Bolivia

Arcek %47ko babesa du, botoen ia erdiak kontatuta

Mesak «garaipen sendoa» aitortu dio MASen hautagaiari. Moralesek ospatu egin du «herriaren nahia» nagusitu izana, eta esan du Boliviara itzultzeko asmoa duela.

MASen jarraitzaileek garaipena ospatu dute La Pazen. MARTIN ALIPAZ / EFE
2020ko urriaren 20a
08:44
Entzun

Urtea betetzear da Evo Moralesen MAS Sozialismorako Mugimendua boteretik kendu zutela, eta, igandeko hauteskunde orokorretako botoen ia %48 zenbatuta, alderdia Boliviako Gobernura itzuliko da datorren legealdian. Datu ofizialen arabera, Luis Arce presidentegaiak botoen %46,96 lortu ditu oraingoz. Ez du, oraingoz, %50eko langa igaro, baina botoen %40 baino gehiago eskuratuta eta bigarrenari hamar punturen aldea aterata, lehen itzulian irabaziko luke.

CC Komunitate Herritarrak botoen %34,13 ditu, eta Creemos hautagaitzak, berriz, %16,81. Hauteslekuetan egindako inkesten arabera, MASeko hautagaiak %52ko babesa izango luke. Emaitzak motel ari dira iristen, baina Carlos Mesa CCren hautagaiak berak Twitter bidez aitortu zuen Arceren garaipena, atzo.

Arce baikor agertu, eta «demokrazia berreskuratzen» ari zirela berretsi zuen, inkesten aurreikuspenak ontzat emanez: «Demokrazia berreskuratu dugu, baita itxaropena ere. Boliviar guztientzat aginduko dugu, eta batasun nazionaleko gobernu bat eraikiko».

Hauteskundeen Auzitegi Gorenak aitortu du arazoak izan dituztela botoak zenbatzean, eta adierazi dute hauteskunde hauetan bizi izandakoa «lezio garrantzitsua» izango dela haientzat, Salvador Romero presidentearen esanetan.

Romerok berak adierazi du presidenteak, presidenteordeak eta gobernuko gainontzeko kideek azaroko lehen bi asteetan hartuko dutela kargua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.