Herriko plazetara eraman dute presoen aldeko aldarria

Urriaren 24an manifestazioa egiteko deia berretsi du Sarek. Donostian izanen da, 'Resolution! Etxera!' lelopean.

Sareren ekitaldia, gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Ion Orzaiz.
2020ko urriaren 3a
19:14
Entzun

Ordizian, Bergaran, Leitzan, Otxarkoagan, Errenterian, Ondarroan, Gasteizen, Sopelan, Arangurenen, Berriozarren, Larrabetzun, Oñatin, Iruñean, Trebiñun, Erronkarin... Menditik herriko plazetara. Sare Herritarra plataformak gaurko egina zuen Euskal Herriko 650 mendi tontorretara igotzeko deialdia, baina eguraldi makurrak hasierako plana zapuztu ostean, plazara eraman dute presoen aldeko aldarria. Hala, ehunka lagunek elkarretaratzeak egin dituzte hainbat herriko plazetan eta sare sozialetan zabaldu dituzte #IzanBidea traolarekin.

Donostian eginiko agerraldian, «penatuta» azaldu dira Bego Atxa eta Joseba Azkarraga Sareko bozeramaileak, mendietara igotzeko egitasmoa bertan behera utzi izanagatik, baina «esker ona» ere adierazi nahi izan diete izena emandako pertsona guztiei. Heldu den urteko maiatzaren 8ra atzeratu dute deialdia: «Mendi tontorren igoera bertan behera utzi behar izan dugun arren, aise erakutsi duzue maiatzaren 8an ekimen ikusgarri eta historikoa egingo dugula», esan du Atxak.

Halaber, herriko plazetan bildutako jendeak argazkien bidez adierazi duen elkartasuna «oso garrantzitsua» dela nabarmendu du Azkarragak: «Ez gara gelditu. Ez dugu gelditu nahi. Prest gaude bakea eta elkarbizitza eragozten dituen sufrimendua behin betiko bukatzeko. Mendi tontorretan irudikatzekoak ginen marea urdina zabal dezagun, herriz herri eta sareetan».

Gaurko protesta ekintzaz eta maiatzera atzeratutako mendi igoeraz gain, Sareko arduradunek gogorarazi dute urriaren 24an Donostiako kaleetara eramanen dituztela sakabanaketaren eta espetxe politikaren aurkako aldarriak Resolution! Etxean! lelopean egitekoak diren manifestazioan. «Bertan, mundu osoari zuzenduko gatzaizkio, mundu osoak jakin dezan oraindik hemen ehunka preso etxetik ehunka kilometrora daudela; oraindik orain, preso gehienak lehen graduan edo zigor graduan daudela; oraindik orain, emakume presoak bakartuta jarraitzen dutela; ehun motxiladun haur inguru daudela, eta preso gaixoak heriotzara arte edukitzen dituztela espetxean», azaldu du Atxak.

Mosaiko erraldoia

Manifestazioaren bukaeran, mosaiko erraldoi bat osatuko dute parte hartzaileek, Kontxako hondartzan. Atxaren esanetan, mosaikoarekin irudikatuko dute «salbuespenezko espetxe politika bertan behera uzteko beharra», eta «ezinbestekoa dela presoen etxeratze prozesua abian jartzea».

Bere hitzartzearen bukaeran, Azkarragak gaineratu du Espainiako eta Frantziako gobernuek orain arte eginiko mugimenduak eta keinuak «adabakiak» besterik ez direla izan: «Konponbidearen zain jarraitzen dugu, euskal presoen %85 etxetik 650 kilometrora baino gehiago dagoelako. Presoak etxera ekarri arte ez dugu etsiko». Ordura arte, «bidearen parte» izateko deia egin die Donostian bildutakoei: «Argi dugu zein den gure tontorra: etxerako bidea, elkarbizitza eta bakea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.