Indarkeria matxista

Bangladeshek heriotza zigorra onartu du, bortxatzaileentzat

Joan den astelehenetik, protesta jendetsuak izan dira egunero, indarkeria matxistaren kontrako neurri eraginkorrak eskatzeko.

Indarkeria matxistaren kotrako neurri eraginkorrak eskatzeko manifestazio bat, joan den larunbatean, Dhakan. MONIRUL ALMA, EFE
Erredakzioa
2020ko urriaren 12a
16:31
Entzun

Bortxaketagatik kondenatuak direnei heriotza zigorra ezarri ahal izango diete Bangladeshko epaileek. Gobernuak eman du horretarako bidea. Heriotza zigorra onartu du, gaur, bortxaketagatik errudun epaituak direnentzat. Mobilizazio jendetsuak egiten ari diren testuinguru batean hartu du erabakia gobernuak. Joan den aste osoan, milaka herritar irten dira egunero protestara, talde bortxaketa baten bideoak eragin duen suminaren ondorioz. Manifestariek salatu dute agintariek ez dutela hartu indarkeria matxistari aurre egiteko neurri eraginkorrik.

Gobernuaren erabakia bihar sartuko da indarrean, Anisul Haque Justizia ministroak jakinarazi duenez. «Emakumeen eta Haurren Kontrako Krudelkeriaren Legea zuzentzeko proposamena onartu du kabineteak, eta bortxaketagatik ezarritako zigorra heriotzara edo bizi guztiko espetxera gogortuko du. Aurrekoak bizi guztiko espetxealdia aurreikusten zuen bakarrik».

Gobernuaren aldaketaren aurretik, legeak heriotza zigorra jasotzen zuen baldin eta erasotzaileak biktima hiltzen bazuen.

Hilaren 4an, emakume baten bortxaketaren bideoa hedatu zen sare sozialetan. Talde bortxaketa baten grabazioa zen. Erasoak haserrea eragin du gizartean, eta, aurreko astelehenaz geroztik, manifestazio jendetsuak izan dira egunero Bangladeshen, indarkeria matxistaren kontrako neurri eraginkorrak eskatzeko.

Gobernuak iragarritako neurriak ez ditu desagerrarazi protestak. Eragile batzuek adierazi dute ez dutela inorentzako heriotza zigorra eskatzen. «Biktima guztientzako justizia eskatzen dugu», adierazi dio Arif Noor Udichi kultur taldeko kideak Efe albiste agentziari.

Bangaldeshen, 975 emakume bortxatu dituzte aurten, urtarriletik irailera bitartean, Ain O Salish Kendra giza eskubideen aldeko elkartearen arabera. Horietatik 208 taldean bortxatu zituzten. 43 bortxatzaileek eragindako zauri fisikoen ondorioz hil ziren, eta hamabik bere buruaz beste egin zuten.

Amnesty Internationalek, berriz, salatu du 2001etik Emakumeen eta Haurren Kontrako Krudelkeriaren Legearen babesean aurkeztu diren salaketen %3,5ek bakarrik izan duela sententzia bat, eta kasuen %0,37etan izan zela zigor bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.