TXIRRINDULARITZA

Lidertza sendotu du Almeidak

Ganna nagusitu da Giroko erlojupeko luzean, eta Almeida liderrak handitu egin ditu aldeak. Keldermanek eta McNultyk ere etekina atera diote bakarkako saioari. Hainbestean aritu da Bilbao, eta hirugarren jarraitzen du

jarraia188465.jpg
enaut agirrebengoa
2020ko urriaren 17a
17:44
Entzun

Giroa hasi aurretik, inor gutxik jotzen zuen garaipenerako hautagaitzat Joao Almeida (Deceuninck). Ordea, arrosaz jantzi zen Etnan, hirugarren etapan, eta tinko eutsi dio ordutik. Bada, gaur are gehiago urrundu ditu aurkariak, 34 kilometroko erlojupekoan. Bakarkako saioak alde handiak eragin ditu mendateen aldean: portugaldarrak 1.22 atera dio Pello Bilbaori (Bahrain), 1.23 Vincenzo Nibaliri (Trek), 1.30 Domenico Pozzovivori (NTT) eta 1.42 Jakob Fuglsangi (Astana). Gertuago izan du Wilco Kelderman (Sunweb), hamasei segundo eskasera. Herbeheretarrak bigarren jarraitzen du nagusian, 56 segundora. Bilbao lehen erlojupekoan baino okerrago aritu da, baina eutsi egin dio hirugarren postuari. Lidertza 2.11ra urrundu zaio, ordea.

Jonathan Castroviejo izan da euskaldunik onena; 8. bukatu du, 1.44ra. Etapa, nola ez, getxoztarraren taldekide Filippo Gannak (Ineos) irabazi du. Oraintxe ez du parekorik bakarkako lanean, eta horren erakusgarri izan da gaur eman duen erakustaldia. Distantzia oso egokia zen harentzat. Zailtasunik handiena, lehen zatian zegoen kilometro bateko aldapa tentea zen –%12,3ko pendiza zuen bataz beste–. Edonola, italiarrak igotzen ere badaki, eta denborarik onena ezarri du mugarri horretan; baita gainontzekoetan ere. 42.40an gelditu du kronometroa, eta haren markak bukaeraraino iraun du indarrean. Hala, itzuli handi batean ortzadarrarekin bi erlojupeko irabazten dituen bigarren ziklista bihurtu da. Lehena Fabian Cancellara izan zen, 2010eko Tourrean.

Bigarren Rohan Dennis (Ineos) izan da, Gannarengandik 26 segundora. Eta hirugarren, eguneko ezusteko nagusia: Brandon McNulty (UAE). Erlojupeko harrigarria egin du, eta garaipena 1.09ra gelditu zaion arren, gainontzeko hautagaien oso gainetik izan da. Esaterako, Bilbaori 1.44 atera dio. Hala, zazpi postu igo ditu sailkapen nagusian, eta laugarren jarri, gernikarrarengandik 12 segundo eskasera. Bosgarren Nibali dago, 2.30era; seigarren Rafal Majka (Bora), 2.33ra, eta atzerapen bera du pilatua Pozzovivok, sailkapeneko zazpigarrenak. Pozik izateko moduan da italiarra, ez baitu galera gehiegizkorik izan gaur. Fuglsang aritu da makalen faboritoen artean, eta hamabigarren postura egin du atzera. Lidertza 4.08ra du jada.

Almeidak suzko probatzat du joa biharko etapa, eta konfiantzaz gainezka helduko dio, gaur lidertza sendotu eta gero. Txirrindulariek lau mendate igo beharko dituzte 185 kilometrotan: bigarren mailako hiru, eta bukaerako Piancavallo, lehen mailakoa (14,3 kilometro eta %7,9ko pendiza). Hortzak estutzeko eguna izango da, azkeneko atseden egunaren aurretik. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.