ETA-ren amaiera

Biktimak izan dituzte hizpide ETAren jardueraren amaieraren urteurrenean

Jaurlaritzaren ustez, «indarkeria argitzea» eta «erreparazioa» dira aurrera begira egin beharreko urratsak.

AVTko kideak eta Rodriguez Ranz, gaur, Donostian. BERRIA
gotzon hermosilla
2020ko urriaren 20a
18:19
Entzun

Bederatzi urte bete dira ETAk bere jarduera armatuaren amaiera iragarri zuenetik. 2011ko urriaren 20an izan zen hori. Geroztik, ETAk armagabetze prozesu luze bati ekin zion, 2017ko apirilaren 8an azken bururaino iritsi zena, eta 2018ko maiatzaren 3an desegin zen. Euskal Herriko eta Espainiako eragile ugarik adierazpenak egin dituzte urteurrenaren harira; gehienek biktimak izan dituzte gogoan, eta beste zenbaitek aurrera begira egin beharreko urratsak ere aipatu dituzte.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiriak esan du ETAren egiturak bertan behera uzteko prozesua «oso denbora laburrean» egin zela, eta hori «positiboa» eta «beste prozesu batzuetarako eredugarria» suertatu zela, baina oraindik badagoela zer konpondu: zehazki, «herri honek pairatu duen indarkeria argitzea» eta «jasandako minagatik biktimei eman beharreko erreparazioa».

PSE-EEren idazkari nagusi Idoia Mendiak esan du ETAren bukaera hari «aurre» egin ziotenen «meritua» dela, eta Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernua, Patxi Lopezena, Espainiako segurtasun indarrak, Espainiako justizia eta nazioarteko kooperazioa aipatu ditu beren-beregi, «nahiz eta batzuk egia okertzen saiatu».

AVT biktimen elkarteak jardunaldiak egin ditu Donostian, eta han, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetza idazkari nagusi Jose Antonio Rodriguez Ranzek berretsi egin du «eskubideen urraketa bakoitzaren aurrean begiak ez ixteko eta pertsona guztien eskubide guztiak defendatzeko konpromisoa». Jardunaldi horietan, AVTko presidente Maite Araluzek esan du «kontakizuna» osatzerakoan biktimena dela «balio duen egia bakarra»..

Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezek esan du ETAren amaieraren ostean Espainiak aurrerapausoa egin zuela «adiskidetzea, bizikidetza eta adostasuna» lortzeko bidean. Barne ministro Fernando Grande-Marlaskak, berriz, esan du ETA «demokraziak eta zuzenbide estatuak» garaitu zutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.