Energia nuklearra

Tokiok milioi bat tona ur erradioaktibo botako ditu itsasora

Fukushiman hondamendia eragin zuen zentral atomikoaren nukleoak hozteko erabili duten ura Ozeano Barera botatzeko erabakia hilaren amaieran iragarriko dute ofizialki, Kyodo agentziaren arabera. Arrantzaleek protesta egin dute.

Fukushimako ur erradioaktiboa itsasora botatzeko asmoen kontrako protesta bat, Seulen (Hego Korea), aurtengo maiatzean. YONHAP / EFE
Edu Lartzanguren.
2020ko urriaren 16a
09:58
Entzun

Urriaren amaierako erabakiko du Japoniako Gobernuak Fukushima Daiichi zentral nuklearrean pilatua duen ur erradioaktibotik milioi bat tona itsasora botatzea, herrialdeko Kyodo albiste agentziak zabaldu duenez.

Tokio urte luzez ibili da pentsatzen zer egin hondamendia eragin zuen zentralean pilaturiko ur kutsatuarekin. Irailerako, 1,23 milioi tona ur erradioaktibo zeuden bilduta 1.044 biltegitan. Egunero, beste 150-170 tona pilatzen dira. Adituek kalkulatu dutenez, pilatzeko leku guztia beteta egongo da 2022ko udarako.

Albisteak Japoniako arrantzaleen haserrea piztu du berriz ere, erabakiak arriskuan jartzen duelako euren bizimodua, uste baitute herritarrek ez dituztela euren arrainak erosi nahiko, kutsaduraren beldur.

Iazko irailean, mundua asaldatu zuen Japoniako Gobernuak, aukera hori aztertzen ari zela plazaratu zuenean.

Fukushima prefekturako Daiichi (Bat) zentral nuklearrean gertatu zen historiako istripu nuklearrik larrienetan bigarrena, 2011ko martxoaren 11n. Egun hartan, Japonian inoiz neurturiko lurrikararik handienak 40,5 metrorainoko olatuak sortu zituen itsasoan. Lurrikararen eraginez, zentral nuklearra kanpoko argindarrik gabe geratu zen. Handik minutu gutxira, olatuek suntsitu egin zituzten larrialdietarako sorgailuak. Ondorioz, erreaktoreak hozteko erabilitako ur ponpak itzali egin ziren, eta nukleoak urtu egin ziren zentraleko lau erreaktoreetatik hirutan. Hidrogeno leherketek hiru erreaktoreon eraikinak suntsitu zituzten, eta kutsadura erradioaktiboa barreiatu egin zen hurrengo egunetan.

Oraindik ere egunero 170 bat tona ur bota behar dute erreaktoreen hondakinen gainera, erregai urtua hozteko, eta leherketa larriagorik izan ez dadin. Ur hori gai erradioaktiboz kutsaturik dago, eta zentralean bertan pilatzen ari dira, ehunka biltegi handitan, harekin zer egin asmatu arte.

Ura itsasora botatzearen hainbat defendatzaileren arabera, tritioa besterik ez dago ur horretan. Hidrogenoaren isotopo bat da tritioa, eta ez da estrontzioa edo plutonioa bezain arriskutsua. Baina ekologistek ohartarazi dute urotan estrontzio-90a, iodo-129a eta beste erradionukleido batzuk daudela, itsasora botatzeko mugetatik goiti.

Teorian, zentrala kudeatzen duen Tepco konpainiak onartu du prozesaturiko uraren %80k (750.000 metro kubo orduan) ehun aldiz gainditzen duela segurtasun arauek baimentzen duten kutsadura maila, eta hainbat ur biltegik, 20.000 aldiz.

Tritio erradioaktiboaren zati bat organikoki lot daiteke bizidunetan, eta, horren bidez, animalien eta gizakien zelulei.

Beraz, arazoak zerikusi zuzena du diruarekin, eta hala da hasieratik, Fukushimako Daiichiren kasuan. Zentrala itsas maila baino 35 metro gorago eraikitzeko planifikatu zuten, baina, eraikitzen hasi aurretik, 1960ko hamarkadaren amaieran, maila hori 10 metroan utzi zuten, askoz merkeago aterako litzaiekeelako gero erreaktoreak hozteko itsasoko ura altuera txikiagora ponpatzea. Horrez gain, hamalau metro beherago jarri zituzten ponpa horiek larrialdi batean mugitzeko diesel sorgailuak. Tsunamiaren hamalau metroko olatuak dena hartu eta suntsitu zuen. Gaur ere, lurpeko ura sartzen da oraindik erreaktore suntsituetan, altuera txiki horrengatik.

Kalkulatu dute ur kutsatua tratatzea 36.000 milioi euro kostatuko dela. Ekonomia Ikertzeko Japoniako Institutuak eginiko aurreikuspenak betetzen badira, historiako istripu industrialik garestiena izango da Fukushimakoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.