Gazte mugimendua

Ibilbideari bukaera eman dio Aitzina Gazte Antolakundeak

Gazte ezkertiar eta abertzale ororen espazioa izateko eta euskal gazteria eta herri gisa «ditugun erronkei» behar besteko eraginkortasunez erantzuteko «ezintasuna» aipatu dute bukaera iragartzeko agirian. Hilabete batzuetako epean «beharrezkoak diren gogoeta, harreman eta eztabaidei» bide emanen diete, «indarrak bildu eta euskal gazteriak tresna berriak sor ditzan».

Aitzinak antolatutako mobilizazioetako bat, Donibane Lohizunen, 2016an.
Aitzinak antolatutako mobilizazioetako bat, Donibane Lohizunen, 2016an. Isabelle Miquelestorena Tamaina handiagoan ikusi

Ekhi Erremundegi Beloki -

2020ko urriak 5 09:48

Ipar Euskal Herriko gazte ezkertiar eta abertzaleen bilgune izateko sortu zen Aitzina gazte antolakundeak bere ibilbidea bukatzea erabaki duela jakinarazi du ohar batean. «Argi dugu, azken boladan Aitzinak jadanik ez ziela behar bezalako eraginkortasunez erantzuten euskal gazteria eta herri gisa ditugun erronkei», adierazi dute. Gazte ezkertiar eta abertzale ororen espazioa izateko «ezintasuna» aipatu dute, eta «hutsuneak» izan dituztela Hendaiatik (Lapurdi) Eskiulara (Zuberoa ), eta Bardozetik (Lapurdi) Urepelera (Nafarroa Behera) existitzen diren «errealitate, problematika eta erronka anitzei» erantzuterako orduan. «Abagunea aztertu, egoera barneratu, urte gorabeheratsu hauek baloratu eta heldutasunez, uneak eskatzen digun erabakia hartu dugu kolektiboki; Aitzina gazte antolakundearen ibilbideari bukaera ematea».

Gazteriaren baitan «engaiatzeko forma eta gai berriak» agertu ahala, 2010eko hamarkadako «militantzia asmatzeko zeregin zailak» markatu du Aitzinaren ibilbidea, azken oharrean idatzi dutenez.«Autokritika zintzoa egiten ari gara eta egiten segituko dugu. Irakaspenak atera behar ditugulako batetik ; eta bestetik, euskal gazteriari zor diogulako». Hala, gazte esparrutik Euskal Herriaren askapen prozesuari ekarpena egiteko «ardura historikoa» beren gain hartzen dutela erran dute: «haria ez da etengo». Zehaztapenik eman gabe, hilabete batzuetako epean «beharrezkoak diren gogoeta, harreman eta eztabaidei» bide emanen dietela jakinarazi dute, «indarrak bildu eta euskal gazteriak tresna berriak sor ditzan». Aitzinaren ustez, «ideia ezkertiar, abertzale, feminista eta ekologistak jendartearen gero eta sektore gehiagorengana hedatzen ari diren honetan, Ipar Euskal Herrian nehoizko baldintzarik onenak ditugu aipatutako askapen prozesuan aitzina pausoak egiteko».

Azken oharraren bidez, «esker berezia» helarazi diete azken urteetan Aitzinaren «parte, bidelagun eta burkide» izan diren guziei, eta «akatsak akats», Aitzinako militanteek izandako «ausardia» goraipatu dute. «Injustizien aurka altxatzeko ausardia, ekintzetan gure gorputzarekin gure ideiak defendatzekoa, konfluentzia guneak sortzen entseatzekoa edo feminismotik gure antolakundea ere zeharkatzen duen zapalkuntza patriarkala errotik mozteko ekitekoa...».

Aitzinaren agerraldia, frantsesez bakarrik idatzitako bide seinaleak kentzeko aldarrikatzeko. SYLVAIN SENCRISTO

Zazpi urteko ibilbidea

2013ko azaroaren 2an sortu zen Aitzina gazte antolakundea, Baionan egin zuten ekitaldi jendetsuan, hilabete batzuk lehenago Orain dun/k tenorea prozesua aitzina eraman ondotik. Lehenago, Gazteriak-ek, Haikak eta Segik izandako lekua hartu zuen. Euskal Herri mailan, Ernai gazte antolakundearekin lotura estua izan du azken urteetan, eta hainbat ekitaldi elkarrekin antolatu izan dituzte. 

