Txirrindularitza

Duitamako ortzadarraren 25 urte

Gaur mende laurden bete da Abraham Olanok Munduko Txapelketa irabazi zuenetik Duitaman. Miguel Indurain izan zen bigarren

ainara arratibel gascon
2020ko urriaren 8a
09:29
Entzun

25 urte bete dira gaur bi euskal herritarrek, Abraham Olanok eta Miguel Indurainek, Kolonbiako Duitama herrian historia egin zutela. Munduko txapeldun eta txapeldunorde izan ziren errepideko proban. Bi txirrindulariek azti jokatu zuten: une egokian jo zuen Olanok erasoa, eta Indurainek ondo eutsi zien atzekoei. Horrek eman zien garaipena.

Txirrindulariek 15 itzuli eman behar zizkioten 17,7 kilometroko zirkuitu bati: 265 kilometro. Ibilbideko punturik zailena El Cogolloko mendatea zen, 4,2 kilometro %10eko pendizarekin. Ibilbide egokia orduko Kolonbiako puntako txirrindularientzat: Cacaito Rodriguez, Oscar de Jesus Vargas eta Oiveiro Rincon, esaterako. Haiek, gainera, ohituta zeuden latitude hartan lehiatzera. Indurain eta Olano, hala ere, erlojupekoan munduko txapeldun eta txapeldunorde izanak ziren.

Hain proba luzea izanda, espero zitekeen moduan, hasieratik izan ziren ihes egiteko ahaleginak. Baina lasterketa irabazteko faborito ziren txirrindularien selekzioek kontrolpean zeukaten proba. Hiru ziren hautagai nagusiak: Indurain bera, Marco Pantani eta Cacaito Rodriguez. Itzuliak aurrera joan ahala, lasterketa gogortuz joan zen. Izan ere, euria eta hotza egin zuen egun historiko hartan. Txirrindulari askok utzi zuten lasterketa: 98tik 20k amaitu zuten, hain zuzen ere.

Hain txirrindulari gutxirekin, azken bi itzulietan hasi ziren oilarren arteko erasoak. Espero bezala, Pantani izan zen ahalegintzen lehena. Italiarrak berezkoa zuen jarrera erasokor hori. Baina ez zuen bere asmoa lortu. Indurain ere saiatu zen, azken aurreko jaitsieran. Aurretik zulatu bat izan zuen, baina, bizikleta aldatu, eta saiakera egin zuen. Alferrik izan zen.

Olanok, ordea, lortu zuen. 20 kilometro falta zirenean jo zuen erasoa, azken itzulia hastetik gertu zela. Eskuinaldera joan, eskulekuari ondo eutsi, hortzak estutu, eta aurrera egin zuen. Indurain konturatu zen ahalegin hark arrakasta izan zezakeela. Oraingo honetan berari zegokiola Olanori laguntzea. Anoetakoa indartsu ikusi zuen. Eta hala egin zuen. Jada oso txikia zen tropelaren erritmoa geratu zuen, eta ihesaldi ahalegin posibleak kontrolatu, Olanok bidea egin zezan.

Anoetakoa erlojupeko probetan nabarmendu ohi zen. Hori dela eta, jakitun zegoen erlojupeko proba baten antzekoa zuela aurretik. Dena eman behar zuen falta ziren 17 kilometroetan. El Cogolloko gainetik hamabost segundoko abantailarekin igaro zen. Loria gertu zuen. Jaitsierari ekin zion, dena emanda. Atzeko tropelean Pantani zen ausartena. Jaitsiera izugarria egin zuen. Baina Olanok eskura zuen garaipena. Bi kilometro falta zirenean, ordea, beste ezusteko bat izan zuen. Haren balentria handiagoa egin zuena: gurpila zulatu zitzaion. Baina ezin zen gelditu. Egoera horretan luze egin zitzaizkion azken kilometroak, karranpak ere agertu zitzaizkiolako, baina ausardiak saria izan zuen, Olanok garaipena lortu baitzuen. Bizikletari esku batekin helduta helmugaratu zen, haren kontrola ez galtzeko.

Atzetik, 35 segundora iritsi ziren hiru txirrindulari. Indurainek Pantaniri irabazi zion esprintean, eta euskal txirrindularitzaren balentria biribildu zuen. Hunkigarria izan zen bi txirrindulariek amaieran emandako besarkada. Olanok esker hitzak izan zituen Indurainentzat, atzekoei eusten egindako lanarengatik. "Unerik zailena zulatuarena izan zen, baina jakitun nengoen ezin nintzela gelditu", aitortu zuen amaieran. 25 urterekin, munduko txapeldun zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.