Karabakh Garaia

Karabakh Garaiko biztanleen erdiek etxetik alde egin behar izan dute, borroken ondorioz

Azken orduetan 30 zibil hil izana egotzi dio Azerbaijaneko Armeniari. Genevan bilduko da nazioarteko bitartekaritza taldea.

Armeniako Stepanakert hiriko hainbat etxe suntsituta. PABLO GONZALEZ, EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko urriaren 8a
13:00
Entzun

«Lehen datuen arabera, herritarren erdiek eta emakume eta haurren %90ek ihes egin dute beren etxeetatik», esan du Atak Berglarianek Karabakh Garaiko arartekoak. Stepkanakerten bizi ziren 50.000 lagunetatik oso gutxi geratzen dira hirian; gehienek Armenia aldera egin dute ihes, Azerbaijanen bonbetatik urrun. Irailaren 27an hasitako gerrak 75.000 barne desplazatu inguru eragin dituela uste du Berglarianek.

Karabakh Garaiko agintariek adierazi dute bart gaua «lasaia» izan dela, baina borrokak hasi zirenetik Azerbaijango 4.000 soldadu inguru hil dituztela zabaldu dute, Azerbaijanek, ordea, ez du hildako militarrei buruzko adierazpenik egin, baina egotzi dio Armeniari azken orduetan 30 zibil hil izana bonbardaketetan.

Borrokak etete aldera, nazioarteak Karabakh Garaiko gatazkari buruzko goi bilera egingo du gaur Genevan. Han izango da Azerbaijango Azterri ministro Jeyhun Bayramov ere, ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundeko, AEBetako, Frantziako eta Errusiako ordezkariekin batera. Aldiz, uko egin dio elkarrizketetan parte hartzeari Armeniako Atzerri ministro Zohrab Mnatsakanianek, argudiatuz ezin dela hitz egin «alde batetik bonbardatu eta bestetik negoziazio mahaian esertzen den inorekin».

Turkiak gatazkan duen esku hartzea ere salatu zuen atzo Armeniako presidente Nikol Paxinianek, eta egotzi zion Recep Tayyip Erdoganen gobernuari «Armeniako genozidioa jarraitzea», Karabakh Garaiko gatazkan Azerbaijani babesa emanez -armeniarrak dira Karabakh Garaiko 140.000 herritarretatik gehienak-. Bestalde, Azerbaijanen aurkako borrokak «terrorismoaren aurkako» gerraren baitan sailkatu zituen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.