Konponbideari begira

«Gogorrago jokatzea» erabaki dute bakegileek

Batzarra egin zuten larunbatean, eta «mobilizazio ziklo determinatu eta iraunkor bat» bultzatzea erabaki zuten. Abenduaren 19an izanen da lehen egitasmoa, Luhusoko operazioaren laugarren urteurrenean: euskal presoen aldeko desobedientzia zibileko egitasmo batera deitu dute, «masiboa eta determinatua».

Desobedintzia ekintza partehartzailea egin zuten irailaren 19an. BOB EDME
Ekhi Erremundegi Beloki.
2020ko urriaren 19a
12:33
Entzun

Irailaren 19an, euskal presoen aldeko ekintza desobediente eta parte hartzaile bat antolatu zuten bakegileek Baionan. Suprefeturako sarrera adreiluzko pareta batekin estali zuten, Frantziak gatazkaren konponbideari jarri dion «blokeoa» salatzeko. Larunbatean, Aieteko Nazioarteko Konferentziaren urteurrena kari, 60 pertsona bildu ziren Bakegileek deitutako biltzar berezi batean, horien artean erakundeetako ordezkari eta hautetsiak, irailaren 19ko mobilizazio egunaren biharamunean «eraiki beharreko ekimen berriak» elkarrekin zehazteko.

«Beti erran izan dugu, eta erakutsi dugu, presoen auzia guztiz lotua dela biktimenarekin, edozein dela ere. Istorio bereko bi adierazpen krudel dira, elkarbizitzara ekarri behar direnak», adierazi dute Bakegileek, ohar batean. Baina gaur egun «presoen dosierraren blokeoak» bakearen eta elkarbizitzaren bidea «oztopatzen» dutela uste dute. ETAren jarduera armatuaren bukaeraren, «erabateko eta baldintzarik gabeko» armagabetzearen, eta desegitea ekarri duen hamar urteko aldebakarreko bidearen ondotik, «estatuek ez dute erronkei aurre egiteko erantzunik ematen», haien hitzetan. «Botere publikoak prozesuan sartzeko garaia da. Batzuen eta besteen urratsek emango dute modua aurrera egiteko».

Larunbateko batzarrean bildu zirenen ustez, gaur egungo mobilizazio dinamika «ez da aski» Parisen «entzunarazia» izateko. Hala, tailerretan bildu eta lanean aritu ziren «gure interpelazio eremua zabaltzeko, ekimen diplomatiko, pedagogiko eta mobilizazio modu berrien bidez». Ondorioa honako hau da: «gogorrago» jokatzea erabaki dute. «Ez bakarrik Euskal Herrian, harago ere, Euskal Herrian konpondu nahi dugun gaia gai unibertsala baita. Ekintza diplomatiko, pedagogiko eta politikoek iraun behar badute, badirudi mobilizazio modu berriak martxan ezarri behar direla».

Bakegileen biltzarrak mobilizazio ziklo «determinatu eta iraunkor bat» bultzatzea erabaki duela iragarri dute, halaber, eta adierazi dute hurrengo hilabeteetan «handituz» joanen dela, «euskal presoek pairatzen duten blokeo politikoa eta salbuespenezko neurriak bukatu arte». Abenduaren 19an izanen da lehena, Luhusoko (Lapurdi) operazioaren 4. urteurrena dela eta. Euskal presoen aldeko desobedientzia zibileko egitasmo batera deitu dute. Egitasmo hori «masiboa eta determinatua» izango dela erran dute, eta bakegileen dinamika hasieratik animatzen duten ezaugarriak izanen dituela: filosofia baketsua, pertsonen errespetua eta pluraltasuna.

Herritarrei dei egin diete ekintzan parte hartzeko: «Ehunka boluntario beharko ditugu ekintza indartsu eta desobediente horretan parte hartzeko, egun osoa eskaintzeko prest egongo direnak, eta gehiago ere». Urtarrilaren 9rako beste mobilizazio bat dute aurreikusia. Orduei eta beharrezkoak izanen diren ekipamenduei buruzko xehetasunak emanen dituzte laster.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.