Pilota

Garai: «Egoerara egokitu behar izan dugu»

Azkenaldian pilotariengandik jaso dituzten salaketan aurrean, Baikoko zuzendari nagusiak adierazi du koronabirusak sortu duen egoera berrira egokitu eta erabakiak hartu beharrean izan dela enpresa. Pilotariek mobilizazioen berri emango dute bihar, Bilbon, ELAren egoitzan.

Jose Ramon Garai, gaurko agerraldira iristen. GORKA RUBIO, FOKU
Julen Etxeberria - Jon Ordoñez Garmendia
2020ko urriaren 1a
12:14
Entzun

Zurrunbiloaren erdian izan da azken asteetan Baiko eskuzko pilota enpresa, eta Jose Ramon Garai zuzendari nagusiak azalpenak eman ditu gaur Bilbon egin duen agerraldian. Funtsean esan du pilotarien kontratuetan azkenaldian egon diren gorabeherak osasun krisiak sortu duen egoera aldaketak behartuta izan direla, jaialdi gutxiago dagoela, sarrera gutxiago saltzen direla, eta Baikok hori kudeatu behar duela. Koronabirusak eragin duen egoera berrira egokitu eta neurriak hartu besterik ezin dutela egin argudiatu du. Gaineratu du kirol profesionalaren oinarria kirolarien txandakatzea dela, eta azpimarratu du Baikok ez dituela bota, baizik eta eurek erabaki dutela ez segitzea.

Astelehenean Beotibarreko adierazpena sinatu zuten pilotariekin biltzekoa da enpresa, eta hitz egin ahal izatea eta egoera bideratu ahal izatea espero duela esan du Garaik. Baina garbi utzi du azken aldiko gertaerek egoera ekonomikoa dutela oinarri. Baikoko zuzendari nagusiak azaldu du %20ra arteko soldata murrizketa negoziatu nahi dutela orain pilotariekin, eta ez dutela lehenago egin, aldi baterako erregulazio espedientea amaitu zenean, horrek giro txarra sor zezakeelako, haren hitzetan.

Sei pilotariak, kasuz kasu

Unai Laso eta Jon Mariezkurrena dira Baikorekin jarraituko ez duten sei pilotarietako bi. «Baiko diktadura bat da», esan dio Lasok BERRIAri. Garaik esan du bi pilotari horiei osasun krisia hasi aurretik eskaintza bana egin zietela, eta biek atzera bota zutela. Baikoko zuzendari nagusiaren hitzetan, zuen kontratuaren antzeko bat eskaini zioten Lasori, eta Mariezkurrenari, berriz, orduan jasotzen zuena halako bi. Ez zituzten onartu, ordea. Lasok soldataren %28ko igoera eskatu zuen. Orduan, baina, koronabirusak egoera irauli zuen. Egoera berrira egokitutako eskaintzak egin zizkieten orduan bi pilotariei, Garairen hitzetan; azaldu du Mariezkurrenari orain arte izan duen kontratuaren antzekoa eskaini diotela, baina ez onartzea erabaki duela. «[Pilotariak] Ezin dira izan funtzionarioak, betirako lana bermatuta dutenak», adierazi du Garaik agerraldian.

Kontratua berritu duten beste lau pilotariez ere hitz egin du Garaik. Iker Arretxeren eta Victor Estebanen kasuetan kontratua ez berritzeko erabakia hartua zegoela esan du, «kirol arrazoiengatik», eta horien ordez beste bi pilotariri egin dietela kontratua: Iraitz Zubizarretari eta Endika Uriondori. Iosu Eskirozen kasuan, azaldu du ekainean egin ziotela eskaintza, baina, ikusita bi hilabetean ez zuela erantzun, Garaik azaldu duenez, gogo falta sumatu ziotelako, entrenatzen jarraitu eta beste eskaintza bat egingo ziotela esan ziotela. Etxegoienen kasuan, berriz, jakinarazi du pilotariak lortu nahi zuela akordio bat enpresarekin, pilota uzteko, ez zuelako jokatzen jarraitu nahi.

Jokalarien soldatak

Jose Ramon Garai Baikoko zuzendari nagusiak gaurko agerraldian azaldu du 150 langile dituela pilota enpresak, eta %30 direla pilotariak. Jokalari bakoitzaren soldata zenbatekoa den zehaztu gabe, jakinarazi du formatuta dagoen pilotari batek 25.485 euro gordin jasotzen dituela urtean, eta Baikoko pilotarien batezbestekoa 91.733 euro gordin direla urtean.

Beotibarren egin zuten agerraldi bateratuan, pilotariek Garai egin zuten bizi duten egoeraren arduradunetako bat: «Guk pilotan jokatzen jarraitu eta hainbeste maite dugun kirol hau defendatu nahi dugu, baina gutxieneko tratu duina jasoz, Jose Ramon Garai zuzendari nagusiaren eskutik orain jasotzen ez dugun hori». Garaik gaurko agerraldian esan du berari buruz esan diren hitz horietan ez duela bere burua islatuta sentitzen, eta bera betikoa dela.

Asteburu honetan hasiko da berriro Binakako Txapelketa, martxoan osasun krisiagatik bertan behera geratu ostean. Baikon izandako gorabeherek nahastu egin dute giroa pilota munduan. Asier Agirrek ordezkatuko du Laso, eta horrek ere adierazi du, «aukera polita» izanagatik, ez dela gustuko egoera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.