2013. urtea bukatu aitzin, euskara, gazteen zatiketari gaina hartzea eta nazio identitatea oinarri abiatu zituen lehen kanpainak Aitzinak. Baionako suprefetura aitzinean egin zuten lehen ekintza. Ikatza bota zuten «Frantziako Estatuak ikastolen aurka eramaten duen gurutzada» salatzeko. 2014. urtean, frantses hutsean idatziak ziren bide seinale zenbait kentzeari ekin zion, «Frantziako Estatuak euskal gizartearekiko duen jarrera zapaltzailea» salatzeko. Bide seinale horiek «urteetan eraman asimilazio prozesuaren sinbolotzat» jo zituen, eta Parisera zihoan tren batean sartu zituen, Frantziari itzultzeko. Ekintza horren ondorioz, Aitzinako kide bat atxilotu, eta gazte antolakundeak Baionan duen egoitza miatu zuen Frantziako Poliziak 2014ko urriaren 7an. Baina «ildo beretik» segitzeko borondatea agertu zuten gazteek. «Desobedientzia zibila erabiliz, gure herriaren nortasuna ukatzen duten sinboloak kenduz segituko dugu». Gerora, gazte gehiago ere atxilotu zituzten ekintza horiengatik. 2014ko abenduan, euskarazko bide seinaleak jarri zituen Aitzinak Ipar Euskal Herriko hamabost tokitan, Ipar Euskal Herriko onarpen instituzionala eta euskararen ofizialtasuna aldarrikatzeko.

Zazpi urteko ibilbidean, ekintza andana egin ditu gazte antolakundeak, eta hainbat aldarri plazaratu ditu. Aipagarriak dira, besteak beste, Aitzinak bultzatutako talde feminista, Guk EH kanpaina, eta G7koen goi bileraren kontra bultzatutako Oldartu gazte dinamika. Baina, arazoak ere aurkitu ditu ibilbidean zehar. 2016ko udan hasi eztabaida saioa abiatu zuten Aitzinako kideek, antolakundearen «efizientzia politiko eskasaren arrazoiak» identifikatzeko; gogoeta horren ondorio gisa, antolatzeko eredu berria proposatu zuten 2017ko urrian. Baina badirudi azken urteetan ez dutela lortu nahi zuten dinamika martxan ematen, gazte antolakundearen ibilbidearen bukaera iragarri baitute gaur. Aitzina segitzeko aldarriarekin eman dute azken hitza: «Bada bidea : Independentzia, sozialismoa eta feminismoaren bidean, beti Aitzina!».

Aitzinaren ekintza Altsasuko gazteekin elkartasunez, Espainiaren Baionako kontsulatuan. ISABELLE MIQUELESTORENA

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

 ©ARITZ LOIOLA / @FOKU

«Batek daki zein izango den bilakaera datozen hilabeteetan»

Igor Susaeta

Aurrekontuak egotea «garrantzitsua» dela uste du, baina legegintzaldiari egonkortasun «makal bat» emango diotelakoan dago. «Mugimenduen arabera, gauzak asko alda daitezke».
1 ©EZEZAGUNA / EZEZAGUNA

BUELTAN ETORRI ZITZAION

Gotzon Hermosilla - Iñaki Petxarroman

Duela 50 urte, frankismoak epaitegi militar baten aurrera eraman zituen hamasei euskal ekintzaile, eta heriotza zigorra eskatu zuen haietako seirentzat. Epai zentzagarria eman nahi zuen erregimenak, baina kontrakoa lortu zuen: herritarren protestek eta nazioarteko elkartasunak ataka estuan jarri zuten diktadura.

«Batez ere, inpunitatea izaten zen gogorrena»

Gotzon Hermosilla

Roberto Perez Jauregi gazte eibartarra hilik suertatu zen Burgosko Prozesuaren kontrako protestetan. Haren lagun eta burkide izandako Begoña Vesgak dioenez, urte askoan «ahaztutako biktima» izan da.

Askotariko bideen abiapuntua

Iñaki Petxarroman

Burgosko Prozesua igaro ostean, auzipetuek hainbat ikuspegi eta lekutatik bizi izan dituzte Euskal Herriaren egoera politikoaren nondik norakoak. Askotan, kide izandakoak ideologikoki erpin ezberdinetara urrundu ziren. Hona hemen haien ibilbideak, laburtuta.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna