Lurrikara
Richter eskalako 4,6 graduko lurrikara bat eta 4,4 graduko beste bat hauteman dituzte Nafarroan
Lizoainibar-Arriasgiotin epizentroa zuten lau lurrikara erregistratu dituzte bart, eta 33 erreplika. Lehenengoa gauerdia jo berritan izan da, Richter eskalako 4,6 gradukoa. Haren atzetik etorri dira 4,4 graduko astinaldi bat, eta 3,8 eta 3,4 graduko beste bi.

Nafarroak aurreko egunetan baino lurrikara indartsuagoak erregistratu ditu bart. Gauerdian gertatu da nabarmenena, eta haren atzetik etorri dira erreplika txikiago batzuk. Gehienen epizentroa Lizoainibar-Arriasgoiti udalerria izan da.
Lurrikara horiek sumatu dituzte, Nafarroan ez ezik, baita Gipuzkoako zenbait herritan ere, besteak beste Donostian eta Hernanin. Euskal Herritik kanpoko zenbait lurraldetan ere bai: Aragoin, Errioxan eta Katalunian.
Espainiako Geografia Institutuak 00:02an erregistratu du lehenengo lurrikara, indartsuena: Richter eskalako 4,6 gradukoa. Hurrengo minutuetan, 2,9 graduko eta 1,9 graduko beste bi ere jaso dituzte, eta, 00:54an, indartsuago bat: 3,4 gradukoa. 01:37an, 3,7 graduko astinaldi bat erregistratu dute Eguesibarren (Nafarroa), eta minutu gutxiko tartearekin gertatu dira erreplikak, Lizoainibar-Arriasgoitin eta Eguesibarren.
02:21ean, 4,4 graduko lurrikara bat erregistratu dute Lizoainibar-Arriasgoitin, eta hark ere 2,7 gradura arteko erreplikak izan ditu hurrengo hiru orduetan.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.