Abortatzeko eskubidea

16 eta 17 urteko neskei gurasoen baimenik gabe abortatzeko eskubidea itzuliko die Madrilek

2010eko legeari 2015ean egindako erreforma baliogabetuko duela iragarri du Irene Montero Espainiako Gobernuko Berdintasun ministroak Kongresuan.

Euskal Herriko Mugimendu Feministaren manifestazioa abortatzeko eskubidearen alde, 2014an, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2020ko urriaren 7a
16:37
Entzun

16 eta 18 urte arteko emakumeei haurdunaldia eteteko muga altxatuko die Espainiako Gobernuak: ez dute gurasoen baimena aurkeztu behar izango abortatzeko. 2010eko abortu legea erreformatu egin zuen 2015ean orduko gobernuak, PP buru zuela, adingabeei abortatzeko eskubidea mugatzeko, eta erreforma hura baliogabetu nahi du orain Madrilek. Hala berretsi du gaur Irene Montero Berdintasun ministroak Espainiako Kongresuan, legegintzaldirako asmoen berri ematean.

2010ean onartu zuen Kongresuak egun Hego Euskal Herrian indarrean den legea. Epeen araberako sistema bat ezarri zuen Sexu eta Ugalketa Osasunari eta Haurdunaldia Borondatez Eteteari buruzko Lege organikoak: haurdunaldiaren lehen hamalaugarren asteetan libreki eta doan abortatzea baimendu zuen; 22. astera arte ere haurdunaldia eten daiteke, baldin eta haurduna edo fetua arrisku larrian badaude. PPk gogor jo zuen legearen aurka —Espainiako Auzitegi Konstituzionalera eraman zuen—, eta gobernura itzuli zenean 1985eko legea baino murriztaileagoa zen arau bat proposatu zuen, baina mugimendu feministaren protesta historikoak eragin zituen, eta atzera bota behar izan zuen. 

Halere, 2010eko legean aldaketa bat txertatzea lortu zuen: 16 eta 17 urteko neskei abortatzeko aukera ematen zien arauak —pazienteen autonomiari buruzko legediak erabakimena aitortzen baitie 16 urtetik gorakoei—, nahiz eta gurasoak edo tutoreak informatzeko beharra ezarri zuen, baina PPren gobernuak ebatzi zuen gurasoen edo tutoreen baimena behar izango zutela adingabe guztiek. 

Aldaketa hori indargabetzeko «lanak abiatuko» ditu orain gobernuak, Monterok iragarri duenez, «ziurtatzeko emakume guztiek dutela beren gorputzaren gainean erabakitzeko eskubidea». Are, 2010eko legea bera moldatuko duela gaineratu du, kontrazepzio «modu eraginkorrenak eta berritzaileenak» eskuratzeko eskubidea ere jasotzeko, eta sexu eta ugalketa hezkuntza sustatzeko, «gizonen eta emakumeen arteko berdintasunerako tresna bihur dadin, baita indarkeria matxisten aurkako txerto ere».

EAJ ados agertu da lege testua 2010eko bertsiora itzultzearekin, ohar bidez adierazi duenez. Dena den, Joseba Andoni Agirretxea diputatua kezkatuta agertu da gainerako lege aldaketek ekar dezakeen eztabaidaz; izan ere, gogora ekarri du «kontsentsu esanguratsuen» ondorioz onartu zela araua, baina ez zela erraza izan haiek erdiestea: «Ez litzaidake oso eraikitzailea irudituko adostasun horiek hautsi ahal izatea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.