AEB-ak

Bidenen eta Trumpen arteko lehen debatea beroa eta bizia izan da

Bi presidentegaiak pandemiaz, arrazaz eta euren senideez aritu dira eztabaidan. Trumpek Bideni egotzi dio «iruzur» egingo duela posta bidezko botoekin. Bidenek, berriz, «gezurtia» eta «pailazoa» deitu dio.

Biden eta Trump, hauteskunde debatean. OLIVIER DOULIERY / EFE
Andoni Imaz.
2020ko irailaren 30a
09:14
Entzun

AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidentea aukeratzeko hauteskundeetarako bost aste falta direla, aurrez aurreko lehen debatea izan dute Donald Trump presidente eta hautagai errepublikanoak eta Joe Biden hautagai demokratak. Orain arte kanpainak erakutsitako jarrerak puztu eta harrotu ditu kamera aurreko eztabaidak. Bizia izan da, beroa, etenaldi zakarrez eta purrustada pertsonalez betea.

Clevelanden elkartu dira bi presidentegaiak, Ohioko estatuan, eta 90 minutuz hitz egin dute etenik gabe, baina aldiro elkar etenez. «Zaila da hitz bakar bat esatea pailazo, barkatu, pertsona honen aurrean», esan du Bidenek, amorratuta. Chris Wallace moderatzaileak, Fox kate kontserbadoreko aurkezle beterano batek, behin baino gehiagotan eskatu dio Trumpi uzteko beste hautagaiari galdera erantzuten. Halako batean, «isilduko ahal zara behingoz, gizona!», bota dio Bidenek.

Trump showman ezaguna da, eta erosoago aritzen da kameraren aurrean Biden baino. Marmarrean egindako ziztadak hortik, ezusteko garrasi erasokorrak hemendik, bere mezuak zabaldu ditu hasiera-hasieratik: Biden «sozialista» dela, haren semea «ustela» dela Biden presidenteordea zen garaian Ukrainako gas konpainia batean lan egin zuelako, eta «iruzurra» egingo dutela azaroko bozetan, postaz emandako botoen bidez.

Bidenek, energia gutxiagorekin bada ere, eutsi die Trumpek erasoei, eta berak ere gogor hartu du aurkaria. Esan du Trump «gezurtia» eta «arrazista» dela, eta ez dakiela «ezer ere» kontatzen dituen gauzei buruz: «Irten zaitez zure bunkerretik eta golf zelaiko zure hondarrezko zulotik, eta egin ezazu egin behar duzuna bizitzak salbatzeko». Barack Obamaren gobernuko presidenteordeak (2009-2017) gehiago hitz egin du kamerari begira, zuzenean herritarrei zuzentzeko asmoz.

Alderdi Demokrataren primarioetan Bidenek Bernie Sandersi irabazi zion arren, Trumpek haren izena aipatu du debatean, «ezker erradikalaren» mehatxuaz aritzeko. «Kontua da neuk irabazi niola Bernie Sandersi», erantzun dio Bidenek. «Orain, Alderdi Demokrata ni naiz».

Iruzurra ala beldurra

Debate osoan Bideni burla egiteaz gain, Trumpek zabaldu dituen mezu nagusietako bat izan da hauteskundeetan «iruzur» egingo dutela. «Pena da». Behin eta berriro azaldu du posta bidezko botoak iruzurra sustatzen duela, eta, pandemiak eragindako atzerapenaren eta posta bidezko botoen ondorioz «hilabeteak» pasatuko direla emaitzen berri izan arte. Galdetu diote ea bere jarraitzaileak beretuko dituen emaitza ez baldin bada azaroaren 3an bertan argitaratzen, eta baietz erantzun du. «Nire jarraitzaileei eskatzen diet hauteslekuetan dena arretaz behatzeko, hori delako egin behar dutena».

Bidenek erantzun du berak lasaitasunerako deia egingo duela emaitzak berehala jakinarazi ezean, eta esan du Trump «beldur» dela botoak kontatzeko.

Wallace moderatzaileak beste galdera zuzen bat ere egin dio egungo presidenteari: ea gaitzesten dituen zuri supremazistek eta haien miliziek egindako ekintzak. «Ikusten ditudan istilu ia denak ezkerretik eta mugimendu antifa-tik datoz», erantzun du hark.

Bidenek leporatu dio «suari gasolina» botatzen diola, eta izkin egiten diola haien jarduna gaitzesteari, «arraza banaketa eta gorrotoa» sustatzea komeni zaiolako.

Trumpek aitortu du klima larrialdia giza jardueraren ondorioa dela «neurri batean». Bidenek, berriz, adierazi du bera presidente izendatzen baldin badute AEBak klimaren Parisko Hitzarmenera itzuliko direla, eta Brasili mehatxu egingo diola «ondorio ekonomiko garrantzitsuekin» Amazonia «mutilatzeari» utzi ezean.

«Milioiak ordaindu ditut»

Joan den igandean, debatea baino bi egun lehenago, The New York Times egunkariak presidentearen aurkako albiste harrigarri bat eman zuen argitara. Haren arabera, Trumpek 645 euro ordaindu zuen zergetan 2016an eta 2017an. Hark bere burua defendatu du bart: «Milioiak ordaindu ditut zergetan», esan du. Bidenek aukera aprobetxatu du plan fiskal berri baten beharra nabarmentzeko.

Eztabaida bukatu berritan CBS eta CNN kateetan egin dituzten inkestek Biden jo dute garaile, baina ez alde handiz. Gainera, Monmouth Unibertsitateak egin berri duen inkesta baten arabera, hautesleen %3k soilik adierazi dute «seguruenik» debateak izango duela eraginik botoa emateko orduan. Unibertsitate horren arabera, %5ek dute zalantza botoa nori eman.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.