Osasungintza

Osakidetzako langile azpikontratatuek euren zerbitzuak publiko egiteko eskatu dute

ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek deituta, elkarretaratzeak egin dituzte Txagorritxuko, Gurutzetako eta Donostiako ospitaleetan.

Azpikontratatutako langileen elkarretaratzea, gaur, Txagorritxuko ospitalearen atarian. ARITZ LOIOLA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2020ko urriaren 1a
13:22
Entzun

«Pausoa eman», eta Osakidetzari ematen dizkioten zerbitzuak publiko egitea. Eskaera hori egin dute garbiketako, anbulantzietako, jantokietako eta kafetegietako langile azpikontratatuek. Txagorritxuko, Gurutzetako eta Donostiako ospitaleen atarian elkarretaratzeak egin dituzte, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek deituta.

Noemi Etxebarria ELAko kideak azaldu duenez,  langile azpikontratatuek ere bat egin dute Osakidetzako osasun langileen protestekin, «osasun eta lan baldintzak eskatzeko», eta haiek ere kontuan har ditzaten, «zerbitzuak azpikontratatzeak baldintzak prekarizatu soilik» egiten duelako. Etxebarriaren hitzetan, gainerako administrazioetan gertatzen den modura, langile azpikontratatuak «azkenak» dira, eta «ez dituzte kontuan hartzen».

Ezinbesteko zerbitzutzat badituzte, Osakidetzari eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eskatu diote «pausoa emateko» eta zerbitzu horiek publiko egiteko. «Azpikontratazio sistemak gero eta gehiago okertzen ditu langileen baldintzak», ohartarazi du Etxebarriak.

Gaur elkarretaratzeak egin dituzten langile gehienak pandemian «lehen lerroan» lanean aritu zirela gogorarazi du Etxebarriak, baita bizi izan zituzten baldintzak salatu ere: «Azkenak izan dira eta ez da egon norbera babesteko ekipamendurik. Neurriren bat hartzen den bakoitzean, erabakiak enpresei helarazten zaizkie, baina ez da derrigortzen langile publikoekin bezala betetzera; beraz, azpikontratatutakoen baldintzak txarragoak dira».

Egoera ikusita, langileek protestetan parte hartzen jarraitzeko asmoa dute. Hurrengoa Bilbon izango da, larunbatean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.