Tolosalderako ospitale publikoa eskatu dute

Asuncion klinikako agerraldia «kudeaketa ereduaren ondorio» dela salatzeko protesta egin dute Tolosan.

Herritar talde batek eta Asuncion klinikako langile talde batek deitutako manifestazioa, gaur eguerdian, Tolosako kaleak zeharkatzen. IDOIA ZABALETA / FOKU
Ane Eslava.
2020ko urriaren 17a
17:04
Entzun

Osasun sistema publikoaren aldeko aldarria ez da berria Tolosaldean (Gipuzkoa), baina azken egunetan Asuncion klinikan 42 COVID-19 kasu atzeman izanak  eta ospitalea itxi behar izanak areagotu dute kezka eta haserrea. Gaur eguerdian, hainbat herritar eta langilek deitutako manifestazio jendetsu batek Tolosa erdigunea zeharkatu du, «kalitatezko osasun publikoa» eskatzeko.

Asuncion klinika pribatua da, baina, Osakidetzarekin duen hitzarmen baten bidez, zerbitzu publikoa eskaintzen du. Tolosaldeko, Andoaingo eta Legorretako bizilagunak artatzen dituzte han; horietako asko, ordea, ez daude eredu horrekin ados.

Protestan, «kudeaketa eredu pribatuari eta osasun sistema kaxkarrari» egotzi diete klinikan izandako kutsatzeak. Manifestarien esanetan, «ez da kasualitatea» agerraldia Asuncion klinikan gertatu izana. «Asuncion klinikaren itxiera Tolosaldeko osasun zerbitzu eskasaren ondorio da: administrazio publikoak klinikarekiko duen esku hartze eta kontrol ezaren ondorio. Urtetako murrizketen politikaren ondorioak azaleratu ditu pandemiak», adierazi dute manifestazioaren amaieran. Tolosan gertatutakoa «beste inon» gertatu gabekoa dela salatu dute, eta «gainerako eskualdeen pareko» izan nahi dutela adierazi dute.

ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariak ere izan dira protestan, eta antzeko aldarriak plazaratu dituzte. ELAko Marian Etxeberriak azpimarratu du Tolosaldeak ere behar duela eskualdeko ospitalea, «gainerakoek bezala». LABeko Marian Etxeberriak, berriz, sistema publikoaren garrantzia nabarmendu du: «Aspalditik ari gara publiko egiteko eskatzen». Ordezkari politikoen artean, Ahal Duguko Pilar Garridok kritikatu du «osasun sistema publikoan gabeziak izateak» Tolosakoa bezalako arazoak sortzen dituela. 

Ospitalerako kokaleku bila

Eskualdeko udal gehienek babestu dute manifestazioa; ez, ordea, Tolosakoak. Olatz Peon alkateak ohar batean adierazi du kasuen gorakadak ez duela zerikusirik klinikaren kudeaketa ereduarekin. Hala eta guztiz ere, gertatutakoaren «arrazoiak aztertuko dituztela» eta Eusko Jaurlaritzari «neurri gehiago exijituko» dizkietela ziurtatu du, eta iragarri du dagoeneko ari direla ospitale publikoarentzako kokaleku baten bila. Osasun Sailarekin bilera bat egingo dute «aurki», gaiari heltzeko eta ospitalea eraikitzeko «bide orria definitzeko».

Iragarpen horrekin pozik agertu dira manifestariak, baina udalari galdetu diote zergatik, eskualdeko osasun arreta «ezin hobea» dela defendatzen aritu ondoren, bat-batean, ospitalea eraikitzearen alde egin duen. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.