Indurainek aitortu du Nafarroako osasun sistema egoera «zail baten atarian» dagoela

1.186 positibo atzeman dituzte azken orduetan Hego Euskal Herrian. Azken astebetean 74 pertsona hil dira Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan.

Santos Indurain, Lizarrako Garcia Orkoien ospitalera bisita egiten, abuztuan. IñIGO URIZ / FOKU
jon olano
2020ko urriaren 21a
12:51
Entzun

Beste 1.186 positibo atzeman dituzte azken 24 orduetan Hego Euskal Herrian, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak zabaldutako datuen arabera. Gipuzkoa da positibo gehien izan dituen lurraldea, 377 PCR probak eman baitute positibo; bezperan baino 73 gehiagok. Gipuzkoako kutsatze tasa 500 kasutik gora jarri zen atzo, eta hazi egin da azken orduetan: 533 dira orain.

Nafarroan, nabarmen egin du behera kopuruak: atzo 367 izan ziren, bezperan baino 211 gutxiago. Bizkaian, berriz, beste 342 pertsonak eman dute positibo; asteartean baino 77 gehiagok. Araban ere hazi da kutsatuen kopurua, bezperako datuarekin alderatuta: 85 izan dira azken 24 orduetan, eta 55 bezperan.

14.542 PCR proba egin zituzten atzo Hego Euskal Herrian, eta, datu horiekin, positibo tasa %8,1koa da.

Gainera, hildako kopuruaren datuak ere eman dituzte bi administrazioek. Azken orduetan zortzi pertsona hil direla jakinarazi du Nafarroako Gobernuak, eta astebetean, 30. Jaurlaritzak, berriz, azken astebetean hildakoen kopurua eman du: 44 izan dira. Beraz, 74 pertsona hil dira azken zazpi egunetan koronabirusak jota lau herrialdeetan. Euskal Herri osoan 70 pertsona hil ziren aurreko astean.

642 paziente daude ospitaleratuta, eta 97 zainketa intentsiboen unitatean. Nafarroan, zehazki, 38 daude ZIUetan, eta Santos Indurain Osasun kontseilariak aitortu du datu «kezkagarriak» direla: «Detekzio gaitasunaz harago, datuek Nafarroako osasun sistema kokatzen dute egoera delikatu baten atarian».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.