ZALDIBARKO ZABORTEGIA

Joaquin Beltran topatzeko lanak «eremu berora» iritsiko dira datorren astean

Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du hurrengo ostegunean hasiko dituztela indusketa lanak behargin desagertua azkeneko aldiz ikusi zuten eremuan.

Igor Susaeta.
2020ko urriaren 9a
12:26
Entzun

Alberto Sololuzeren gorpuzkiak, Zaldibarko Verter Recycling zabortegia (Bizkaia) erori zenean desagertu ziren bi beharginetako batenak, joan den abuztuaren erdialdean topatu zituzten. Joaquin Beltran zen, hain zuzen, joan den otsailaren 6an luiziak desagerrarazitako beste langilea, eta oraindik ez dute aurkitu. Baina Josu Erkorekak  gaur goizean nabarmendu duenez, hura topatzeko lanak «etapa erabakigarrian» sartuko dira datorren astean; zabortegiaren «eremu berora» helduko dira, Eusko Jaurlaritzaren oharraren arabera. Izan ere, bilaketa lanetan ari diren ertzainak hurrengo astean hasiko dira lanean Beltran azkenekoz ikusi zuten eremuan, B1-a gisa identifikatutakoan. 15.000 metro kubiko material dira handik ateratzekoak, eta bizpahiru aste beharko dituzte horretarako.

Eusko Jaurlaritzaren lehen lehendakariorde eta Segurtasun sailburuak zehaztu duenez, teknikarien arabera, «lehentasunezko» bi eremuetako bat da hori. B1-a-n topatzen ez badute, haren ondoko B4 eremuan hasiko dituzte bilaketa lanak, azaro hasieran. Beste eremua baino handiagoa da, eta 80.000 metro kubiko material hustu beharko lituzkete beharginek. Erkorekak azpimarratu nahi izan du lanen erritmoa eguraldiak baldintzatuko duela.

Beltran ez badute bi eremu horietako batean topatzen, Jaurlaritzak B1-c eta B1-b eremuak identifikatu ditu. Baina lehen lehendakariordeak adierazi du ez dutela «hipotesi hori» planteatzen; hau da, espero dutela Beltran beste bi eremuetako batean topatzea. B1-c eta B1-b eremuetako lanei 2021eko urtarrilean ekingo liekete, azkenean beharrezkoak izanez gero. 

Jaurlaritzaren lehen lehendakariordearen arabera, lan tekniko «korapilatsua eta zaila» izango da. Halere, baikor agertu da hedabideen aurrean. «Baina baliabide teknikoak ditugu, baita ezagutza ere, arrakastaz egiteko».

Erkorekarekin batera, Arantxa Tapia Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak parte hartu du zabortegiaren beheko aldean, N-634 errepidearen alboan, egindako agerraldian. Han daude, hain zuzen, bilaketa lanean dabiltzan beharginentzako etxolak. Tapiak «emergentziazko lanen oinarrizko kanpalekua» deitu dio guneari. 

«Faktura» pasatuko diote Verterri.

Kazetarien galderen txanda iritsi denean, Tapiak behin baino gehiagotan errepikatu du Jaurlaritza «subsidiarioki» ari dela bilaketa eta «egonkortze» lanak egiten, baina hori Verterren ardura izan beharko litzatekeela. Erkorekaren arabera, behin lanak amaituta pasatuko diote «faktura» zabortegiaren jabeari. Ez du esan nahi izan, ordea, ea oraingoz zenbat milioi eurokoa den. «Milioi dezentekoa» adierazi du Tapiak. Haren esanetan, ordea, Beltran topatzea da orain «helburua».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.