Bertsolaritza

Atzeratu egingo dute Nafarroako Bertsolari Txapelketa

2021eko urtarriletik martxora bitarte zuten egitekoa Nafarroako 45. Bertsolari Txapelketa, baina koronabirusaren eraginez, egunik jarri gabe atzeratzea erabaki dute.

2019ko Nafarroako Bertsolari Txapelketako irudi bat. JAGOBA MANTEROLA/FOKU
Inigo Astiz
2020ko urriaren 5a
13:42
Entzun

Nafarroako Bertsozale Elkarteak ez du modurik ikusten, pandemia betean, lehiatzekoak diren bertsolarien «aukera berdintasuna» bermatzeko, eta horregatik hartu du datorren urteko txapelketa atzeratzeko erabakia. Berez, urtarriletik martxora zen egitekoa, baina, kideen artean kontsulta egin, eta ez dute horretarako modurik ikusi. Ez dute txapelketa bertan behera utzi, baina, oraingoz, ez dute data berririk zehaztu ere. Iragarri dutenez, pandemiaren bilakaeraren arabera erabakiko dute noiz egingo den.

Txapelketak berezkoak dituen ezaugarriek zailtzen dute egoera, elkartearen hitzetan, eta haren bilakaera goitik behera eralda dezaketen hainbat faktore zerrendatu ditu, hedabideetara bidalitako prentsa oharrean. Ondorengoak hirurak aipatu dituzte adibidetzat. Bat: bertsolariren batek konfinatu behar izatea, eta txapelketan parte hartzeko aukera galtzea. Bi: saiotik saiora epaimahai bera bermatzeko zailtasunak izatea. Eta hiru: saio batetik besterako emanaldiak izan ditzakeen eserleku kopuruari eta nolakotasunarii buruzko aldaketak egin behar izatea. Eta aldaketa horiek eragozten dute, Nafarroako Bertsozale Elkartearen hitzetan, bertsolarien aukera berdintasuna.

Bestelako saioak

Txapelketarik egin ez arren, saioak antolatzeko borondatea azaldu du, halere, eta kultura segurua dela azpimarratu nahi izan du Nafarroako Bertsozale Elkarteak. «Txapelketaren hutsunea» bestelako saio batzuekin osatu nahi luketela ere iragarri dute. Horiek aurrerago azalduko dituztela esan dute, eta jadanik abian dituzten asmoen berri eman dute. Zehaztu dutenez, aste honetan bertan hasiko dira martxan bertso eskolak, adibidez, eta jarraitzen dute Nafarroako 60 ikastetxetan bertsolaritza irakasteko programekin ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.