Jose Ramon Etxebarriari emango diote Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona saria

Etxebarriak euskararen normalizaziorako zientzietako goi mailako hezkuntzan egindako ekarpena, euskal kulturarekiko konpromisoa eta bere obraren dibulgazioa saritu ditu Eusko Ikaskuntzak.

Jose Ramon Etxebarria, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2020ko urriaren 16a
11:00
Entzun

Jose Ramon Etxebarriak (Gernika, Bizkaia, 1948) jasoko du Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona saria. Sariaren bidez, Etxebarriari aitortu nahi diote euskararen normalizazioan zientzietako goi mailako hezkuntzan egindako ekarpen «zabala», euskal kulturarekiko duen «konpromiso adierazgarria» eta bere obraren dibulgazioa.

Etxebarriak Industria Ingeniaritza ikasi zuen Bilboko Ingeniaritza Goi Eskolan, eta 1987an doktoratu zen EHUn. 1973an Udako Euskal Unibertsitatearen sortzaileetako bat izan zen, eta bertako irakaslea ere izan zen. Eskolak eman ditu EHUko Bilboko Unibertsitateko Zientzia Fakultatean eta Ingeniaritza Goi eskolan ere.

Irakaskuntzan ez ezik, zientziarekin eta teknologiarekin lotutako testuak euskaraz lantzen ere aritu da Etxebarria. Ildo horretan, Eusko Ikaskuntzak Manuel Lekuona saria emateko kontuan hartu du unibertsitateko ikerketan eta irakaskuntzan euskararen normalizazioari egindako «ekarpen garrantzitsua»: «Komunitate zientifikoarentzat lexikografia ezarri du, komunikazio globalaren teknologia berrien laguntzaz», azaldu du Eusko Ikaskuntzak.

Ibilbide zabala izan du idazle gisa ere. Hemezortzi liburu eta 22 libururen kapituluak idatzi ditu gutxienez, baita zientziari eta kulturari buruzko ehunka artikulu ere, batez ere Anaitasuna aldizkarian. Itzulpengintza eta hezkuntza eta dibulgazio liburuen edizioa ere landu ditu, eta, 2018an erretiroa hartu zuenetik, wikilari gisa aritu da fisikaren arloan. 2006tik euskaltzain urgazlea ere bada Etxebarria, eta 2011n CAF-Elhuyar sarietan Merezimenduzko saria jaso zuen.

Eusko Ikaskuntzak oraindik ez du zehaztu saria non eta noiz emango duten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.