Espainia

Kongresuak 'Kitchen auzia' ikertzeko batzordea sortzea onartu du

PSOEren eta Unidas Podemosen egitasmoak gehiengo zabal baten babesa jaso du. Soilik PPk, Foro Asturiasek eta Coalicion Canariak bozkatu dute aurka. Vox abstenitu egin da.

Meritxell Batet Espainiako Kongresuko presidentea, atzo, ganberaren osoko bilkuran. EMILIO NARANJO
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko urriaren 1a
14:51
Entzun

Espainiako Kongresuak Kitchen auzia delako ikertzeko batzorde bat eratzea onartu du. PSOEren eta Unidas Podemosen proposamena babestu dute Ciudadanosek, Compromisek, Mas Paisek eta Katalunia, Galizia eta Euskal Herriko indar abertzaleek.

Kitchen auzia-k PPren finantzaketa ilegala estaltzeko ustezko espioitza operazio bati egiten dio erreferentzia; Poliziaren ikerketaren arabera, estatuko diru bereiziekin ordaindu zena. Zehazki, ikerketek diote Luis Barcenas PPko diruzain izandakoari alderdiaren legez kanpoko finantzaketarekin lotuta zeuden dokumentuak lapurtzeko operazio bat izan zela.

Poliziak operazio horren «zuzendaritza eta koordinazio» lanetan kokatu du Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministro izandakoa. Hori dela eta, joan den astean, Auzitegi Nazionaleko Manuel Garcia Castellon epaileak auzian inputatu zuen Fernandez Diaz.

Epaileak uko egin zion Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusi ohi eta Espainiako Defentsa ministro ohia eta haren senar Ignacio Lopez Hierro inputatzeari, Fiskaltzak hala egiteko eskatu arren. Baina ezin daiteke baztertu aurrerago horiek auzipetzea. Izan ere, urriaren 29rako deklaratzera deitu du Francisco Martinez Segurtasun estatu idazkari ohia, Fernandez Diazen agindutara egon zena, Cospedal eta Lopez Hierro inputatuko dituen ala ez erabakitzeko.

Jose Villarejo Espainiako Poliziako komisario ohiari atzemandako grabazioetan, operazioarekin lotzen ditu hark Cospedal, Lopez Hierro eta Mariano Rajoy Espainiako presidente ohia eta PPko buru izandakoa.

Kongresuak ikerketa batzordea eratu ostean, lanerako plangintza bat osatu beharko du, eta bertan jasoko ditu deklaratzera deituko dituen pertsonen zerrenda. Horien artean, PPko hainbat agintari ohi eta egungo zenbait arduradun deitzea espero da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.