Marrazkigintza

Quino hil da, Mafaldaren egilea

1.928 zintaren ondoren, 1973an marraztu zuen azken aldiz Mafalda pertsonaia. 88 urterekin zendu da, Argentinan.

Quino marrazkilaria, Mafaldaren omenezko erakusketa batean, 2014an, Argentinan.
Quino marrazkilaria, Mafaldaren omenezko erakusketa batean, 2014an, Argentinan. Berria Tamaina handiagoan ikusi

Ane Eslava -

2020ko irailak 30

Joaquin Salvador Lavado, Quino ezizenez ezaguna, Argentinako Mendoza herrian jaio zen, 1932an. 1919an Argentinara emigratutako andaluziarren semea zen, eta haren osaba Joaquin Tejon margolari eta diseinatzaile grafikoaren eskutik aurkitu zuen bere bokazioa. Arte Ederretako ikasketak hasi zituen, eta ez zituen amaitu, baina marrazkiaren eta proportzioen oinarrizko kontzeptuak bereganatu zituen.

Esto Es astekarian argitaratu zituen lehen aldiz bere lanak, eta, ondoren, beste hedabide askotan argitaratzen hasi zen. 1949an, ordea, horiek utzi eta istoriotxoetan eta umorean aritzeko erabakia hartu zuen. 1954an publikatu zuen lehen umore orrialdea eta, ordutik, haren binetak, marrazkiak eta istorioak Amerikako eta Europako egunkari eta aldizkari ugaritan agertu ziren. Nazioarteko umorista grafiko garrantzitsuenetakotzat hartua da, eta Mafalda pertsonaia esanguratsuari esker lortu zuen ospea.

Mafaldaren lehen bertsioa ez zen inoiz argitaratu. 1962ko martxoan marraztu zuen Quinok, baina hasierako asmoa ez zen komiki baten pertsonaia nagusia sortzea. Etxetresna elektriko baten iragarki batentzat komiki zinta bat marrazteko enkargua jaso zuen. Zintan familia bat irudikatu behar zuen, baldintza bakarrarekin: m hizkiaz hasi behar zuen pertsonaia bakoitzaren izenak, etxetresna markarekin lotzeko. Marrazkilariaren eta publizitate agentziaren arteko akordioa ez zen gauzatu, eta Gregorio umorezko gehigarrian argitaratu zituzten zintatxo horietako batzuk.

Ofizialki, 1964ko irailaren 29an estreinatu zen Mafalda komiki zinta moduan, Primera Plana astekarian. 1965eko martxoa bitartean 48 zinta argitaratu zituen aldizkariak. Lehen aldi horretan, Mafalda eta  gurasoak besterik ez zen agertzen, harik eta 1965eko urtarrilean Felipek lehen agerraldia egin zuen arte. Aldizkariak Argentinako eta nazioarteko momentuko gaiak jorratzen zituen, eta gai horiei buruzko zintak marraztu zituen Quinok. 

Primera Plana aldizkaria utzi, eta El Mundo egunkarian hartu zuen erreleboa Mafaldak, 1965eko martxoan. Egunkaria izanik, egunero argitaratzen ziren zintatxoak, eta horrek aktualitatearekin lotura zuzenagoa zuten gaiak jorratzeko aukera eman zion marrazkilariari. Garai hartakoak dira politika eta etxeko kontuei buruzko pasarteak. El Mundo-n hasi eta berehala, pertsonaia gehiagoren beharra sentitu, eta Manolito eta Susanita sortu zituen. 1967ko abenduan, El Mundo itxi, eta Mafaldaren argitaratzea eten zen. Siete Días Ilustrados astekarian beste lan batzuk argitaratzen zituen orduan Quinok, eta, 1968ko ekainean, Quinoren umorezko orria Mafaldarekin ordezkatzea adostu zuten. 

1973ko ekainaren 25ean argitaratu zuen Quinok azken zinta. Pertsonaia berak jorratzeaz nekaturik, beste kontu batzuetan lan egiteko gogoa zuen. Ordutik, eta Unicefen haurren aldeko kanpaina batzuez salbu, artistak ez zuen Mafaldaren zintatxo berririk kaleratu.

1976ko estatu kolpearen ondorioz, Argentinatik ihes egin eta Milanen (Italia) erbesteratu behar izan zuen Quinok. Hala ere, militarren diktadurapean (1976-1983), ez zituzten hark sortutako istorioak zentsuratu. Egileak bazuen teoria bat: «Uste dut genero txikitzat hartzen zutela». 1990ean Espainiako nazionalitatea eskuratu zuen, eta, ondorioz, Madril eta Buenos Aires artean ere bizi izan zen.

2014an 50 urte bete ziren Quinok Mafalda lehen aldiz marraztu zuenetik. Urte hartan, marrazkilariak esan zuen haur kritikoak egiten zituen galderek artean ez zutela erantzun argirik, eta 60ko hamarkadaren amaieran eta 70ekoaren hasieran auzitan jartzen zituen arazo unibertsalak konpondu gabe zeudela oraindik. «Orduz geroztik ezer ez da aldatu munduan. Batzuetan harritu egiten naiz orain dela berrogei urteko zinta horiek egungo gorabeherekin lotuta daudelako», adierazi zuen. 

Mafaldaren ondoren, umore beltzagoa

Mafalda marrazteari utzi zionetik, Quinok umore garratzagoa eta beltzagoa jorratu zuen, neurri handiagoan publiko helduarentzat zena eta umorezko liburuen bilduman bilduz joan zena. Berrienen artean Qué presente impresentable! (2005), La aventura de comer (2007) eta ¿Quién anda ahí? (2013) daude. Azken urteetan, batez ere Clarín egunkarian argitaratu zuen.

Marrazkilaria 88 urterekin zendu da, sorterrian, Mendozan; han bizi zen 2017tik, emaztea hil zitzaionetik. Osasun arazo ugari izan ditu azken urteetan, eta gurpil aulkian ibiltzen zen. Haren senideek azaldu dutenez, «adinari dagozkion arrazoiengatik eta azken aldiko osasun arazoengatik» zendu da, bizitza «betetasunez» bizi ondoren.
 

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Albiste gehiago

Sean Connery, Berlinen, 2005. urtean ©MARCUS BRANDT/POOL / EFE

Sean Connery aktorea hil da

Iñigo Astiz

Zinemako lehen James Bond izateak egin zuen famatu, baina hamaika filmetan hartu du parte bere ibilbidean, eta sari garrantzitsu sorta bat jasota hil da 90 urterekin 

Develaireren erakusketa, Nafarroako Museoan. ©Iñigo Uriz / Foku

Itxialdian %67 murriztu zen Nafarroako kultur enpresen fakturazioa

Ane Eslava

Nafarroako Kultura Zuzendaritza Nagusiak bi txosten aurkeztu ditu, konfinamenduak kultur arloan izan duen eraginari buruz

Michel Tabachnik suitzarrak zuzendu zuen Euskadiko Orkestra herenegun. ©TIPEZ
Idoia Garzes idazlea, bere helduentzako lehen eleberria, <em>Mendiko gaitza</em>, eskuetan duela. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Mendiko gaitza: fisikoa ez ezik, soziala ere bai

Amaia Igartua Aristondo

Idoia Garzesen 'Mendiko gaitza' liburuko protagonista desagerpen batekin lotuko du mendian aurkitutako txartel batek. Helduentzako lehen eleberria du, eta proiektuarekin Zubikarai beka jaso zuen iaz

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna