Pasaiako portua

Joakin Telleria Pasaiako Portuko zuzendari izendatu dute

Zuzendari karguak izan ditu Jaurlaritzan, eta Donostiako Teknologia Parkeko zuzendari nagusia izan zen. Telleria izendatuta, gobernuak buelta eman nahi dio portuko zuzendaritzan azken urteetan egondako ezegonkortasunari.

Joakin Telleria. IREKIA
jokin sagarzazu
2020ko urriaren 16a
12:37
Entzun

Joakin Telleria Agirrezabala izendatu du Eusko Jaurlaritzak Pasaiako Portuko Agintaritzako presidente, Felix Gartziandiaren ordez. Gartziandiak uztailaren 30ean dimisioa eman zuen, kargua hartu eta bi urte eskasera. «Gobernurako eta kudeaketarako autonomia falta nabarmena» argudiatu zuen, eta «konfiantzazko talde bat eratzeko laguntza falta».

Telleriaren izendatuta, Jaurlaritzak buelta eman nahi dio Pasaiako Portuko zuzendaritzan azken urteetan egondako ezegonkortasunari. Enpresa publikoetan eskarmentu handikoa da Telleria.

Administrazioko karrerako funtzionarioa da. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Industria sailetako Zerbitzu Orokorretako zuzendaria izan zen 1999tik 2001era eta 2001etik 2003ra, hurrenez hurren. Eta Donostiako Teknologia Parkeko zuzendari nagusia, 2009ra arte.

Kargu hori hartu aurretik, hilabete batzuez EAJko zinegotzi izan zen Donostiako Udalean. Azken urteetan Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen Saileko Gipuzkoako ordezkaria izan da.

Beste ardura batzuen artean, Eusko Jaurlaritzako Ogasun Saileko Baliabide Orokorretako zuzendaria ere izan da, eta zenbait enpresa publikotan kontseilari, hala nola Euskotrenen eta Donostiako autobusen udal konpainian.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.