Korrika

«2022. urtean indar handiagoz itzuliko da Korrika»

Hainbat izan dira goizean antolatzaileek emandako berriari erantzun dioten euskalgintzako eragileak eta pertsonak. Korrika atzeratzeak tristura eragin du, baina babes handia jaso du AEK-k. Umorez hartu duenik ere izan da.

Paulo Ostolaza.
2020ko urriaren 16a
17:12
Entzun

Korrika atzeratu izanak erantzun uholdea eragin du sare sozialetan. Hainbat izan dira AEK-k hartutako erabakiaz euren iritzia plazaratu duten erabiltzaileak, hainbat ikuspuntutatik, baina erabateko babesa jaso du 2022. urtera arte Korrika ez egiteko hautuak. Batzuek tristura erakutsi dute, beste batzuek animoak helarazi dizkiete antolatzaileei,  2022. urtera begira jarri dira hainbat, eta albistea umorez hartu duenik ere izan da.

Batetik, ordezkari politikoek erakutsi diote euren babesa Korrikari. Iaz, Gasteizen amaitu zen ibilbidea, eta hango alkate Gorka Urtaran izan da albisteari erantzun diotenetako bat: «2022an ere, #Korrika ongi etorria izango da Gasteiza. Eutsi! #VitoriaGasteiz», txiokatu du alkate jeltzaleak. EH Bilduri dagokionez, Ikoitz Arrese legebiltzarkide eta hezkuntza idazkaria izan da idatzi dutenetako bat. Hark Urtaranek bezala, 2022. urteko Korrikari egin dio erreferentzia: «Zeinen ederra izango den!».

Mezu pertsonalagoa eskaini dio albisteari EH Bilduren Gasteizko zinegotzi Miren Larrionek. Korrikak hari eskaini diona izan du hizpide politikariak. Barreak, izerdiak, aldapak, laguntzak eta, batez ere, «komunitatearen indarra» aipatu ditu.

Bestetik, euskalgintzako erakunde nabarmen batzuek ere babestu dute AEK. Gaurko agerraldian, Korrikaren faltan, euskararen aldeko egitasmoen babesa berretsi dute AEKko ordezkariek, eta, besteak beste, Euskaraldian parte hartzeko deia egin diete herritarrei. Gure Esku-k «Korrikarik gabe bada ere» euskararen alde lasterka jarraitzearen aldeko mezua zabaldu du. Euskararen normalizaziorako Kontseiluak, berriz, azaldu du erabakia onartzea eta barneratzea «zaila» dela, Korrikak euskalgintzari «asko» eman diola nabarmenduz.  

Euriak, elurrak eta haizeak sekula lortu ez dutena COVID-19ak eragin duela azpimarratu du Udalbiltzak: Korrika geratzea. Halere, «zentzuzkotzat» jo dute AEKren erabakia, «kolpe gogorra» izan arren. Hala, 2022. urteko Korrikari begira jarri dira hainbat elkarte. Euskaltzaleen Topaguneak, esaterako, uste du «inoiz baino indartsuago» itzuliko dela. Erakunde guztiek ere elkartasuna adierazi diote AEKri.

Euskalgintzako erakundeek ez ezik, pertsona esanguratsuek ere eman dute euren iritzia. Unai Iturriaga bertsolariak, adibidez, pena erakutsi du: «Ezin denean ezin da baina pena... Animo @AEK_eus !». Ilaski Serrano telebistako aurkezleak, berriz, eskerrak eman nahi izan dizkie antolatzaileei:

Hasier Arraizek, berriz, bakoitzak bere alea jartzearen aldeko proposamena egin du: «2021. urtean Korrika egiterik ez badago, agian guztiok batera ez, baina gutako bakoitzak euskararen alde korrika egin behar izango du». Izan ere, euskarak «gure arnasa» behar duela nabarmendu du, eta AEK-k, «gure babesa». Josu Goikoetxeak, berriz, Korrikak euskararen sustapenera bidean AEKrentzat duen garrantzi ekonomikoa ere azpimarratu du, euskararen aldeko dinamikaren ikusgarritasuna eta mobilizazio gaitasunaz haratago.

Halakoetan ere izaten da, ordea, umorerako tartea. Eta halaxe erantzun dute, besteak beste, Jon Plazaola aktoreak eta Antton Telleria irratiko esatari eta telebistako aurkezleak. Konpromisoa hartu du bigarrenak: «@AEK_eus-ren erabakia babeste aldera, nik ere ez dut korrikarik egingo 2022ra arte».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.