuruetatik oso urrun, beraz. Berriki, gainera, jakin da Caixarekin batuko dela Bankia. FROB erreskate funts publikoak finantza erakunde berriaren %16 izango du.

Angela Murillo epailea

Auzitegiak ia urtebete behar izan du epaia emateko. Angela Murillo izan da epaimahaiburua, eta berak idatzi du epaia. Murilloren lerratze politikoa agerikoa izan da auzitegietan daraman urteetan: kontserbadorea, eta Aznarren ildotik gertuago Rajoyrenatik baino. Ebazpen horrekin, Ratok neurri batean berretsita ikusiko lituzke urteotan esandakoak: bere alderdi ohiaren eta Espainiako Bankuko barne gatazkei erantzuten diola haren kasuak.

Fiskaltzak zortzi urte eta erdiko kartzela zigorra eskatu zuen Rodrigo Ratorentzat. Bankiarekin loturiko beste auzi batean —txartel ezkutuenean— ere epaitu zuten, eta lau urte eta erdiko espetxe zigorra jarri zioten: 2018ko urrian espetxeratu zuten. Auzi nagusitik absolbitu ostean, hirugarren gradua jasotzeko bidea libre du orain. Joan den urtearen amaieran zigorraren laurdena baino gehiago bete zuen. Baimena ez emateko arrazoia, hain zuzen ere, epaiaren zain zegoela izan zen. Dena den, Espainiako Gobernuko presidenteorde ohiak beste fronte judizial bat zabalik du, bere ondarearen jatorriari buruzkoa, eta Ratok lau urteko espetxealdiari eta 2,5 milioi euroko isun eskaera bati egin beharko die aurre.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.