Zaballa

Denis Itxasok esan du Osakidetzaren esku daudela kartzeletako osasun zerbitzuak

Zaballan hildako presoen harira, heriotzak «gehiegizkoak» direla adierazi du Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak, eta uste du sistema «berriz planteatu» beharko litzatekeela.  

Denis Itxaso artxiboko irudi batean. DAVID AGUILAR/EFE
Maria Ortega Zubiate
2020ko urriaren 5a
12:38
Entzun

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kartzeletako presoen osasun zerbitzuak Osakidetzaren esku daudela azaldu du Denis Itxasok, Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak. Gehitu du erakundea «berebiziko lana» egiten ari dela presoen osasun egoera bermerik handienekin babesteko. Zaballako kartzelako (Araba) heriotzen kasuan, adierazi du «bakarra balitz ere gehiegizkoa» litzatekeela eta, espetxearen helburuak betetzen ez direnez, sistema «berriz planteatu» beharko litzatekeela.

Euskadi Irratiko Faktoria saioan egin ditu adierazpenok Itxasok. Espainiako Estatuko datuak Europako gainontzeko Estatutakoen antzekoak direla azpimarratu du Itxasok. Dena den, adierazi du espetxeek presoen gizarteratzea dutela helburu eta, horrelako kasuetan, «hildako bakarrarekin ere» berriz planteatu beharko litzatekeela sistema.

Ukatu egin du Espainiako Gobernuak presoen osasunean erantzukizuna duela, 2011. urtetik Osakidetza baita EAEko kartzeletako presoen osasunaren erantzule. Osakidetzaren lana goraipatu du, eta Zaballako zuzendariarekin duen lankidetza azpimarratu du; hain zuzen ere, azken heriotzen harira, azaldu du neurriak hartzeko batzartu behar direla. Hala ere, adierazi du egokiak izan direla Espainiako Gobernuak COVID-19aren ondorioz espetxeetan hartu dituen neurriak, eta azaldu du espetxe barruan ez dela izan espetxeetatik kanpo gertatu den kutsatze kopururik.  

«Kasuz kasuko azterketa»

Azken bi asteburuetan zenbait euskal preso lekualdatu eta gerturatu izana ere izan du hizketagai. Itxasok ezeztatu egin du «adostutako zerbait» izaten ari denik; erabakiak kasuz kasu hartzen direla adierazi du. Gehitu du, halaber, presoak «benetako borondatea eta egindako guztiagatiko damua agertzen badu, eragindako mina onartzen badu eta benetan gizarteratzeko asmo bat agertzen badu», graduz aldatzeko eta gertuago dagoen kartzela batera lekualdatzeko aukera izan dezakeela. 
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.