Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskoletako jantokietan hiru eguneko greba egingo dute

Urriaren 21erako, 27rako eta 29rako egin dute greba deialdia ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek. Ikastetxe publikoetako, itunpekoetako eta pribatuetako langileak deitu dituzte grebara.

Jantoki zerbitzua bermatzeko egindako protesta bat, artxiboko irudian. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2020ko urriaren 7a
12:32
Entzun

Hiru eguneko greba egingo dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskoletako jantokietan. Hain zuzen, urriaren 21erako, 27rako eta 29rako egin dute deialdia ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek. Ikastetxe publikoetako, itunpekoetako eta pribatuetako jantokietako langileak deitu dituzte grebara. Eusko Jaurlaritzak Gasteizen duen egoitzaren aurrean egindako mobilizazioan egin dute iragarpena. Azaldu dutenez, lan baldintzak defendatu nahi dituzte, baita osasuna bermatu ere: «Ikastetxe publikoetako, pribatuetako eta itunpeko ikastetxeetako jangeletan azpikontratatutako langileek merezi duten errespetua eskatzen dugu, neurri negoziatu eta inposatu gabeekin, beharrezko segurtasunari, enpleguari eta lan baldintzei eustea bermatzeko».

Sindikatuen hitzetan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari ez ezik, «hezkuntzako patronalei» ere eskatu diete sindikatuekin eseri eta «kalitatezko» jantokiak antolatzeko, sektoreko langileen lanari eta lan baldintzei eustea bermatzeko eta langileen eta erabiltzaileen osasuna bermatzeko, baina erantzuna bestelakoa izan dela diote: «Izan dugun erantzun bakarra inposaketa izan da, elkarrizketarik gabe. Daukagun informazio guztia komunikabideen bidez edo protokoloak [Hezkuntza] Sailaren webgunean bilatuz lortu dugu».

Egunerokoan duten egoera nolakoa den ere azaldu dute. Sindikatuen arabera, aurreko ikasturteko ratioak dituzte, eta talde egonkorren eta espazioaren beharrei ere jaramonik ez dietela egiten nabarmendu dute. Gainera, salatu dutenez, ez dira enpleguari eusten ari, ezta lan baldintzei ere: «Langile asko ez dituzte deitu euren lanpostuetara».

«Inprobisazioak» eta jantoki seguruak izateko langile faltak «mesfidantza» eragin duela ikusi dute, eta, sindikatuen iritziz, askok ez dute zerbitzua eskatzen, «beharra izan arren». Ildo beretik, hainbat ikaslerentzat jantokiek duten garrantzia azpimarratu dute: «Ez dugu ahaztu behar egunean jasotzen duten otordu oso bakarra dela jangela zerbitzua erabiltzen duten ikasle askorentzat».

Beraz, egoera ikusita, Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuari eskatu diote «alde bakarreko» bidea uzteko, eta «behingoz» eskoletako jantokietako langileen ordezkariekin hitz egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.